BIKTIMAK

Egindako kaltea aitortzeko eskatu die Foro Sozialak «tortura ahalbidetu zuten arduradun politikoei»

35 urte igaro dira Mikel Zabalza desagertu zela, eta Nafarroako Foro Sozialak ohartarazi du «oraindik argitu gabe» dagoela kasua, «beste asko» bezala.

Jose Luis Uriz eta Expe Iriarte Nafarroako Foro Sozialeko kideak, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 24a
13:00
Entzun

35 urte beteko dira aurten Mikel Zabaltza atxilotu, torturatu eta desagerrarazi zutenetik, eta Nafarroako Foro Sozialak agerraldia egin du gaur Iruñean kasua oraindik ere argitu gabe dagoela oroitarazteko: «Mikelen kasuak ikerketa gehiago behar du, zalantza eta informaziorik ezaren azpian gordeta dago eta oraindik inork ez du bere gain hartu gertatutakoaren erantzukizuna». Foroak oroitarazi du, halere, «beste kasu asko» ere badirela «egiarik, aitortzarik eta errekonozimendurik» jaso ez dutenak, eta hori alda dadin «mekanismoak» jartzeko deia egin diote «Nafarroako gizarteari».

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko Expe Iriartek eta Jose Luis Urizek hartu dute hitza agerraldian, eta, bertzeak bertze, eskatu dute «torturaren iraupena ahalbidetu zuten garaiko arduradun politikoek publikoki aitortzea egindako kaltea». Nafarroako Parlamentuak onartutako 16/2019 Foru Legearihelegiteak jarri zizkieten hiru alderdi politikoei, halaber, horiek kentzeko eskatu diete. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, joan den uztailean, atzera bota zuen Ciudadanos alderdiak Eusko Legebiltzarrak onartutako antzeko legeari jarritako helegitea. Ebazteko dago Nafarroakoa.

Biktimak, diskriminatuta

Foro Sozialak salatu du biktima batzuk diskriminatu egiten direla, eta hala ez egiteko eskatu du: «Giza eskubideen urraketa berberek errekonozimendu politiko eta legal bera izan behar dute, kontuan hartu gabe zein izan den biktima horiek eragin dituen indarkeriazko eragilea. Ekidistantziarik gabe eta diskriminaziorik gabe». Ohartarazi dute torturaren biktimek jasaten duten bazterketa «bereziki larria» dela, «errekonozimendu maila urriak dituelako, nahiz eta biktimen kopurua handia izan»: «Milaka pertsonari buruz ari gara».

Nafarroako polizia gehiegikerien legeak «erronka horri aurre egin nahi zion», Foro Sozialaren arabera, baina auzitegietan katramilatuta egoteak oztopatzen du aurrera egitea: «Horrelako ekimenei oraindik ere jartzen zaizkien oztopoek zaildu egiten dute etorkizuneko bizikidetza demokratikoa eraikitzea eta berriz ez gertatzeko bermeak ezartzea». Norabide horretan, Nafarroako Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzari deia egin diote, «torturak Nafarroako Foru Komunitatean eragin duenaren argazki osoa eskaini nahi duen lanarekin jarrai» dezan, «egokitzat jotzen dituen mekanismoen bidez». Foro Sozialaren ustez, legegintzaldi honek Nafarroan «bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezko baldintzak» betetzen ditu.

Foroak jakinarazi du parte hartu eginen duela hilaren 28an Mikel Zabalzari Auritzen (Nafarroa) eginen zaion omenaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.