Katalunia

Hirugarren gradua proposatu dute, berriro, preso dauden buruzagi independentistentzat

Zigorra betetzen ari diren espetxeetako tratamendu batzordeek egin dute proposamena, eta Kataluniako Gobernuak bi hilabeteko epea izango du hura onartzen duen ala ez jakinarazteko.

Jordi Turull eta Josep Rull Kataluniako kontseilari ohiak, Lledonerseko espetxera sartzen, iazko uztailean. SUSANNA SAEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 14a
15:29
Entzun

Bigarrenez, hirugarren graduko espetxe erregimena proposatu dute preso dauden Kataluniako buruzagi independentistentzat. Lledoners, Wad-Ras eta Puig de les Basses kartzeletako tratamendu batzordeek egin dute gradu aldaketarako proposamena, Espainiako Auzitegi Gorenak preso horiei hirugarren gradua indargabetu eta hilabetera. Gorenaren iritziz, goizegi zen buruzagi independentistak graduz aldatzeko, presoetatik bakar batek ere ez zuelako zigorraren erdia bete, eta, gehienek, laurden bat ere ez. Zigor Kodearen 100.2. artikuluak bigarren gradurako aurreikusten dituen onurak ere ukatu egin zizkien.

Tratamendu batzordeek aho batez hartu dute erabakia Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCko idazkari nagusiaren, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen eta Dolors Bassa Kataluniako kontseilari ohiaren kasuan; gehiengoz, gainerakoenean —Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiaren, Oriol Junqueras Generalitateko presidente ohiaren eta Jordi Turull, Josep Rull, Quim Forn eta Raul Romeva kontseilari ohien kasuan—.

Presoek «mendeku gosez» jokatzea leporatu zioten orduan Espainiako Estatuari, eta defentsek ziurgabetasun juridikoa salatu zuen, ezin zutelako jakin noiz beteko duten zigor nahikoa, hirugarren gradura aldatu ahal izateko.

Kataluniako Gobernuak erabaki beharko du orain tratamendu batzordeen proposamena onartuko duen ala ez. Ontzat joko balu, Fiskaltzak helegitea jartzeko aukera izango luke; lehenengo, espetxe zaintzako epailearen aurrean, eta, azken buruan, Gorenaren aurrean. Gorenak hirugarren gradua onartu zuten espetxe zaintzako epaileei egotzi zien, hain zuzen, buruzagi independentisten kontrako zigor epaia berriro interpretatzea.

Bozak atzeratzea, aztergai

Katalunian otsailaren 14an egitekoak diren hauteskundeak atzeratzeko aukera aztertzen ari da Generalitatea, pandemiarengatik. COVID-19 kasu berrien eguneko kopurua markak apurtzen ari da herrialdean, eta egoerak eztabaida piztu du bozak egitearen egokitasunari buruz. Gobernuak bihar hartuko du erabakia, osasun egoerari buruzko azken datuak aztertu ostean.

Hauteskundeak atzeratzea erabakiz gero, bozak Aste Santuaren ondoren egingo lirateke. Maiatzaren 16a da Kataluniako hedabideek gehien aipatu duten data.

Generalitateak ahalik eta adostasunik zabalena lortu nahi du, hauteskunde eguna aldatzekotan. Oraingoz, PSC eta Laura Borras JxCren presidentegaia kontra agertu dira, eta bozak atzeratzearen alde egin dute Ciudadanosek, Catalunya en Comuk, CUPek eta PDeCATek. ERCko hainbat buruzagi bozen data aldatzea babestu dute, osasun adituek hala egitea gomendatuz gero. Akordiorik ezean, baliteke epaileen esku gelditzea hauteskunde egunari buruzko azken hitza, aurrekaririk gabeko egoera judizial nahasian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.