Ekialde Hurbila

Iranek Israeli ohartarazi dio «une egokian» erantzungo diola Fakhrizaderen hilketari

Ali Khamenei herrialdeko aiatolak zientzialari nuklearraren kontrako erasoa ikertzeko eskatu du, eta haren egileak eta arduradunak epaitzeko.

Irango manifestari talde bat, Trumpen eta Bidenen irudi banari su ematen, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 28a
16:08
Entzun

Irango zientzialari nuklear nagusiaren heriotza ez da ordainik gabe geldituko, Irango agintarien esanetan. Hassan Rohani presidenteak Israeli leporatu dio zuzenean Moshen Fakhrizaderen hilketaren ardura. Israelen eta Mendebaldeko hainbat herrialderen ustez Irango programa nuklearraren buru zena atzo hil zuten, Teherandik hurbil, tiroz. Rohanik ziurtatu du Iranek erantzun egingo duela, «une egokia iristen denean».

Fakhrizaderi autoan zihoala egin zioten eraso, Teherandik 70 kilometro ingurura dagoen Absar hirian. Leherketa batek geldiarazi egin zuen zientzialaria eta haren bizkartzainak zeramatzan autoa, eta, orduan, erasotzaileek tiro egin zioten ibilgailuari. Fakhrizade zaurituta ospitaleratu zuten, baina medikuek ez zuten lortu hura suspertzea.

Irango presidenteak gaur kaleratu duen adierazpen batean salatu du zientzialari nuklearraren hilketa «eraso terrorista bat» izan dela, «Israelen erregimen mertzenarioak» egina. Rohanik gaineratu du Iranen «etsaiak» aste «estresagarriak» bizitzen ari direla «baldintzak aldatzen ari direlako» eta «beraien presioa ahultzen ari delako». Hori dela eta, «haientzako garrantzitsua da ahalik eta gehien egitea datozen asteetan».

Aipatu gabe, Rohanik AEBetako presidente aldaketari egin dio erreferentzia. Donald Trump AEBetako jarduneko presidenteari aste gutxi batzuk gelditzen zaizkio agintean, harik eta Joe Biden AEBetako presidente hautatuak karguari zin egin arte, datorren urteko urtarrilaren 20an. Trump gertuko aliatu izan du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak, Iranen kontrako politikak garatzeko. Bidenek, berriz, AEBren eta Iranen arteko harremanak hobetzearen alde mintzatu da. Esaterako, Iranek 2015ean munduko sei potentziarekin sinatu zuen itun nuklearrera itzultzeko asmoa agertu du. Barack Obama presidente ohiak izenpetu zuen, baina Trumpek akordioa utzi zuen 2018an, eta zigor ekonomikoak ezarri zizkion Irani. Teheranek beti adierazi du bere egitasmo nuklearra ez dagoela armak ekoiztera bideratuta. 

Ardurak argitzeko ikerketa

Fakhrizaderen hilketa salatu du Ali Khamenei Irango aiatolak ere. Haren esanetan, «mertzenario basati» batzuen ekintza izan dena ikertzeko eskatu du, egileak eta erasoaren arduradunak epaituak izan daitezen. «Arlo guztietako ahalegin zientifiko eta teknologikoekin» jarraitzera deitu du, bestalde.

Zientzialariaren kontrako erasoa «estatu terrorismoko ekintza bat» izan dela adierazi zuen atzo Irango Atzerri ministro Mohammad Javad Zarifek, eta haren arduraduna Israel delako «zantzu serioak» daudela ziurtatu zuen.

Israelgo Gobernuak ez du oraingoz inolako adierazpenik egin Fakhrizaderen heriotzaren inguruan. Zientzialaria ezaguna zaio Netanyahuri. Israelgo lehen ministroak bere izenez aipatu zuen 2018an, prentsaurreko batean, Irango egitasmo nuklearraren buru gisa. Bere izena gogoan hartzeko esan zuen orduan.

Fakhrizade ez da eraso batean hiltzen duten Irango lehen zientzialari nuklearra. Beste lau hil zituzten 2010. eta 2012. urteen artean. Nazioarteko hainbat eragilek Israelgo zerbitzu sekretuei leporatu zizkieten hilketak, eta Israelek ez du inoiz halakorik ukatu.

Tel Avivek bezala, Washingtonek ere ez du adierazpenik egin nahi izan erasoari buruz. Europako Batasunak, berriz, «delituzko ekintza» bat izan dela salatu du, Josep Borrell batasuneko diplomaziaburuaren bidez. «Giza eskubideen aurkako» gertaera izan arren, Borrellek nabarmendu du «inoiz baino garrantzia handiagoa» duela aldeek «lasaitasunari eustea eta moderazioz jokatzea, inori interesatzen ez zaion tentsio gorakada eragozteko».

Antzeko mezua eman du Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere. Eskualdean tentsioa areagotu dezakeen edozein motatako ekintza baztertzera deitu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.