BERRIAk zuzen-zuzenean emango du hauteskunde gauaren berri, goizaldetik

Hasi 02:00etan, eta estatu guztietako emaitzak jakinaraziko ditu, zuzeneko kontaketa baten eta mapa interaktibo baten bitartez.

Bozaleku bat, Kalifornian. ETIENNE LAURENT, EFE
2020ko azaroaren 2a
18:00
Entzun

Ordu gutxi batzuk baino ez dira falta AEBetako presidentetzarako hauteskundeetarako. Bihar aukeratuko dute estatubatuarrek Donald Trump errepublikanoa edo Joe Biden demokrata. Kanpaina luze baten ondoren, herritarrek hautatzaileen batzarra osatuko duten konpromisarioak aukeratuko dituzte, eta BERRIAk luze eta zabal erreparatuko dio hauteskunde gauari, asteazken goizaldeko ordu bietan hasita. Arantxa Elizegi Egilegor BERRIAren berriemaile bereziak Floridatik helaraziko ditu emaitzak, eta erabakigarria izango den estatu horretatik kontatuko du garaipena Trumpena ala Bidenena den.

Gaueko ordu batean hasiko dira lehen bozkalekuak ixten, eta ordubeteko geroago hasiko da BERRIAren kontakizuna. Zuzen-zuzenean, estatuz estatu jakinaraziko du zer gertatzen den bai bozkalekuetan eta bai haietatik kanpo. Gainera, BERRIAk mapa interaktibo bat jarriko du irakurleen eskura emaitzak modu grafiko batean ikusi ahal izateko: batetik, estatu bakoitzean presidentegaiek bozkalekuetan zer babes izan duten islatuko du; bestetik, hautatzaileen batzarrean gehiengoa osatzeko lehian zenbat ordezkari biltzen dituzten erakutsiko du.

Ia bi aste daramatza Elizegik Miamin kanpaina jorratzen. Florida ez da nolanahiko estatu bat AEBetako hauteskundeetan, Elizegik eta Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariordeak azaldu dutenez. 1996. urteaz gero, hor irabazten duen hautagaia Etxe Zurira iritsi izan da. Gauza bera gertatu da Ohiorekin. Historikoki, emaitzetan garrantzi handia izan dute leku horiek. Floridak 29 ordezkari ditu, eta Trumpek nahitaez irabazi behar du estatu horretan, aurrerantzean ere presidente izateko. Izan ere, Bidenek ordezkari gehiago ditu oraingoz, eta inkestetan faboritoa da.

Bidenek irabaz lezake Floridaren edo Ohioren babesik gabe, bere alde dituelako ordezkari askoko beste zenbait estatu. Trumpek, ordea, estatu aldakorren beharra dauka. Oraingoz, inkestetan bi hautagaiak parean ageri dira horietako batzuetan.

Elizegik azaldu du zergatik den Biden faboritoa: oraingoz, ordezkari gehiago ditu bere alde, inkestek garailetzat jo dute, eta, galdeketen arabera, botoa emango duten herritarretatik gutxiagok dute zalantza baten ala bestearen alde egin.

Aurtengo hauteskundeak, baina, bereziak dira. Jende askok bozkatu du aldez aurretik, eta, horren eraginez, oso litekeena da botoen kontaketa egun batzuk atzeratzea, posta bidezkoak kontatu ahal izateko. Aldez aurretik bozkatu duten gehienek demokraten alde bozkatu dute; beraz, baliteke asteartean errepublikanoek lortzea behin-behineko emaitzarik onenak eta, hurrengo egunetan boto guztiak kontatu eta gero, demokratek irabaztea. Horrelakorik gertatuz gero, liskarrak izango dira, Elizegiren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.