MEMORIA

40 urte Naparra desagerrarazi zutela

1980ko ekainaren 11n ikusi zuten azkenekoz. Desagertu eta gutxira, Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa. Gorpuzkinik ez da agertu.

Eneko Etxeberria, Naparraren anaia, Labriten, anaiaren arrastoak bilatzeko lanetan, 2017an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2020ko ekainaren 11
17:27
Entzun

Joxe Migel Etxeberria Naparra-k (Iruñea, 1958) 22 urte zituen 1980ko ekainaren 11n, azken aldiz ikusi zutenean, eta beste hainbeste urte eta gehiago daramatza haren familiak Naparraren berri izan gabe. Gaur dira lau hamarkada azkenekoz ikusi zutela, Ziburun (Lapurdi), eta oraindik ere haren arrastorik ez dute topatu senideek.

Berrogei urte geroago, Iñaki Alforja eta Iban Toledo dokumental bat granatzen ari dira Naparraren auziari buruz, une oro haren familiaren aldamenean. Dokumentala aurrera atera ahal izateko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiaraziko dute igandean Verkamin —15.000 euro bildu nahi dituzte—. Lagundu nahi duenak gaur arte izango du aukera.

Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta, hasieran atxilotua zutela uste arren, laster piztu zen gerra zikinaren alarma: Baionako polizia etxean zuten iheslaria ez zen Naparra. Laster agertu zen haren autoa, Ziburu inguruan, jendarmeria batetik gertu. BVE Batallon Vasco-Español taldeak bere gain hartu zuen bahiketa, eta hilaren 30eko komunikatuan esan zuen bahitua exekutatu eta Xantako inguruan lurperatu zutela. Senideak aritu ziren gorpuaren bila, urpekari eta guzti. Baina ezer ez.

Uztailean, BVEk jakinarazi zuen mapa bat helarazi zuela Baionako suprefeturara, gorpua non zegoen azaltzeko. “Badakigu jaso dutela eta suprefetak jakinaren gainean jarri duela Frantziako Gobernua”, idatzi zuten agirian. Handik astebete ingurura, esan zuten bi jendarmek gorpua hartu eta Akize ingurura eraman zutela. Mont-de-Marsan ere aipatu zuten beste aldarrikapen batean.

Frantziako auzitegiek 1982an utzi zuten bertan behera ikerketa, zantzu gehiago agertu artean. Geroztik, ez dute ezer egin. Senideek 1999ko urrian jarri zuten salaketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta hainbat lekuko deklaratzera deitzeko eskatu zuten. Tartean, desagertzea gertatu zenean “borroka antiterroristaren” arduradun zirenak: Jose Antonio Saenz de Santamaria, Espainiako Poliziaren buru izana; Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño, inspektore izana; Manuel Ballesteros MULC Borroka Kontraterroristaren Zuzendaritza Bakarraren gidaritzan aritua...

Gerra zikina ikertu zuten Cambio 16 taldeko Jose Diaz Herrera eta Rafael Cidek ere hitz egin zuten epaile aurrean. Haien arabera, BVEn aritutako Perret anaien taldea nahastuta zegoen Naparraren desagerpenean, baina Ismael Moreno instrukzio epaileak uko egin zion haietako bat auzitegira deitzeari, eskaera "lekuz kanpokoa, premiarik gabekoa, alferrikakoa eta bidegabea" zela esanda. 2004an, artxibatu egin zuen kasua, eta hori berretsi zuen Angela Murillo epaileak. "Ez da frogatu, ezta zantzuekin ere, Jose Miguel Etxeberriaren desagertzea delitu izan zenik", esan zuen Morenok. Alegia, ez zela desagertze behartua izan, eta are gutxiago talde "terrorista" batek eragindakoa.

Familiakoek argi pixka bat ikusi zuten Nazio Batuen Erakundean (NBE), 2014ko irailaren 19an. NBEko desagertze behartuen batzordeak ondorio argiak helarazi zizkion Naparraren anaia Eneko Etxeberriari, Genevan egindako bileran: Naparrarena desagertze behartua izan zen, eta kasuak irekita jarraitu behar du, gutxienez gorpua agertu artean.

Eta gorpua bilatzeko lanak ez daude erabat baztertuta auzibidean. 2017an, Mont-de-Marsan (Okzitania) inguruan bila ibili ziren, baina ez zuten ezer aurkitu. Hurrengo urtean, ordea, beste eremu batean bilatzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta, hiru urte igarota, bete gabe dago agindu hori.

Espainiako Estatuak Naparra ez dauka terrorismoaren biktima gisa aitortua. Bi aldiz ukatu du eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.