Euskal presoak

Preso eta iheslaririk gabeko agertokia aldarrikatu dute Baionan

Covid-19aren krisiak euskal presoengan izandako ondorio negatiboak eta azken asteetan izandako preso ohien atxiloketak salatu ditu euskal preso eta iheslari ohien kolektiboak. Ipar Euskal Herrian eraiki den elkarlan dinamikarekin bat egiten dutela eta parte sentitzen direla berretsi dute, eta larunbaterako Bakegileek eta Sarek antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Euskal preso eta iheslari ohien agerraldia, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urtarrilaren 6a
12:30
Entzun

Agerraldia egin dute euskal preso eta iheslari ohiek Baionako merkatuan, eta «ardura historikoz» jokatu eta «bake prozesua bururaino» eramateko eskatu diote Emmanuel Macron Frantziako presidenteari. «Preso guztien kaleratzea, erbestean dauden guzien etxeratzea eta militante guzien eskubideak errespetatzeko prozesua gauzatzeko ordua da». Halaber, preso eta erbesteratu ohien kontrako salbuespen neurriak desagertu behar direla ere aldarrikatu dute, Fijait neurriei, lurralde debekuei eta kanporatze administratiboei erreferentzia eginez. Ipar Euskal Herrian eraiki den elkarlan dinamikarekin bat egiten dutela eta parte sentitzen direla berretsi dute, eta larunbaterako Bakegileek eta Sarek antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Euskal preso eta iheslari ohien kolektiboak nabarmendu du Covid-19aren krisiak ondorio negatiboak izan dituela euskal presoengan eta haien senideengan. «Kartzelan ezarri diren osasun neurriek isolamendua areagotu dute, bisiten murrizpen edo bertan behera uztearekin». Osasun krisiaren hastapenean, milaka preso askatuko zituela hitz eman zuen Frantziako Gobernuak, baina deitoratu dute euskal presok kanpo utzi dituztela, «terrorismoaren aurkako legedien aitzakipean». Erabakia «are onartezinagoa» dela salatu dute esklerosi anizkoitza duen eta Covid-19an positibo eman duen Ibon Fernandez Iradi eta aurten 70 urte bete dituen Jon Gurutz Maiza euskal presoen kasuan. «Salatzen dugu jarrera mendekatzaile hori, presoei eta haien familiei sufrimendua besterik ez baitie ekartzen».

Bide beretik, osasun egoerak preso eta iheslari ohiei ere eragin diela salatu dute. «Konfinamendu garaian hartutako neurriekin lotutako kontrol sozialaren ugaritzeak gogorarazten digu gure askatasuna mugatua dela eta uneoro zalantzan jartzen dela». Ohartarazi dute azken asteetan ugariak izan direla preso ohien atxiloketak errepide kontroletan. Batzuek lege-oroitarazpenak jaso dituzte Fijait neurriak ala lurralde debekuak urratzeagatik. Bereziki aipatu dituzte Igor Uriarte, Jon Irazola, Peio Alcantarilla, eta Oier Oaren kasuak. «Guztiz integratuak gaude, urteak daramatzate bizitza publikoa egiten». Horien kasu berean diren beste anitz Damoklesen ezpata buru gainean dutela bizi direla salatu dute. «Gure herrian askatasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu».

Konponbide integrala

Orain urtebete egin zuten azken agerraldi preso eta iheslari ohiek, Baionako katedralean, baldintzapeko askatasun eskaerei Frantziako ministerio publikoak eta hainbat epailek emandako erantzun ezkorrak salatzeko. «Erabaki politikoak ziren juridikoak baino gehiago», berretsi dute. «Gutako anitzen esperientziak horren froga dira: izan ere, argumentu horiekin, egun, gu geu ere presondegia azken eguneraino betetzera kondenatuak ginateke. Gu kaleratzeak ez du neholako nahasmendurik ekarri, guztiz kontrakoa. Konponbiderako gure jarrera zalantzagabea izan da beti, eta hala izaten segituko du», adierazi dute Galarragak eta Etxebarriak. +

Haien aldetik, agertoki berri bat eraikitzearen aldeko apustua egiten dutela erran dute, «pertsona guztientzako eskubide guztien errespetuan oinarrituko dena, Euskal Herrian aske bizitzea funtsezko eskubideetako bat izanik». Azken bi urteetan euskal presoek bizi duten salbuespen egoera gainditze bidean «urrats garrantzitsuak» izan direla aitortu dute, eta Frederic Haranburu Xistorren baldintzapeko askatasuna berretsiz Parisko Dei Auzitegiak hartutako erabakiak «ikuspegi berri bat» irekitzen duela. «Konbentzituak gaude Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialaren mobilizazio, aktibazio eta erabakitasunaren emaitza dela». 2021ean Haranbururi buruzko erabakiaren luzapenak espero dituzte, Jakes Esnal, Jon Kepa eta Unai Parot, eta eri diren presoei dagokienez. «Presoak kartzelatik atera eta berriz sartzen ez diren urtea», izan behar dela azpimarratu dute, Mikel Barriosi aipamena eginez. Bihar emanen du haren kontrako epaiketaren emaitza Parisko Dei Auzitegiak. 00

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.