azken ordua

Frantziako Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxea libre uztea erabaki du

Askatu aurretik, La Sante kartzelak erabakiaren egingarritasuna aztertuko du, eta epaileek hilaren 29an esango dute berresten duten. Euskal presoari eskumuturreko telematikoa ezarriko diote epaileek. Parisko etxe batean jarriko litzateke bizitzen. Halaber, Frantziako auzitegiak atzera bota du Urrutikoetxearen aurkako Barajasko auziko euroagindu eskaera.

Josu Urrutikoetxea, 2002ko abuztuan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 1a
14:44
Entzun

Josu Urrutikoetxea euskal presoa aske uztea erabaki du Frantziako Dei Auzitegiak, eskumuturreko telematikoa ezarrita. Gaur 22:30 aldera eman du deliberoaren berri. Urrutikoetxeak Parisen badu etxe bat, herritar batek utzia, eta han jarriko litzateke bizitzen, sendiak kazeta honi azaldu dionez. Ez da, baina, berehala geratuko libre, Frantziako ohiko tramite bat segitu behar baita orain. Hots, La Sante kartzelak –han dago preso iazko maiatzetik— epaileen erabakiaren egingarritasuna aztertuko du —epea: hilak 20—, eta Dei Auzitegiak hil honen 29an hori berretsiko du edo ez. BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera, erabakia berrestea izaten da ohikoena.

Dei Auzitegiko fiskalburuaren eskaera ontzat jo dute, beraz, epaileek —hiruk osatu dute epaimahaia—. Presoaren askapen eskari bati buruzko auzi saioan, hura askatzeko eskatu du fiskalak arratsaldean. Bat egin du defentsa abokatuen eskariarekin, eta esan du Urrutikoetxea libre dagoela Frantziako bi prozeduretan –bi epaiketa ditu egiteko–, Parisek ez duela horiengatik espetxeratzeko beharrik ikusten, eta ez dela egokia Espainiako prozedurengatik —bina euroagindu eta estradizio eskaera– preso atxikitzea Frantzian.

Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuek auzi saioan galdegin dute Urrutikoetxea kontrol judizialpean askatzea, eta, behar izanez gero, eskutumurreko telematikoa ezartzea, baina fiskalak ez du beharrezko ikusi kontrol judiziala izatea, eta nahikoa deritzo eskutumurrekoa jartzeari. Epaileek ere bai.

COVID-19a hasi zenetik, Urrutikoetxeak izan ditu auzi saio batzuk, baina espetxetik bideokonferentzia bidez agertu  da. Gaur auzitegian izan da, maskararekin. Haren gaixotasuna eta adina ere (69 urte) argudiotzat erabili dituzte abokatuek. Pandemia garaian, La Santeko medikuburuak kartzelaldia eteteko eskatu zuen.

Dei Auzitegiak berak iazko ekainaren 19an kontrol judizialpean Urrutikoetxea libre uzteko erabakia hartu zuen, baina, Espainiako Gobernuak eskatutako euroaginduak tarteko, Frantziako Poliziak orduan bertan atxilo hartu zuen berriro, artean La Sante espetxean zela.

Joan den urteko maiatzaren 16an atzeman zuten Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950), Frantziako Alpeetan, eta harrezkero preso dago. Ekainaren 19ko saioaz geroztik gaur arte, Dei Auzitegiak eta Kasazio Auzitegiak lau aldiz ukatu dute askapen eskaria –hirutan eta batean, hurrenez hurren—.

Frantziak atzera bota du Urrutikoetxearen aurkako Barajasko auziko euroagindu eskaera

Gaur Dei Auzitegiak berak atzera bota du Josu Urrutikoetxea euskal presoaren aurka Espainiak eskatutako euroagindu bat: gizateriaren kontrako krimenena; zehazki, Madrilgo aireportu Barajasen ETAk 2006ko abenduaren 30ean egin zuen atentatuari zegokione —bi zibil hil zituen erakunde armatuak—. Urrutikoetxea, beraz, aske da Frantziako prozedura horretan. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zuen euroagindua.

Kasua euroagindu eskaera denez, Parisko gaurko auzi saioa teknikoa izan da, prozedurari buruzkoa, mamian sartu gabekoa, eta Espainiak Barajasko erasoagatik Urrutikoetxeari egozten dizkion gertakarien zehaztasun faltagatik —data...— bota du atzera Frantziako auzitegiak eskaera, baita kalifikazioaren desegokitasunagatik ere.

Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak 2015eko urriaren 27an auzipetu zuen Urrutikoetxea gizateriaren aurkako krimenagatik, 2005etik 2007ra ETAren talde politikoaren buru izan zela jota. BERRIAk joan den urteko azaroaren 12an argitaratu zuenez, Frantziako Gobernuaren txosten konfidentzial batek dio ETAren «ildo gogorrak» Urrutikoetxea «baztertu» zuela Barajasko atentatua baino pixka bat lehenago. Hain zuzen, Barne Ministerioarena da txosten hori, 2014ko iraileko data du, eta Frantziako Poliziaren Zuzendaritzaren Borroka Antiterroristako Koordinazio Unitateak egindakoa da —Le Nationalisme Basque izena dauka dokumentuak: Euskal Nazionalismoa—. Honela dio 171. orrialdean: «2002 bukaeran, euskal legebiltzarkide erradikal Josu Urrutikoetxea Bengoetxeak —Josu Ternera—, berriz ere klandestinitatera jo zuen eta ETAra batu zen. […] 2006an Madril-Barajas atentatua baino pixka bat lehenago ildo gogorrak hura baztertu izanak Espainiako Gobernuarekin negoziazioa haustea ekarri zuen, baina ETAren su-eten berriak mugimenduaren egituretara itzultzea eragin zuen, haren asmoak zehazki zein diren argitu gabe dagoen arren». Urrutikoetxeak 2006ko irailaren 26an, 27an eta 28an egin zituen bere azkeneko bilerak Espainiako Gobernuaren ordezkariekin.

Frantzian bost auzi zabalaik orain

Urrutikoetxeak Frantzian orain bost auzi ditu zabalik. Gaur Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako arduradunaren hilketaren harira egindako estradizio eskaera ere hizpide izan dute Parisen, Espainiako Gobernuak eskatuta, eta informazio gehigarria eskatu dute epaileek, preskripzioaz. Irailaren 30ean izango da hurrengo auzi saioa. ETApm-k hartu zuen bere gain Herguetaren hilketa (1980), eta Urrutikoetxea sekula ez zen izan ETApm-koa, ETAm-koa baizik. Auzipetzeak eta gobernuaren eskaerak okerrak dauzkate.

Herriko tabernen auzia aztertu egin dute Parisko auzitegian, eta hor ere irailaren 30erako hitzordua jarri dute. Kasu hori euragindu eskaera da, Auzitegi Nazionalak eskatua. Auzi horretan zigortu zituztenek gehienez ere ia bi urteko kartzela zigorra jaso zuten.

Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuartelaren kontrako 1987ko atentatuagatik gobernuak galdegindako euroaginduan, Dei Auzitegiak joan den urtarrilean aldeko iritzia eman zuen, baina defentsak helegitea sartu zuen Kasazio Auzitegian, eta han dago kasua.

Horiez gain, Urrutikoetxeari bi epaiketa egingo dizkio Frantziak: ETAko zuzendaritzako kidea izatea egotzita bat, eta 2011-2013an Oslon elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kidea izatea leporatuta bestea.

Madrilen nahi duten «ikurra» (euroaginduen eta estradizioen azterketa, BERRIA, 2019-11-12).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.