IRITZIA

Euskararen Amaiur honetan

 

Lorea Agirre -

2020ko abuztuak 1

Gizarteari lotzen gatzaizkion lekuak bizitzaren zentzuaren berri eman lezake. Joan Mari Torrealdai euskararen eta herriaren aldeko borrokatik lotu zaio herri izan nahi duen gutasun honi. Zehatzago esan, euskalgintza herrigintzaren eraikuntzaren erdigunean jartzetik. Eta hori du bere bizitzaren zentzua, bizi duen lekua.

Torrealdai hasiera berri bat da. 50eko hamarkadan, gerraosteko lugorrian, bide berri bat ekarri zuen belaunaldiko kide da. Etena eta segida, aldi berean, etorkizun bizigarri baten bide irekitzaile. Bide berriak, bide guztiak. Larrekoak eta noranahikoak. Bereziki noranahikoak. Herentziarik gabe jaio zen belaunaldi hark, tartean Torrealdai, eskuzabaltasun osoz, baratze ongarritu bat utzi digu herentzian.

Torrealdai kontzientzia bat da. Kontzientziarik ez zegoen garaitik kontzientzia modan ez omen dagoen garai hauetarako irakaspen bat. Kontzientzia bat kate bati eusteko, lotzeko bezainbeste hausturak eragiteko. Berritzeko, berrasmatzeko. Garaiari erantzuteko. Kontzientzia bat auzien garrantziaz jabetzeko, egin behar denaren eta egiten ari garenaren garrantziaz ohartzeko.

Torrealdai konpromiso bat da. Erdigune ez-ekidistante batetik, gizarte zibilean, euskalgintza beregainean eta profesionaltasun militantean sustraitzen dena.

Torrealdai taldetasun bat da. Besteekin lankidetzan jarduteko gaitasuna eta egitasmoak –egiturak, beti egiturak– sortu arteko onik eza. Oinarriak jartzen, aldamioak altxatzen hainbat eta hainbat egitasmotan. Eta bereziki Torrealdai Jakin da, eta Jakin bera ulertzeko moduak ahalbidetu dio beste mila egitasmotan eragiletzan aritzea.

Torrealdai galdera bat da. Zer da euskarak behar duena, zer da herri honek behar duena. Euskararen askatasuna eta bizia defendatzen eman du bizitza. Mundu propioa sortzen eta elikatzen. Geure baitakoak izan gaitezen, ez menpeko perpaus. Buru askiak eta askeak.

Torrealdai pribilegio bat da Euskal Herriarentzat. Sinbolo bat, jada: euskararen aldeko borrokagatik, borroka horrexegatik atxilotua izanagatik, torturatua, epaitua, epaiaren zain zazpi urte egon eta gero zorionez libre atera izanagatik. Sinbolo bat, ez ordainik ordaindu gabe, halere. Euskararen Amaiur honetan, Torrealdai gure lekua da.

JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua agerraldi batean. ©Javier Etxezarreta/EFE

Murga: «Hau bigarren olatua da»

Olatz Esteban Ezkati

Azken orduetan nabarmen ugaritu dira kasuak Hego Euskal Herrian: 419 positibo atzeman dituzte, atzo baino 108 gehiago.

Bastidan, mahats bilketa, 2018an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Araban ere PCRak egingo dizkiete sasoikako langileei

Berria

Arabako Errioxan mahats bilketan 2.500 eta 3.000 langile artean ibiltzea espero da, eta Jaurlaritzak baieztatu du aukera hori aztertzen ari direla. Nafarroak sasoikako langileei eginiko lehen proben emaitzak jaso ditu: denek negatibo eman dute.

Azkaineko (lapurdi) eskolako sartzea, itxialdiaren ondotik. ©Guillaume Fauveau

Bidarteko udalekua itxi dute langile batek positibo eman duela eta

Oihana Teyseyre Koskarat

31 haur izan dira kontaktu zuzenean. Udalekua hetsirik egonen da bi egunez gutxienez. Maskara derrigortu dute Bidarten, Ezpeletan, Getarian (Lapurdi) eta Donibane Garazin.

Aguraingo plaza. ©Aritz Loiola/FOKU

Aguraingo Kokolo eta Donostiako Ramuntxo Berri tabernetan izan direnei proba egitera joateko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Agurainen, uztailaren 29tik abuztuaren 2ra han egon zirenei egin die deia; Donostian, berriz, uztailaren 26tik abuztuaren 3ra egondakoei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna