'BATERAGUNE AUZIA'

Auzitegi Gorenaren erabakia kritikatu du Foro Sozialak

Plataformaren arabera, epaiketa berriro egitea «bizikidetza demokratikoaren eraikuntzaren aurkako eraso zuzena» da

Iñigo Iruin, Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez, joan den abuztuaren 1ean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 18a
11:33
Entzun

Bateragune auziko bostak berriro epaitzeko Auzitegi Gorenak hartutako erabakia kritikatu du Foro Sozial iraunkorrak. «Bizikidetza demokratikoaren eraikuntzaren aurkako eraso zuzena da», nabarmendu du plataformak, ohar batean. Iruditzen zaio, halere, ez dela «kasualitatea», kontuan hartuta bizikidetza demokratikoan dauden «hiru korapiloak (biktimak, presoak eta oroimen inklusiboa) konponbidean jartzeko urrats sendoak» egiten ari diren honetan gertatu baita.

Foro Sozialak uste du epaiketa berriz egitea «remake bat» izango zela. «Kasu honetan, zuri-beltzean: gaindituta dauden garaietakoa. Errealitateak fikzioa gainditu du». Ohartarazi du euskal gizartea «nazkatuta» dagoela «gehiegi» errepikatzen diren erabakiekin. «Gizarteak behin eta berriz errepikatu du ez dela tentsio eta sufrimendu gehiago gehitzeko garaia, baizik eta, hain zuzen ere, gaur egun oraindik ere irauten duten sufrimenduak konpontzekoa».

Plataformak uste du orain arte «aurreratu» dena «desegin» nahi duen «lobby bat» dagoela erabakiaren atzean. «Lobby bat eratu da, hainbat interes dituzten eragile politikoak, elkarteak, talde mediatikoak, ETAren biktimen sektore antolatuak eta fiskaltzaren eta epailetzaren sektoreak biltzen dituena. Tamalez, gaur esan behar dugu gure azterketa zuzena zela. Hain zuzen, lobby horrek pisu handia du Auzitegi Gorenean, eta bizikidetza demokratikoaren aurkako bere agenda ezartzen saiatzen ari da».

Gorenak hartutako erabakia salatzeko, elkarretaratzeak egingo dituzte bihar Euskal Herriko herri eta hirietan (12:00), Demokrazia lelopean. Foro Sozialeko ordezkaritza bat Bilbokoan egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.