Txina

Hong Kongek Wong eta oposizioko beste bi ekintzaile espetxeratu ditu

Erruduntzat jo dituzte 2019an legez kanpoko manifestazio bat antolatzeagatik eta hartan parte hartzeagatik. Hamahiru hilabeteko zigorra ezarri diote Wongi, eta hamarna hilabetekoa, berriz, Chowri eta Lami.

Agnes Chow, Ivan Lam eta Joshua Wong oposizioko ekintzaileak, zigortu dituen Hong Kongeko epaitegiaren aurrean, joan den azaroren 23an. JEROME FAVRE, EFE
2020ko abenduaren 2a
13:59
Entzun

Hong Kongeko Gobernuak «demokraziaren» aldeko mugimenduko beste hiru kide zigortu ditu gaur: Joshua Wong oposizioko ekintzaile eta mugimenduko kiderik ezagunena eta Agnes Chow eta Ivan Lam kideak. Wong hamahiru hilabeteko espetxealdira zigortu dute, eta hamarna hilabeteko zigorra ezarri diete Chomi eta Lami. Hirurei leporatu diete 2019ko ekainean gobernuaren kontrako legez kanpoko manifestazio bat antolatzea eta mobilizazio horretan parte hartzea.

Garai horretan, protesta jendetsuak izan ziren Hong Kongen, Txinarako estradizioei bide ematen zien legearen aurka. Manifestarien presioak hiriko gobernua behartu zuen legea behin-behinean etetera.

Epaitu dituzten gertaerak Txinak Hong Kongerako onartu zuen Segurtasun Legearen aurrekoak direnez, zigor gogorragoak saihestu dituzte. Izan ere, bizi guztiko kartzela zigorra aurreikusten du lege horrek segurtasun nazionalaren kontrako delituentzat.

Wongek Twitter bidez adierazi du aldarrikapen politikoei eutsiko diela kartzelatik. «Ez da borrokaren amaiera. Gure aurretik beste gudu zelai bat dugu erronka. Orain, espetxeko gudura batuko gara beste manifestari ausart batzuekin batera. Ez da hain agerikoa, baina bai ezinbestekoa Hong Kongerako demokrazia eta askatasuna lortzeko borrokan».

Wongek hurrengo hauteskundeetan parte hartuko zuela iragarri zuen abuztuan. Bozak irailean egitekoak ziren, baina urtebete atzeratu zituen hiriko gobernuak pandemia kontrolatu beharra zegoela argudiatuta.

Espetxeratutako hiru ekintzaileak ezagun egin ziren 2014ko Aterkien Iraultzan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.