Tortura

Rodriguez Galindo «torturatzaileari» emandako dominak kentzeko eskatu du EH Bilduk

Hildako jeneralari emandako dominak justifikatzen dituzten espedienteak desklasifikatzeko eskaera egin du koalizio independentistak Espainiako Kongresuan

Rodriguez Galindo, 2004an. JUAN HERRERO / EFE
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 15a
16:50
Entzun

«Giza eskubideak urratu dituzten poliziei dominak kentzeko ordua da», nabarmendu du Jon Iñarrituk, ohar batean. Horregatik, Enrique Rodriguez Galindo «torturatzaile» zendu berriari emandako dominak kentzeko eskatu dio EH Bilduren diputatuak Espainiako Gobernuari. Gogoratu du Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia ohia hil zenean, iazko ekainean, gobernuak dominak guztiak kendu zizkiola. «Billy el Niño-k torturatzeagatik ohore dominarik merezi ez bazuen, Rodriguez Galindok ere ez». Eta, hain zuzen, Espainiako Kongresuan erregistratutako eskaeran galdetu dio Iñarrituk Espainiako Gobernuari ea gerra zikinaren urteetan dominak pilatu zituen Guardia Zibilaren jeneral ohiari horiek kenduko ote dizkioten.

Intxaurrondoko (Donostia) kuarteleko burua izandakoaren «zerbitzu orria» eta domina horiek justifikatzen dituzten espedienteak eta txostenak «desklasifikatzeko» eskaera egin du, gainera, Iñarrituk. Bide batez, joan den larunbatean COVID-19ak jota hildako «estatuko terrorismoaren kideari» eman zizkioten ohore domina guztiak zerrendatu ditu aurkeztutako dokumentuan.

EH Bilduren diputatuak nabarmendu du azkeneko urteotan Euskal Herrian izandako tortura kasu «latzenen» erantzule zuzena izan zela Rodriguez Galindo. Gogoratu du, esaterako, Joxi Zabala eta Joxean Lasa «bahitu eta hiltzeagatik» 75 urteko kartzela zigorra ezarri ziotela, baina lau urte pasa besterik ez zituela igaro espetxean.

«Terrorismoa goratzeagatik»

Horiek hala, joan den larunbatean, Rodriguez Galindo hil eta gutxira, «hainbat herritarrek, hainbat polizia elkartek, eta eskuin muturreko hedabideek» argitaratu zituzten mezu eta artikulu ugari, EH Bilduren arabera, «estatu terrorismoagatik zigortutako jeneralaren ibilbidea goraipatuz». Hori kontuan hartuta, Iñarrituk galdetu dio Espainiako Gobernuari ea zenbat pertsona atxilotu dituzten, mezu horiekin harira, «terrorismoa goratzeagatik»; zenbat salaketa jarri diren arrazoi horregatik, eta zenbat ikerketa hasi dituzten, «aintzat hartuz delituak izan daitezkeela Zigor Kodearen 578. artikuluaren arabera». Iñarrituk eskatu du idatziz erantzun diezaiotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.