23 pertsona auzipetu dituzte Ciudadanosek Errenterian eginiko ekitaldiaren harira

Hauteskunde delituak eta ordena publikoaren aurkako ekintzak egotzi dizkie Donostiako epaile batek herritarrei, iazko apirilaren 14an gertaturikoengatik. Akusatuetako hiruri balkoian lapikoa jotzea egotzi die.

Ciudadanosen Errenteriako ekitaldian Albert Riverak, Ines Arrimadasek, Maite Pagazaurtunduak eta Fernando Savaterrek hartu zuten parte. ANDONI CANELLADA
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 10a
15:43
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako kanpainan, Euskal Herriko hainbat lekutan ekitaldia egitea erabaki zuen Ciudadanos alderdiak iazko udaberrian. Besteak beste, Errenterian (Gipuzkoa) egon ziren, eta herritarrek txistuka eta protestaka hartu zituzten. Donostiako epaile batek 23 pertsona auzitara eramatea erabaki du, hauteskunde delitua eta ordena publikoaren aurkako ekintza egotzita.

Sei hilabete eta hiru urte arteko kartzela zigorra eta isunak ezar diezaiekete Errenteriako herritarrei, Ciudadanos alderdiak eta haren orduko presidente Albert Riverak jarritako salaketarengatik.

Epaileak onartzen du ezin dela frogatu ikerturiko herritarrak «boikot ekitaldia zuzenean prestatzen edo bultzatzen» aritu zirenik. Edonola ere, ekitaldiarekin «besterik gabe topo egin zutela» onartzerik ez dagoela adierazi du. Ikertu bakoitzaren jokaera «larria ez dela uler daitekeen arren», Ciudadanosen «boto emaileak izutzeko giroan» lagundu zutela uste du epaileak.

Auzipetuetako hiruri euren etxeko balkoitik eltzea jotzea egotzi die epaileak, ekitaldia «behar bezala entzutea» galarazi zutela argudiatuta. Beste bati, inguruko kiosko batetik garrasi egitea leporatu dio. Gainerakoei, irainak egitea eta erdiko hatza erakustea egozten die, besteak beste.

Fiskaltzaren ikerketa

Protestak izan eta hiru egunera jarri zuen salaketa Riverak Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Hainbat argazki eta bideo aurkeztu zituen froga modura. Antza, auzipeturiko herritarrak irudi horietan agertzen dira.

Riveraren salaketak arabera, ehunka pertsona bildu ziren Ciudadanoseko kide eta jarraitzaileen aurka egiteko, eta «faxistak kanpora», «alde hemendik», eta bestelako oihuak egin zizkieten.

Gipuzkoako Fiskaltzak Ertzaintzari eskatu zion egun hartan jazotakoen inguruko txostena bidaltzeko, protestetan parte hartu zutenak identifikatzeko.

Riveraren bisitaren harira, besteak beste, xingola hori handiak jarri zituzten hainbat eraikinetan.

Ertzaintzaren babespean egin zuten plazarako bidea Albert Riverak eta haren jarraitzaileek, besteak beste, Espainiako banderak eskuan zituztela.

Inguruan ziren ehunka herritar, protesta egiteko. «Faxistak kanpora» oihuka aritu ziren, Herrialde Katalanetako esteladak eta ikurrinak eskuan hartuta. Plazaren lau ertzak hartu zituen Ertzaintzak.

«Probokazioan ez erortzeko» eskatu zien bezperan Julen Mendoza alkateak (EH Bildu). Ciudadanosek ekitaldia egiteko hautatutako plaza eta inguruko eraikin batzuk xingola hori handiekin zeuden goizean, preso eta erbesteratu katalanak gogoan.

Aurreko egunean, Voxek ere ekitaldiak egin zituen Donostian eta Bilbon. Istiluak izan ziren orduan ere, batez ere Bizkaiko hiriburuan. Bost lagun atxilotu zituen Ertzaintzak..

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.