Nafarroako aurrekontuak

«Salbuespenezko garaietarako, salbuespenezko aurrekontua»

Elma Saizek 2021eko aurrekontuaren lege proiektua eman dio Unai Hualde parlamentuko lehendakariari. Azken bozketara arte legebiltzarrean egin beharreko bidearen abiapuntua da.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria eta Unai Hualde Parlamentuko presidentea. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2020ko azaroaren 11
14:09
Entzun

Lehen urratsa egin du. Iragan astean 2021eko aurrekontuen aurreproiektuaren nondik norako nagusiak aurkeztu ondotik eta egunotan gizarte eragileei eta udalei haren edukia ezagutarazi ostean, Nafarroako Parlamentura heldu da gobernuaren lege proiektua. Oraingoz, ez du gehiengo politikoa ziurtatua, baina abenduaren amaiera arteko tartea du akordioak lortzeko. Astelehenean, Bakartxo Ruiz EH Bilduko eledunak iragarri zuen akordioa laster ixtea espero dutela.

Lege proiektua emateko ekitaldi ofizialean, Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ezinbestean aurtengo egoera bereziari egin dio aipamen: «Azken mendeko osasun eta gizarte arloko krisirik handiena bizitzen ari gara, eta, ondorioz, salbuespenezko garaietarako salbuespenezko aurrekontu bat da, gastu mugaren igoera historiko eta guzti».

Hain zuzen ere, 4.807 milioi euroko aurrekontua izango du, eta, Espainiako Gobernuarekin BPGaren %2,2ko defizit helburua hitzartu ondoren, aurtengoaren aldean %6 gehiago izango du gastu eta inbertsio publikorako. Saizek nabarmendu duenez, alde batetik, lege proiektuak «arlo publikotik» COVID-19ari aurre egiteko borondatea islatzen du; eta, bestetik, berreraikuntzari heldu nahi dio, Nafarroa Suspertu planaren bidez. Orotara 657 milioi euro erabiliko dira erronka bikoitz horretan. «Hurrengo belaunaldiei begirako aurrekontu bat da».

Gobernua sostengatzen duten alderdiez gain, EH BIlduren edo Navarra Sumaren beharra du gobernuak aurrekontua aurrera ateratzeko. EH Bildurekin negoziatzen ari dira. Solaskidea nor den esan gabe, Saizek onartu du «akordioranzko negoziazioetan» ari direla, «Akordiora heltzen garenean, neuk emango dut horren berri gardentasun eta normaltasun osoz». Saizen esanetan, oso garrantzitsua da ados jartzea, eta horregatik «eskua luzatua» diete talde guztiei. Navarra Sumak abstentzioa eskaini dio gobernuari EH Bildurekin harreman oro haustearen truke. 

Unai Hualdek gogoan izan du urtero aurrekontuen lege proiektuaren tramitazioak esanahi berezia duela, «legeen lege baita». Azpimarratu du aurrekontuaren %55 Osasun, Hezkuntza eta Gizarte Eskubideen departamenduetara joango dela, eta 507 milioi euroko inbertsio publikoa jasotzen duela Nafarroa Suspertu planerako.

Pedro Sanchez, ostiralean 

Berreraikuntzaren esfortzu horretan, Europako Batasuneko Next Generation planeko diruak pisu handia izango du datozen urteko egitasmoetan. Nafarroak 125 egitasmo aurkezteko asmoa du, baina ez dago argi dirua nola banatuko duen Espainiako Gobernuak. Urriaren 26an erkidegoetako gobernuburuekin eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin izandako bileran, Madrilek esan zuen 2021ean kudeatu beharreko 27.000 milioi euro inguruetatik «%50 baino gehiago» izango dela erkidegoentzat.

Testuinguru horretan, Pedro Sanchez Espainiako presidentea Iruñera etorriko da Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin Europako funtsen inguruan «koordinatzeko». Javier Remirez presidenteordearen esanetan, bisita hori «ez da harritzekoa, erronkekin eta zailtasunekin bateratuta» daudelako bi gobernuak eta krisiari aurreko egiteko diagnostikoan ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.