Italia

Italian parlamentari kopurua murriztearen alde egin dute herritarrek

Opinio Italia etxeak zabaldutako zundaketen arabera, herritarren %60 inguruk babestu dute murrizketa.

Botak zenbatzen Erromak hautesleku batean. FABIO FRUSTACI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 21a
16:47
Entzun

Zundaketen iragarpenak beteko balira, garaipen handia litzateke 5 Izar Mugimenduak (M5S), Alderdi Demokratikoak (PD) eta Italia Bizirik-ek osatzen duten gobernuarentzat. Izan ere, parlamentuko diputatu kopurua 630etik 400era eta Senatuko kideena 315etik 200era gutxitzea 5 Izar Mugimenduaren (M5S) erronka izan da.

Opinio Italia etxeak egindako aurreikuspenen arabera, herritarren %60 eta %64 artean agertuko lirateke murrizketen alde, eta %36 eta %40 artean aurka.

Erreferendumarekin batera, asteburuan egin dituzte Italian zazpi eskualdeetarako hauteskundeak. Inkesten arabera, zentro-ezkerra nagusituko litzateke horietako bitan, Toscanan eta Campanian. Aldiz, zentro-eskuina litzateke garaile Veneton, Ligurian, Marcasen eta Apulian. Aostako bailararen kasuan, Lega litzateke nagusi.

Ligurian irabaztea jarria zuten helburu Italiako Gobernuan koalizioan diren M5S alderdiak eta PD Alderdi Demokratikoak, baina zundaketek porrota iragartzen diete. Iragarpenak beteko balira, gerta liteke datozen bozetan bi alderdiek erabakitzea batera ez aurkeztea.

Bestetik, nabarmentzekoa da Veneton eskualdean, koronabirusak gogorren jo duen eremuetako batean, egun agintean den Luca Zaiaren zerrendak lortuko lituzkeela boto gehien —%72 eta %76 artean— inkesten arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.