Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

«Faxistarik» ez dutela nahi aldarrikatu dute, Voxen mitinetan

Ertzaintzak Bilbon lau lagun atxilotu ditu, Abascalek Poliziaren indarra eskatu ondoren. Aurretik Donostian ere tentsioa izan da

Hainbat antifaxista, atzo, Donostian, Kursaal atarian Voxen ekitaldia zela eta, Ertzaintza aurrean zutela. A. CANELLADA/ FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ehunka lagunek aurre egin zieten atzo «faxistei» Donostian eta Bilbon, Vox Espainiako eskuin muturreko alderdiaren hauteskunde kanpainako ekitaldietan, eta Euskal Herrian ez dituztela nahi aldarrikatu. Bi ekitaldietan tentsioa izan zen, eta Ertzaintzak Bilbon gutxienez lau atxiloketa egin zituen. Aurretik Donostian ere liskar batzuk izan ondoren, Santiago Abascal Voxen presidentegaiak Twitterreko bere kontuan salatu zuen Eusko Jaurlaritzaren onespenez gertatu zela haien aurkako «erasoa», eta eskatu zuen arratsaldean Bilbon antzeko egoera gertatuz gero Poliziak indarra erabiltzeko «proetarren» aurka.

Donostian eguerdian manifestazioa egin zuten, Antikapitalistak, Asade, Askapena, Askekintza, CNT, Donostiako BilguneFeminista eta Ongi Etorri Errefuxiatuak eragileek deituta, Faxistak Euskal Herritik kanpora lelopean, eta, gero, Kursaal aurrean bildu ziren, han baitzuen ekitaldia Voxek. Ertzaintzak, ordea, ez zien sobera hurbiltzen utzi, eta, ekitaldia bukatu ostean Voxeko jarraitzaileak kanpora ateratzen hasi zirenean, Ertzaintza oldartu egin zitzaien manifestariei. Voxeko zale eta antifaxista batzuen artean enfrentamenduren bat ere egon zen. Arratsaldean, Bilbon egin zuen mitina alderdiak, Euskaldunan, eta han ere protestara deitu zuten hainbat eragilek. Tentsio uneak bizi izan ziren; pilotakadak bota zituen Ertzaintzak, lagunbatzuk zauritu zituen, eta atxiloketak izan ziren; liskar handiak gertatu ziren Bilboko kaleetan.

Donostian 350en bat lagun bildu zituen Voxek, 500entzako areto batean. Nagusiki, Espainiako banderak izan zituzten. Ekitaldia bukatu eta ataria libre geratu zenean, Sortuko hainbat kide azaldu zen lekua «desinfektatzera». Gotzon Elizburuk azaldu zuen «eskuin muturra, faxismoa eta autoritarismoa mehatxu» direla Euskal Herriarentzat. Kursaal ataria garbitzera joan ziren Sortukoak, Espainiako eskuinak «gezurrez, irainez eta zabarkeriaz zikin nahi dituelako bazterrak».

EAJren aurka Abascal

Bi ekitaldietan izan zen Abascal. Donostian esan zuenez, Euskal Herrian oraindik ere «beldurra» dago, «baina Espainia biziak ez dio beldurrik ez ezeri, ez inori».

EAJren aurka ere hitz egin zuen Abascalek. «Espainia osoan ez dago horrenbesteko traizioa egiten duen alderdirik», adierazi zuen EAJri buruz, eta deitoratu alderdi jeltzalea izatea «PSOEren aliatu nagusia». «ETAren terrorismoaren konplize» izatea ere egotzi zion EAJri. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak arratsaldean Laudioko (Araba) mitinean erantzun zion «laudorioa» dela Abascalek «traidore» deitzea. «Francok ere deitu zigun».

Espainiako Estatuko eredu autonomikoa gaitzetsi zuen Voxeko buruak Donostiako mitinean. «Eraso egin die lurralde nazional osoko espainiarren askatasunari eta berdintasunari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.