AEB

Trump errugabetzat jo du AEBetako Senatuak

Goi ganberak ebatzi du AEBetako presidente ohiak ez zuela «matxinada bat bultzatu». Hura arduradun jotzearen alde bozkatu dute 57 ordezkarik eta kontra 43k, eta, beraz, ez da bi hereneko adostasunik izan ganberan.

Donald Trump Etxe Zurian, iragan abenduan. KEN CEDENO / EFE
Berria
2021eko otsailaren 12a
17:51
Entzun

Bigarrenean ere, errugabe. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak ebatzi du Donald Trump herrialdeko presidente ohiak ez zuela «matxinada bat bultzatu», eta, hortaz, ez zuela hark eragin iragan hilaren 6an Kapitolioan gertaturikoa.

Impeachment-etan botoen bi heren dira beharrezkoak, eta, hortaz, Alderdi Demokrataren botoez gain, akusazioak gutxienez hamazazpi senatari errepublikanoren baiezkoa ere behar zuen arrakasta izateko. Ez da halakorik gertatu: 57 ordezkarik bozkatu dute Trump errudun izendatzearen alde, eta 43k, kontra. Horrenbestez, ez dute kargu politikoetarako ezgaituko.

Azken unera arte izan da ikusmina, zenbat errepublikanok bozkatuko zuten Trump zigortzearen alde. Zalantzak uxatu eta alderdi barruan jarrerak bateratzeko adierazpena egin du Mitch McConnell errepublikanoen Senatuko liderrak, bozketaren aurretik: Trump errugabetzearen alde egingo zuela jakinarazi du, eta berdin jokatzeko eskatu die bere alderdikideei.

Epaiketa politikoan, akusazioak argudiatu du iragan hilabetekoa «antolatua» izan zela, azaroko presidentetzarako hauteskundeak baino «bost-sei hilabete lehenago hasita». Jamie Raskin kongresukideak esan du Trump «komandante burua izatetik bultzatzaile burua izatera pasatu» zela; agintari ohiaren defentsak, berriz, adierazpen askatasunean jarri du arreta bezeroaren jarrera azaltzeko.

Ustekabeko lekukoa

Azken saioan, bozketa atzeratuko zela eman du aditzera Senatuaren ustekabeko erabaki batek: epaiketara lekuko gehiago deitzea onartu du, demokraten eta bost senatari errepublikanoren eskariz. Akusazioak Jaime Herrera Beutler kongresukide errepublikanoak deklaratu dezala galdegin du, hark atzo adierazi zuelako Trump Kapitolioari eraso egin ziotenen alde lerratu zela, erasoa gertatu zen egunean bertan, Kevin McCarthy errepublikanoen Kongresuko buruarekin telefonoz izan zuen elkarrizketa batean.

Trumpen abokatu Michael van der Veenek salatu egin du Senatuak lekuko gehiago deitzeko aukera onartu izana, eta berak orduan ehun lekuko gehiago deitu beharko dituela ohartarazi du. «Orain azken argudioak entzuteko unea da, kontzientziaren arabera bozkatzekoa», esan du abokatuak.

Azkenean, eta epaiketa hainbat astez luzatu zitekeela ikusita, erdibideko akordio batekin itxi dute eztabaida, akusazioak eta defentsak, impeachment-ak aurrera jarrai zezan. Akusazioak eta defentsak adostu dute Jaime Herrera Beutler kongresukide errepublikanoaren testigantza gehitzea ordura arte bildutako probei, baina, defentsak nahi bezala, lekuko gehiago deklaratzera deitu gabe.

Herrera Beutlerrek atzo adierazi zuenez, Kevin McCarthy errepublikanoen Kongresuko buruak esan zion Trump Kapitoliora sartu ziren erasotzaileekin lerratu zela, urtarrilaren 6an, erasoaren egunean, McCarthyrekin berarekin izan zuen telefono dei batean. Haren arabera, dei horretan, Trumpek baztertu egin zuen erasotzaileei Kapitoliotik irteteko eskatzea eta erasoa bertan behera uzteko exijitzea. «Badirudi hauteskundeengatik zu zaudena baino haserreago daudela», esan omen zion presidente ohiak McCarthyri.

Herrera Beutlerrek ohar bat kaleratu du, Trumpen eta McCarthyren arteko elkarrizketa horren lekuko izan zirenei mintzatu zitezela eskatzeko. «Ezer gehitzeko baldin baduzue, orain da garaia».

Alderdi Errepublikanoko zenbait senatarik ohartarazia zuten iritzia alda zezaketela aurkezturiko frogak «pisutsuak» balira, baina, Herrera Beutlerren hitzak ez dira nahikoa izan Trumpen kontrako boto nahikoa biltzeko.

AEBetako presidente ohia bi aldiz epaitu duten lehen agintaria bilakatu da. Iragan urtean egin behar izan zion aurre lehen epaiketari, «botere abusua eta Kongresuaren lana oztopatzea» leporatu ziotenean, baina Senatuak errugabea zela bozkatu zuen, Alderdi Errepublikanoak zuen gehiengoari esker.

.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.