Milaka lagun atera dira kalera Torraren inhabilitazioa salatzeko

ANCk eta Omniumek deituta, udaletxeen aurrean eta plazetan bildu da jendea. Manifestarien eta Mossoen arteko istiluak izan dira Bartzelonan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan.

Quim Torra, gaur, Generalitateko Jauregitik irten den unean. MARTA PEREZ / EFE
jon ordonez garmendia
2020ko irailaren 28a
13:52
Entzun

Quim Torra Kataluniako presidentearen inhabilitazioa salatzeko, milaka lagunek protesta egin dute ANCk eta Omniumek deitutako mobilizazioetan. Kataluniako ehunka plazatan bildu da jendea. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia heldu eta berehala, Kataluniako udaletxe guztien atarian eta plazetan kontzentratzera deitu dute bi erakundeek. «Inoiz ezingo dute herria inhabilitatu! Eman diezaiogun babesa Quim Torra presidenteari», adierazi du Omniumek mobilizazioren berri emateko txioan, adierazpen askatasunaren aldeko mezu batekin.

Istiluak izan dira inhabilitazioaren aurkako mobilizazioetan. CDRetako kideak Espainiako Gobernuak Bartzelonan duen ordezkaritzara joan dira, eta, besteak beste, petardoak jaurti dituzte, eta barrikadak egin. Txerri buruak ere jaurti dituzte delegazioa inguratzen duen hesiaren gainetik. CDRetako beste talde batek, berriz, Kataluniako Parlamentura jo du, eta sartu dira haren inguruko gunera. Bi lekuetan istiluak izan dituzte Mossoekin.

Hori gerta zitekeelakoan, Mossoek polizia guztien ordutegiak eta lan txandak bertan behera utzi dituzte. Joan den astean hartu zuten erabakia, eta agindu zuten istiluen kontrako operatiboetan parte hartzen duten polizia guztiak lanerako egon behar dutela, «erantzuteko gaitasuna handitzeko eta bermatzeko». Lanean ari ez direnak, gainera, joateko moduan egon beharko dute. 

Oraingoz, mugimendu independentistek salatu dutenez, gutxienez CDRetako kide bat atxilotu dute Mossoek, Bartzelonan.

Erabakia Minerva Operazio Plana kudeatzen duen kabineteak hartu du, eta oinarrian informazio brigadak egiten dituen mehatxuen txostenen eguneratzea dago. Horietan aurreikusi dute protestak oldartu egingo direla zenbait egunetan, eta alerta maila gorena ezarri dute horregatik.

ANCren inkesta

ANCk bazkideek asteburuan egin duten bozketaren emaitza eman du gaur. Torra inhabilitatzen bazuten zer erantzun eman beharko zukeen galdetu zien ANCk. «Bazkideek argi adierazi dute ez dutela nahi gobernuak inhabilitazioa betetzea, eta erakundeek erantzun sendo bat eman dezaten mobilizatu nahi dutela», jakinarazi du gaur. Presidentea defendatuko dugu, independentziaren alde borrokatuko gara lelopean biltzera deitu du ANCk.

 ANCren bozketan, bazkideen %95ek bozkatu dute Espainiak Auzitegi Gorenaren sententzia betetzearen aurka. Bigarren galderan zer mobilizaziotan parte hartzeko prest dauden galdetu die ANCk bazkideei. %40k erantzun dute udaletxeen eta erakundeen aurrean biltzeko prest daudela. %27 Kataluniak Espainiarekin dituen mugetara auto martxa motelak egitearen alde agertu dira; %26 parlamentuaren aurrean biltzearen alde, eta %6,5 mobilizazio guztietan parte hartzeko prest agertu dira.

Mobilizazioen helburuaz galdetuta (hiru erantzun eman zitezkeen), lautik hiruk bozkatu dute erakundeei erantzun sendo bat eskatu behar zaiela. Hamarretik seik, berriz, Kataluniako erakundeak eta presidentea babestu beharko luketela, eta bitik batek, «estatu okupatzaile erasotzaileak» izan beharko lukeela helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.