Hamar milioi gehiago 2021eko aurrekontuetarako

Geroa Baik nabarmendu du Navarra Suma ez beste parlamentu taldeekin hitzartutako akordioak «egonkortasun politiko eta ekonomikoa» emango diola Nafarroari

Uxue Barkos parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2020ko abenduaren 2a
13:38
Entzun

Lehenik, Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin akordioa lortu ondotik, parlamenturako igorritako aurrekontu proiektuan bederatzi milioi euroren diru sailak jaso ziren. Bakartxo Ruizek aurreratu zuen, baina, zuzenketa partzialen negoziazioan jokatzeko partida bazela oraindik, eta PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak hamar milioi euroren zuzenketak hitzartu dituzte.

Berez, ordezkaritzaren arabera, talde bakoitzaren artean diru kopuru bat banatu da, eta konpromisoa da bakoitzak aurkezten dituenak guztien artean onartzea. Ezohiko gertakariei aurre egiteko urtero aurrekontuetan jaso ohi diren kontingentzia planetik hartuko dira hamar milioi euroak. Beste behin, iragan astean osoko zuzenketa atzera bota ostean, Navarra Suma bakarrik geratu da.

Asteazken goizean, Geroa Baik aurkeztutako 80 zuzenketen berri eman du. Uxue Barkos eledunak nabarmendu du akordio horrek «egonkortasun politiko eta ekonomikoa» emango diola. Nabarmendu du aurrekontu akordioak beti direla beharrezkoak baina pandemiaren erdian «are beharrezkoagoak», eta oroitarazi du aurrekontuak aurrera ateratzeko Navarra Sumak gobernuari eskaini zion abstentzioak ez zuela inongo heldulekurik: «Denok genekien hasieratik txeke zuri bat emateko Navarra Sumaren proposamen horrek ez zuela aukerarik, txantxa bat baino ez zela, baina uneotan gauza ez dago txantxetarako». Barkosek nabarmendu du aurrekontuak ez onartzeak «zigor bikoitza» eragingo liokeela Nafarroari, Europako Batasuneko Next Generation egitasmoko funtserako galga bat litzatekeelako.

Barkosek adierazi du ulertzen duela Nafarroako gizartearen zati batengan EH Bilduk eragin dezakeen errezeloa, eta bizikidetzaren eta erreparazioaren arloko prozesua irekirik badago ere negoziazio politikoek aurrera egin behar dutela COVID-19ari aurre egiteko. Halaber, gaineratu du aurreko gobernuak politiketan egindako norabide aldaketak eta Geroa Bairen eskuetan diren departamenduek toki onean utzi dutela Nafarroa, EBko laguntzei begira.

Geroa Baik aurkeztutako 80 zuzenketek hiru milioi euroko finantzaketa izango dute; horietatik 61, hain zuzen, bakarrik aurkeztu ditu, eta gainerakoak, beste lau indarrekin edo batzuekin hitzartuta. Maria Solanak azpimarratu du hiru milioi eurotik 2,5 milioi euro Nafarroako hainbat udaletako egitasmoak bultzatzeko izango direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.