'BATERAGUNE AUZIA'

Otegi: «Auzi politiko bati buruz hitz egiten ari gara»

Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiketa berriro egitea erabaki ondoren, ebazpenari erantzuteko agerraldia egin dute, EH Bilduren egoitzan.

Arnaldo Otegi hizketan, Gorenaren erabakiari buruzko balorazioa egiten. MAIALEN ANDRES / FOKU
jon olano
2020ko abenduaren 15a
11:14
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik ez du erabakiaren inguruko ebazpena argitaratu, baina eragile politiko eta alor juridikoko aditu asko harritu zituen erabaki bat hartu zuen atzo: Bateragune auzikoepaiketa berriro egitea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi eta gero auzipetuek ez zutela epaiketa justurik izan, Angela Murillo epailea ez zelako «inpartziala» izan. Auzitegi Gorenaren erabakiari buruzko balorazioa egin du Arnaldo Otegik, EH Bilduren egoitzan.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, auzipetuek ez dute oraindik epaiketaren errepikapenaren inguruko informaziorik jaso. Hala, erabakia «termino mediatikoetan» neurtzeak «intentzio bat» erakusten duela uste du. Gainera, kontzeptu teorikoetatik haratago, «afera politiko bat» dela argudiatu du Otegik: «Hauteskundeak galtzen dituenean, Espainiako eskuina botere faktikoetan errefuxiatzen da: militarretan, komunikabideetan eta judikaturan. Badago bloke politiko bat, militar bat eta togadun bat. Horiek guztiak dira 78ko erregimena, inpugnatzen duguna».

Atzoko erabakiaren atzean EH Bilduk osatzen duen «fronte zabala» indartu izana dagoela adierazi du Otegik: «Lehentasuna da ezker subiranista jotzea eta haren lidergoa kriminalizatzea; zergatik? Zorionez, fronte zabal hau indartu egin delako, indarrak metatu ditugulako, gero eta gehiago garelako eta, hori gutxi balitz, gure influentzia politikoa handituz doalako. Hori jasanezina zaio 78ko erregimenari. Horregatik, haren helburua da ezker subiranistaren lidergoa kriminalizatzea». Halere, nabarmendu du eurek ez direla «milimetro bat» mugituko, konfiantza osoa duelako: «Egiten ari garenaren gainean eta gure herrian».

EH Bilduko koordinatzaileak gogoratu du Voxen eskaera aintzat hartzearen ondorioz iritsi dela erabakia, eta nabarmendu du Espainiako eskuina «botere faktikoetan» errefuxiatu dela: «Militarrean, komunikabideetan eta judikaturan». Horiek «inpugnatzen» dituztela ere azpimarratu du: «Konfiantza izan dezala esaten diogu jendeari; zerbait ongi egiten ari gara horrelako jazarpena jasateko. Aukeratu dugu hazteko modua ematen digun bide bat, eta ez gara desbideratuko».

Gorenaren erabakiari beste helburu batzuk ere antzematen dizkio Otegik; batetik, uste du «desegonkortze estrategia bat» dagoela estatuan, «eta eskura dituzten baliabide guztiak» erabiliko dituztela horretarako. Horrez gain, Kataluniari begirako xede bat ere nabari du: «Mezu bat bidali nahi da, itxaropen oro galtzeko, Auzitegi Gorena prest dagoelako Estrasburgoko auzitegiari berari desobeditzeko».

Balorazio juridikoak saihestu nahi izan ditu Otegik, argudiatuta oraindik ez dutela erabakiaren ebazpena ere jaso eta abokatuei dagokiela hori egitea. Halere, pausoak emango dituztela iradoki du: «Gorenak erabaki du beste partida bat hastea, eta pieza bat mugitu du. Baina hau ez da bukatu, eta besteok ere piezak mugituko ditugu».

Eba Blanco EAko idazkari nagusiak ere hartu du hitza, azpimarratzeko atzoko erabakiak ez duela soilik zerikusia ezkerreko independentismoarekin: «Demokraziaren, justiziaren aurkako erasoa da». Hala, oraingoan Bateragune auziko bost auzipetuak izan diren arren, bihar «demokrazia defendatzen duen edonor» izan daitekeela adierazi du. Gauzak hala, erabakiari erantzuteko deia egin die «Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako herritar guztiei, printzipio demokratikoetan sinesten dutenei».

Erantzunak «proportzionala» izan behar duela uste du Blancok, eta Europari ere dei egin dio «oinarrizko askatasunen aurkako erasoari» erantzuteko. Hala, mobilizazioetan parte hartzera deitu du: «Ez gaituzte geldituko, ezta isilduko ere».

Garzon: «Izugarria da»

2009ko urrian atxilotu zituzten auzipetutakoak, ETAren aginduetara Batasuna berreraikitzen saiatzea egotzita, eta 2011n epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean. Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek osorik bete zituzten Gorenak 2012an berretsitako zigorrak —31 urte guztira—. Gorenak berak zigor horiek baliogabetu zituen udan.

Bateragune auzia abiatu zuen Polizia operazioa Baltasar Garzon epaileak agindu zuen, eta Garzon bera gogor mintzatu da azken orduetan Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurka: «Ez daukat argi. Berme bat aldarrikatuz, sententzia bertan behera utziz, beste epaiketa bat dago orain, eta aztertu beharko dira mugak; edonola ere, ezingo da zigorra gogortu; berdina izan beharko luke, edo absoluzio bat. Prozesuaren karga bera ez da onargarria. Beste soluzio bat planteatu behar zen, berrikuspenak berak dakarrena; epaia bertan behera geratzen da, zigorra bete da, eta, hala badagokio, kalte-ordainak planteatzen dira. Arazo konplexua da. Izugarria da, inor ez baita ausartuko berrikusteko helegite bat planteatzera, gero berriro epaitua izan daitekeelako».

Egiguren: «Justiziaren parte jakin batzuk gerran daude gobernuarekin»

Gaiaz hitz egin du PSE-EEko presidente ohi Jesus Egigurenek ere. Egigurenek solaskide izan zuen Otegi 2005-2007ko arteko bake elkarrizketen abiapuntuan, eta, Otegiren aurkako auzia berriz zabalduta, Egigurenek uste du «eskuina hariak erabiltzen ari dela justizian, politikan eragiteko». Radio Euskadin mintzatu da, eta «harrituta» azaldu da Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, baina ez du uste, denbora aldetik ere, garaia «kasualitatea» denik: «Prozesu judizial bat baino gehiago, honek Kafkaren prozesu bat dirudi». «Hain da absurdoa, ez baitut ulertzen. Auzia hain da printzipio konstituzionalen aurkakoa, ez baita beharrezkoa izango inork auzipetuen alde egitea».

Bestelako iritzia du, ordea, Pablo Casado PPko presidenteak: «Otegi terrorismoagatik epaituko dute. Ez da bake gizona, ez du estatuaren zuzendaritzan egon behar, eta harekin ados jartzea ez da demokraziaren garaipena».

Auzia berriro zabaltzeko erabaki horretan, esanguratsua izan da fiskalaren rola. Izan ere, AVT-Verde Esperanza biktimen elkarteak Auzitegi Nazionalera jo zuen, beste epaimahai bat izendatuta auzia berriz egin zedila eskatzeko. Auzitegi Nazionalak ez zuen onartu: argudiatu zuen, besteak beste, epaiketa berriz egiteak ez lukeela lege babesik —Espainiako Prozedura Kriminaleko Legeak ez du halakorik aurreikusten— eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dioela «pertsona interesdunek» eskatuta soilik egin daitekeela auzia berriro. Alegia: Otegik, Diezek, Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak hala eskatuta egin daitekeela; ez bertzela.

Illana Navia Osorio Espainiako Auzitegi Goreneko fiskalak bertzelako bertsio bat eman zuen azaroan, Goreneko presidente Manuel Marchenak irailean irekitako probidentzia bati erantzunez. Hain zuzen, fiskalak, Bateraguneko auzipetuek 2011ko sententziari aurkezturiko kasazio helegiteari erantzunez, eskatu zuen auzia berriro egin zedila. Bere burua kontraerraten ari da fiskala: izan ere, defentsak jarritako berrikuspen helegitea tramitatzerakoan, fiskalak ez zuen halakorik eskatu. Epaia bertan behera gelditzea baino ez zuen galdegin orduan; eta, orain, berriz, epaiketa berriro egitea nahi du. Kontraesan bikoitza dago, beraz: batetik, irizpide ezberdinak dituzte Auzitegi Nazionaleko eta Goreneko fiskalek; eta, bestetik, Goreneko fiskal Navia Osoriok hasieran eskatu ez zuen zerbait galdegin du orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.