Pello Alcantarilla euskal preso ohia atxilotu dute Irun eta Hendaia arteko mugan

EH Baik eta EH Bilduk salatu dute Fijaiten ezarritako neurrien urratzearekin lotua dela atxiloketa. Hendaiako komisarian pasatuko du gaua.

jarraia189626.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko azaroaren 11
18:51
Entzun

Gaur eguerdian atxilotu dute Peio Alcantarilla euskal preso ohia, EH Baik eta EH Bilduk ohar batean salatu dutenez. Bi alderdien arabera, Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuaren neurriak urratzeagatik atxilotu dute, eta Hendaiako komisariara eraman dute. Bertan pasatu beharko du gaua, bihar Frantziako Justiziak bere egoerari buruz hartuko duen erabakiaren zain.

2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren kontra izandako atentatuen ondotik aipatu zuen Frantziako Gobernuak «terrorismoarekin» lotura duten herritarrak zaintzeko tresna baten beharra. 2015eko uztailean egin zuten zerbitzu sekretuen legean onartu zuten Fijaiten sorrera, eta 2016ko uztailean jarri zen neurria martxan. Euskal presoak eta preso ohiak urte hartako abuztutik aitzina hasi ziren jasotzen fitxategian sartzen zituztela ohartarazteko jakinarazpenak. Kontrol judizial baten antzeko neurriak betetzera behartzen ditu preso ohiak. EH Baik eta EH Bilduk salatu dute gaur egun ehun euskal preso eta preso ohi daudela fitxategi horretan sartuak.

Urruñan (Lapurdi) bizi da Alcantarilla, eta egunero joaten da Gipuzkoara lanera. EH Bildu eta EH Bairen arabera, gaur arte ez du inolako arazorik izan. Gaur, aldiz, atxilotu egin dute. «Egungo testuinguru sanitarioan, non kontrol poliziak areagotu diren, herritar horiek atxilotzeko arriskuak ugaritu egin dira», salatu dute bi alderdiek, eta azken hilabeteetan preso ohien kontra ezarritako neurri bereziengatik izandako «askatasun urraketak» deitoratu dituzte. «Egungo testuinguru politikoan, non euskal jendarte gehiengoak Euskal Herrian bake justu eta iraunkorra lortzeko lana babesten duen, neurri horiek aplikatzea guztiz kaltegarria da. Hori dela eta, Frantziako eta Espainiako estatuei salbuespen neurri guztiak desaktibatzea eskatzen diegu».

Atxiloketak eta epaiketak

2018ko irailean, Peio Hirigoien euskal preso ohia epaitu zuten Baionako auzitegian, Fijait fitxategian izendatu ondotik ezarri zizkioten neurriak ez betetzeagatik. 2020ko martxoan, Paueko (Okzitania) Dei Auzitegiak 500 euroko isuna ordaintzera zigortu zuen.

Urriaren 7an, Josu Urrutikoetxea atxilotu zuten Parisen duen etxean, Fijait fitxategian sartzen zutela jakinarazteko. Lehen aldia izan zen oraindik epaitua izan ez den euskal herritar bat fitxategi horretan sartzen zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.