Karabakh Garaia

Armeniako eta Azarbaijango Atzerri ministroak elkarrekin bilduko dira gaur, Moskun

Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak adierazi du bere herrialdea prest dagoela Azerbaijanekin berriz bake prozesu bat abiatzeko. Azerbaijanek bere tropak eskualdetik erretiratzeko exijitu dio Armeniari.

Mikhail Mixustin eta Nikol Paxinian Errusiako eta Armeniako lehen ministroak, hurrenez hurren, gaur, Erevanen egin duten bileran. DMITRY ASTAKHOV, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 9a
13:52
Entzun

Gatazkak ez du etenik Karabakh Garaian, eta eskualdeko Defentsa ministroak bere armadako beste 26 militarren heriotzaren berri eman du, gaur goizean. Irailaren 27az geroztik egunero izan dira enfrentamendu armatuak Armenia eta Azerbaijan artean, Karabakh Garaiko eskualdearen gainean duten lurralde gatazkari lotuta, eta 400 soldadu eta zibil baino gehiagoren heriotza eragin du. Karabakh Garaiko biztanleen erdiek etxetik alde egin behar izan dute, borroken ondorioz. Bi aldeek zibilak bonbardatzea egotzi diote elkarri.

Erasoek su-eten bati bide emateko itxaropena indartu egin da, baina, azken orduetan, Errusiak Azerbaijango eta Armeniako Atzerri ministroen arteko bilera antolatu duela jakinarazi ostean. Bi herrialdeetako gobernuek baieztatu dute bilkura. Gaur arratsaldean izatea espero da, Moskun.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du telefonoz hitz egin duela Ilham Aliyev Azerbaijango presidentearekin eta Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroarekin. Su-eten bat eskatu die biei «arrazoi humanitarioengatik», «hildakoen gorpuak eta presoak trukatzeko». Hala egin dute Frantziak eta AEBek ere. Hain justu, atzo Genevan (Suitza) bildu ziren ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen Minskeko taldeko kide diren Errusia, Frantzia eta AEB, Karabakh Garaiko egoera aztertzeko.

PAxinian Armeniako lehen ministroak adierazi du bere herrialdea prest dagoela berriz ere bake prozesu bati ekiteko. «Karabakh Garaiko gatazkari irtenbide baketsu bat ematearen aldekoak gara, eta bat gatoz azken egunetan ESLAren Minskeko taldean lehendakarikide diren herrialdeetako Atzerri ministroek eta presidenteek egin dituzten adierazpenekin». Karabakh Garaiko herritarrak «giza hondamendi bat jasateko zorian» daudela ohartarazi du, eta Turkiaren kontra mintzatu da. «Batez ere Turkiaren ekintzak dira kezkagarriak, eskualdea eta mundu osoa desegonkortzeko mehatxua baitira».

Azerbaijanek, berriz, nabarmendu du konponbide baterako ezinbesteko baldintza dela Armeniako indarrak Karabakh Garaitik erretiratzea, eskualde hura bere lurraldearen parte dela argudiatuta. NBE Nazio Batuen Erakundeko hainbat ebazpenek hala eskatu izan diote Armeniari. Aldiz, Armeniak Karabakh Garaiaren autodeterminazio eskubidea babesten du —herritarren gehiengoa armeniarra da—, eta irtenbide baterako negoziazioetan eskualdeko ordezkariek parte hartzea eskatzen du. Karabakh Garaiak independentzia aldarrikatu zuen 1991n, baina ez du nazioartearen aitortza jaso.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.