DESKOLONIZAZIOA

Kaledonia Berriko autodeterminazio erreferenduma urriaren 4ra atzeratu dute

Irailaren 6an egitekoak ziren galdeketa. Bozketa behatzeko zailtasunak izan ditzaketela-eta proposatu du Edouard Philippek data berria.

FLNKS koalizio independentistaren ekitaldi bat. FLNKS
jon olano
2020ko maiatzaren 30a
14:37
Entzun

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak ohar batean jakinarazi duenez, Thierry Santa Kaledonia Berriko Gobernuko presidenteari eta Rock Wamytan kongresuko presidenteari idatzi die, bigarren erreferenduma urriaren 4ra gibelatzea proposatzeko. Haren esanetan, bozketaren ikuskaritza gauzatzeko arazoak izango dira data atzeratu ezean, ezin baitute bermatu denbora nahikoa izango dutenik behatzaile lanetan aritzeko jaso dituzten 250 eskariak aztertu, Kaledonia Berrira eraman eta hiru asteko berrogeialdia betetzeko.

Irailaren 6ko independentzia erreferendumaren kanpaina behar bezala egiteko bermerik ez dagoelakoan, Kaledoniar Batasuna alderdi independentistak (UC) eta Kaledonia Elkarrekin indar loialistak (CE) Edouard Philippe Frantziako lehen ministroari eskatu zioten data hori hilabete eta erdi atzeratzeko, zehazki urriaren 25era.

Eguna aldatzeari buruzko iritzia aho batezkoa da independentisten artean, eta Nazio Askapenerako Fronte Sozialista Kanaka koalizioak joan den asteko bilkuran hartu zuen ofizialki jarrera hori.

Pazifikoko kolonia frantziarra da Kaledonia Berria; 1999 arte TOM estatusa izan zuen (itsasoz haraindiko lurraldea), baina orain subiranotasun partekatuko lurraldea da —Frantziaren mende dauden kolonietan estatus hori duen bakarra da—.

 2018ko irailean egin zuten deskolonizazio prozesuko lehen independentzia erreferenduma, eta ezezkoa gailendu zen, botoen %56,67rekin. 1998ko Noumeako Akordioak —itun politiko bat— hiru galdeketa aurreikusten ditu, eta, hortaz, aurtengoan ere Frantziaren parte izatearen aldeko jarrera gailenduko balitz, 2022an hirugarren erreferenduma egingo lukete, prozesuko azkena.

Duela bi urteko galdeketa galdu zuten arren, independentistek loialistekiko aldea pixka bat murriztu zuten iazko bozetan: lehenek 26 diputatu eskuratu zituzten —2014an baino bat gehiago—, eta bigarrenek, 28 —bat gutxiago—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.