Euskal presoak

Josu Urrutikoetxea etxera itzuli da

Goizean atxilotu du Frantziako Poliziak, Fijait fitxategian sartu dutela notifikatzeko. Hiru hilabetean behin aurkeztu beharko du hemendik aitzina

Josu Urrutikoetxea, pasa den asteazkenean, Parisen, Dei Auzitegian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urriaren 6a
12:07
Entzun

Frantziako Polizia Judizialeko agenteak Josu Urrutikoetxearen etxera agertu dira goiz honetan, eta atxilotua eraman dute, fiskaltzaren aginduz. Parisko Clichy auzoko komisariara eraman dute, eta bertan, Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartu dutela jakinarazi diote. Hiru hilabetean behin aurkeztu beharko du hemendik aitzina, haren sendiak BERRIAri jakinarazi dionez. Arratsalde hasieran libre utzi dute, eta Parisen duen etxera itzuli da.

Egoitz Urrutikoetxea Josuren semeak Frantziako fiskaltzaren jarrera salatu du. «Itxaron zezaketen epaiketa, itxaron zezaketen zigortua izatea, Fijait fitxategian sartzen zutela notifikatzeko», adierazi du. «Intimidazio saiakera» bat ikusten du gertatutakoan. Heldu den urriaren 19an eta 20an epaituko dute Josu Urrutikoetxea Parisko Dei Auzitegian, eta urriaren 21ean Parisko Auzitegi Korrekzionalean, Frantzian bere kontra irekiak dituzten bi prozeduren harira.

Fijait fitxategia

2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren kontra izandako atentatuen ondotik aipatu zuen Frantziako Gobernuak «terrorismoarekin» lotura duten herritarrak zaintzeko tresna baten beharra. 2015eko uztailean egin zuten zerbitzu sekretuen legean onartu zuten Fijaiten sorrera, eta 2016ko uztailean jarri zen neurria martxan. Euskal presoak eta preso ohiak urte hartako abuztutik aitzina hasi ziren jasotzen fitxategian sartzen zituztela ohartarazteko jakinarazpenak.

2018ko irailean, Peio Hirigoien euskal preso ohia epaitu zuten Baionako auzitegian, Fijait fitxategian izendatu ondotik ezarri zizkioten neurriak ez betetzeagatik. 2020ko martxoan, Paueko (Okzitania) Dei Auzitegiak 500 euroko isuna ordaintzera zigortu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.