Lan gatazkak

ITP Aero Castingseko langileek bitartekaritza eskatu diete Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari

Mugagabeko greba hasi zuten joan den astean, 90 kaleratze eragozteko.

ITP Aero Castingseko langileen protesta, duela hilabete. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 11
12:26
Entzun

Ez daude amore emateko ITP Aero Castings enpresako langileak. Hilaren 7an greba mugagabea hasi zuten, enpresaren jabeak, ITP talde aeronautikoak, 90 kaleratze abian jarri dituelako Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan (Bizkaia). Hasiera batean, 136 bota nahi zituen, baina kopurua gutxitu zuen gero. Kaleratutako langileen zerrenda dagoeneko banatu du zuzendaritzak.

Barakaldoko fabrikaren aurrean gaur goizean egindako agerraldian, ITP Aero Castingseko langileen ordezkariek erakunde publikoen esku hartzea eskatu dute. Gogorarazi dute sektore aeronautikoak laguntza publikoak jaso dituela sektore estrategikoa delako, eta horregatik uste dute gatazkan bitartekari lana egin beharko luketela Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. «Hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da, eta apustu egiteko langabezia eta pobrezia bukatzearen alde». 

Langileek uste dute kaleratzeek ez daukatela justifikaziorik, aeronautikaren krisia aldi baterakoa soilik delako eta ez egiturazkoa, zuzendaritzak dioen moduan. «Zuzendaritzak exekutatu nahi duen benetako atentatu bat» dira kaleratzeak, haien esanetan, eta helburu bat dute: «ITPk poltsikoak betetzen jarraitzea. Zapalketa honen atzetik dagoena da Rolls Roycek ITP taldea saldu nahi duela aurtengo udaberrian».

Kaleratzeen ordez, «malgutasun neurriak» eskaini dituzte eskariaren jaitsierari aurre egiteko «Posible da [enplegua] erregulatzea langile bakar bat kaleratua izan gabe eta Barakaldoko eta Sestaoko plantentzat berme ekonomikoak emanda».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.