Zundaketen iragarpenak beteko balira, garaipen handia litzateke 5 Izar Mugimenduak (M5S), Alderdi Demokratikoak (PD) eta Italia Bizirik-ek osatzen duten gobernuarentzat. Izan ere, parlamentuko diputatu kopurua 630etik 400era eta Senatuko kideena 315etik 200era gutxitzea 5 Izar Mugimenduaren (M5S) erronka izan da.
Opinio Italia etxeak egindako aurreikuspenen arabera, herritarren %60 eta %64 artean agertuko lirateke murrizketen alde, eta %36 eta %40 artean aurka.
Erreferendumarekin batera, asteburuan egin dituzte Italian zazpi eskualdeetarako hauteskundeak. Inkesten arabera, zentro-ezkerra nagusituko litzateke horietako bitan, Toscanan eta Campanian. Aldiz, zentro-eskuina litzateke garaile Veneton, Ligurian, Marcasen eta Apulian. Aostako bailararen kasuan, Lega litzateke nagusi.
Ligurian irabaztea jarria zuten helburu Italiako Gobernuan koalizioan diren M5S alderdiak eta PD Alderdi Demokratikoak, baina zundaketek porrota iragartzen diete. Iragarpenak beteko balira, gerta liteke datozen bozetan bi alderdiek erabakitzea batera ez aurkeztea.
Bestetik, nabarmentzekoa da Veneton eskualdean, koronabirusak gogorren jo duen eremuetako batean, egun agintean den Luca Zaiaren zerrendak lortuko lituzkeela boto gehien —%72 eta %76 artean— inkesten arabera.