Eusko Jaurlaritza

Idoia Mendia: «Eusko Jaurlaritzan parte hartuko dut»

Gaur sinatuko dute Urkulluk, Ortuzarrek eta PSEko idazkari nagusiak gobernu akordioa. Maddalen Iriartek adierazi du Mendia gobernu berrian sartzen bada, Urkulluk hala erabaki duelako dela, eta ez duela aldaketarik ekarriko Eusko Jaurlaritzaren politiketan.

PSEren eta EAJren arteko bilera, uztailean. MARISOL RAMIREZ
jon ordonez garmendia
2020ko irailaren 1a
09:23
Entzun

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak bart gauean jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzan parte hartuko du datorren legegintzaldian. Sare sozialetan zabaldu duen bideo batean adierazi duenez, «lana egiteko garaia da», eta berak pertsonalki parte hartuko du zeregin horretan. Gobernu berrian sartzeko erabakia militanteek EAJrekin adostu duten gobernu akordioari eman dioten babesarekin alderatu du, eta berak ere lanari ekingo diola gaineratu du.

Mezu hori bera helarazi die Mendiak PSEko militanteei gutun baten bidez. «Sozialistak ez gara inoiz kikildu arazoen aurrean, eta berriro erakutsiko dugu», dio, eta egoera «biziki gogorra» dela eta «konpromiso historiko berri bat» behar dela. Gutunean sakondu egin ditu bere argudioak, eta gaineratu du uste duela «Euskadiren berreraikuntza sozialean eta ekonomikoan pertsonalki parte hartzeko unea» duela. Zehaztu du, baina, ez dela, haren hitzetan, «kontu pertsonal bat», baizik eta «alderdiak ematen duen pauso bat». Erabakia PSEren Batzorde Eragilearekin adostu du, eta jakinarazi dio Iñigo Urkullu lehendakarigaiari.

Ostegunean egingo dute inbestidura saioa Eusko Legebiltzarrean, eta EAJk eta PSEk gehiengoa izango dute Urkullu hautatzeko; bi hautagai daude, eta Elkarrekin Podemosek iragarri du abstenitu egingo dela bozketan. EAJk eta PSEk gobernu akordio bat adostu zuten joan den astean, eta bi alderdiek babes handia eman diote. Gaur sinatuko dute gobernu akordioa Iñigo Urkullu lehendakarigaiak, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta Mendiak berak.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea izango da beste lehendakarigaia osteguneko bozketan. Mendiaren erabakiaz zera esan du, gobernu berrian sartzen bada Urkulluk hala erabaki duelako dela, eta Urkullu-Mendia bikoteak ez duela aldaketarik ekarriko Jaurlaritzaren politiketan. «Niri ez zait interesatzen nor egongo den gobernu berrian, baizik eta egongo direnak gai diren dauzkagun erronkei erantzuteko; hau edo hura izango den, lehendakariordetza bat, bi edo hamalau egongo diren, horrek ez dakar ekarpenik eztabaidara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.