Albistea entzun

HILBERRIA

Lucio Urtubia anarkista historikoa hil da

Cascanten (Nafarroa) jaioa zen, 1931n, eta igeltseroa zen ogibidez, baina nazioartean talde anarkistetan izaniko jarduera klandestinoaren ondorioz izan da ezaguna.

Lucio Urtubia, Cascanten, 2015ean BERRIAk eginiko elkarrizketa batean.
Lucio Urtubia, Cascanten, 2015ean BERRIAk eginiko elkarrizketa batean. Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko uztailak 18

Lucio Urtubia anarkista historikoa hil da gaur, 89 urte zituela. Cascanteko (Nafarroa) familia txiro batean jaioa zen, igeltseroa ogibidez, baina nazioartean talde anarkistetan izaniko jarduera klandestinoaren ondorioz izan da ezaguna. Parisen bizi zen, eta Frantziako hiriburuko etxean hil da.

Soldadutza egiten ari zela joan zen ihesean Parisera, 1954an, eta han hasi zen talde anarkistetara biltzen. Bankuetan lapurretak egiten hasi ziren orduan, baina jauzia egin zuten gero: haren ekintza esanguratsuenetakoa zera izan zen, City Bank banku boteretsuarekin negoziazio mahaian eseri izana, bankuaren txeke faltsuak zabaldu ondoren.

Ehunka txeke zabaldu zituzten Latinoamerikan eta Europan zehar 1980ko urtarriletik 1982ra bitartean, talde anarkistak finantzatzeko. Frantziako Poliziak ezin izan zituen txekeak inprimatzeko plantxak eskuratu, eta, beraz, bankuak Urtubiarekin negoziatu zuen: «Plazera da ni bezalako gizajo batek hori lortzea. Haiek negoziatu nahi izan zuten. Baina bakarrik ez nengoelako lortu nuen. Gu 30 talde ginen, toki guzietako ekintzaileak, maitasunez beterikoak».

Lehenago hasi zen faltsifikatzaile lanetan. 1962an, Kubak Frantzian zeukan enbaxadoreak Ernesto Guevara Che Kubako orduko Industria ministroa aurkeztu zion Urtubiari, nafarrak azaldu ziezaion dolarrak masiboki faltsifikatzeko plan bat. Chek uko egin zion plan horri.

2015eko irailean egin zion elkarrizketa Iker Tubiak BERRIArako. Orduan azaldu zuen, besteak beste, umetako Nafarroa gorroto zuela, ezkerra ongia egitera bideratu behar zela eta bera gehiago fidatzen zela «aita santuaz Felipe Gonzalez gizatxarraz» baino: «Baliabideak ongia egiteko dira. Ez naiz santu bat, eta, berriz jaio izan banintz, uste dut gauza bera eginen nukeela. Uste dut jabetza lapurreta dela, Proudhonek esaten zuen bezala. Ez nago jabetzaren aurka, baina jabetza ongia egiteko ez erabiltzearen aurka nago».

Batzuetan, hitzaldi luze askok baino gehiago esplikatzen dute anekdota xumeek. 2014ko apirilean Donostiako Kortxoenean eginiko hizketaldi batean Urtubiak azaldutakoa jaso zuen Mikel P. Ansak: Ciudad Realen (Espainia) hitzaldi bat egin ostean, CNTren egoitza batera eraman zutela, eta, han, gazteek oso kezkatuta hitz egiten ziotela enpleguaz, enplegu faltaz. «Zer espero duzue, Zapatero etortzea lanpostuak ematera? Sortu! Sortu zuek!». Hitzaldi hura eman aurretik hots egin zioten gazte haiek, kooperatiba bat sortu zutela esateko.

Urtubiaren hainbat pasadizo jasota daude, besteak beste, Txalaparta argitaletxeak argitaratutako Gerezi garaia liburuan, eta Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako Lucio dokumentalean.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea izan da albistearen berri sare sozialetan eman dutenetako bat: «Gaur zendu da Lucio Urtubia. Laguna, burkidea eta borroka laguna. Agur eta ohore, Luzio!», idatzi du.

Beste esparru batzuetatik ere agurtu dute Urtubia:

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©ISABELLE MIQUELESTORENA

Bizi osoa lurrarekin eta herriarekin engaiatuta

Edurne Begiristain

ELB sindikatuaren sortzaile, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sustatzaile eta azken urteetan bake prozesuaren eragile nagusietako bat izanikoa atzo hil zen, eritasun larri baten ondorioz. Berria jakin eta berahala zabaldu ziren atsekabe mezuak.

<b>Batasunaren aurkako operazioa.</b> Herritar ugari Batasunaren Bilboko egoitza babesten, 2002ko abuztuaren 27an. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Areatzaren bi aurpegiak

Jon O. Urain

Bi eserialdi, aski diferenteak. 2002ko abuztuan, Batasunaren egoitza babesteko eserialdia egin zuten herritarrek Bilboko Areatzan; legez kanpo jarduteko ziklo bat abiatzekoa zen. Bederatzi urte geroago, ia gune bereko beste eserialdi batek irudikatzen du Bilduren legeztatzea. Tartean, Alderdien Legea eta ondorio ugari.

Elkarlanak indarra
AuB legez kanporatu ostean, herritarrak botopaperak erakusten. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Eskuak, lanabesak, irudimena

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Legez kanpo egondako urteetan, martxan segitu zuen ezker abertzaleak: zerrendak, kanpainak... Garai hartan egituretan arituriko birekin elkartu da BERRIA, guzia nola antolatzen zuten jakiteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.