«EAJk berdinen arteko harreman bat izan nahi badu Espainiako Estatuarekin, gurekin egin behar du ituna»

Voxek Eusko Legebiltzarreko agenda «markatu» ez dezan, «akordio antifaxista bat» egitera deitu du Otegik.

Otegi, joan den uztailaren 13an. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko abuztuaren 4a
14:21
Entzun

Bakartxo Tejeria (EAJ) Eusko Legebiltzarreko presidente izendatu zuten atzo, berriro, eta legegintzaldi berriko estreinako osoko bilkuran adierazi zuen, besteak beste, Espainiako Estatuarekin «harreman molde berri bat» lortu behar dela, eta horrek «aldebikoa» behar duela izan. Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak hitz horiek izan ditu ahotan gaur, eta jeltzaleei adierazi die hori egiteko asmoa badute ituna beraiekin egin beharko duela. «Politika oso sinplea da: EAJk erabaki behar du zer egin eta norekin. EAJk nahi badu berdinen arteko harreman bat Espainiako Estatuarekin, gurekin egin behar du ituna, subiranistekin», nabarmendu du Bizkaia Irratian emandako elkarrizketa batean.

Otegiren iritziz, Tejeriak plazaratutakoa koalizio independentistak defendatu du autogobernu lantaldean. «Baina jeltzaleek, azkenean, PSOEren besoetara egin zuten jauzi». EAJri jakinarazi dio, bide batez, haiengana ez jotzeko bere intentzioa baldin bada Gernikako Estatutuaren «erreforma bat» egitea. «Hori PSOErekin egin dezake». Otegik ez ditu beste lau urte igaro nahi estatus politiko berriaz eztabaidatzen: «Hemen egina dago debatea».

Voxi buruz ere galdetu diote EH Bilduren koordinatzaile nagusiari, eta, eskuin muturreko alderdiak legebiltzarreko agenda «markatu» ez dezan, «akordio antifaxista bat» egitera deitu du. «Uste dut lortuko dugula», adierazi du Otegik. Haren esanetan, koalizio independentistak hori egiteko proposamen batzuk jarri ditu mahai gainean dagoeneko. «Baina argi dugu akordio bat egin behar dela hori nahi dugun alderdion artean». Planteamenduetako bat da, koalizio independentistak aurreko legegintzaldian hauspotu bezala, ganberako araudia aldatzea. «Beste aukera bat da jarraipenik ez ematea Voxek egindako planteamenduei».

«Eskumen asko falta dira oraindik»

Tejeriak gaur Radio Euskadin berretsi duenez, «errespetuan, aldebikotasunean eta berdintasunean» oinarritutako harreman bat planteatzen du EAJk Espainiako Estatuarekin. «Errespetatu daitezela euskaldunok erabakitakoa, gure eskumenak. Izan ere, ahal den neurrian zentralizatzen ari da, urteak daramatzagu horrela, eta ez da posible». Eusko Legebiltzarreko presidentearen iritziz —hirugarren legegintzaldia egingo du karguan—, «eskumen asko falta dira oraindik» Gernikako Estatutua betetzeko. Pentsatzen du bi aldeek, Madrilek eta Eusko Jaurlaritzak «egutegi bat» zehaztu zutela, eta hori «betetzea» aldarrikatu du.

Iruditzen zaio, gainera, «inondik inora» ez dela «bateraezina» alde batetik autogobernua lantzen jarraitzea eta bestetik COVID-19ak eragindako krisiari irtenbide bat nola eman lantzea. «Txanpon beraren bi aldeak dira». Elkarrizketan esan diote aurreko legegintzaldian ez zutela akordiorik lortu EAEko estatus politiko berriaren inguruan, eta galdetu diote ea oraingoan ere gauza bera gertatu ote daitekeen. «Ez dut egoera horretan jarri nahi. Badugu denbora akordioak lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.