Albistea entzun

Enrique Rodriguez Galindo

Dominen itzaletan

Guardia Zibilean ibilbide loriatsua egin zuen Galindok; Intxaurrondoko kuarteleko buruak dominak pilatu zituen gerra zikinaren urteetan, Lasa eta Zabalaren auzian zigortu zuten arte. COVID-19ak jota hil da.
EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko otsailak 14

H aiek bezalako sei gizonekin, Hegoamerika osoa konkista zitekeen». Esaldiaren tamainak ematen du egilearen neurria. 1999ko abenduaren 16an esan zuen epailearen aurrean Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralak, akusatuen aulkian zegoela, 1983ko urrian Joxi Zabalaren eta Joxean Lasaren bahiketak eta hilketak agintzea egotzita. Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilentzat ziren epaiketan botatako loreak; horiek ziren Lasaren eta Zabalaren bahiketan, torturan eta hilketan parte hartu zutenetako bi, eta horien moduko sei nahi zituen Galindok. Jenerala izan da torturak Euskal Herrian izan dituen ikur nagusietako bat, eta hilaren 2an jakin zen Zaragozako erietxe bateko ZIUan zegoela, COVID-19arekin kutsatuta. Atzo hil zen, Torturaren aurkako Egunean, 82 urte bete berri zituela.

Torturaren eta zigorgabetasunaren aurpegia da Rodriguez Galindorena: Intxaurrondoko kuartelaren buru zela, bertan atxilotuei emandako tratu ankerrarengatik —horren testigantza eman zuen, besteak beste, Ion Arretxe zenak—; bere ibilbide profesionalaren garapenagatik eta urte horietan jasotako kargu eta dominengatik; eta baita Lasa eta Zabalaren auzian jasotako zigorrarengatik ere: 75 urteko kartzela zigorretik lau urte eta lau hilabete inguru egin zituen espetxean.

1936ko gerra bukatu baino bi hilabete eskas lehenago jaio zen Rodriguez Galindo (Granada, Espainia, 1939), eta aitaren bideari jarraituz sartu zen guardia zibil. 1980an iritsi zen Euskal Herrira, Donostiako Intxaurrondo auzoko Guardia Zibilaren kuartelera. Kuarteleko bigarrena zen, baina de facto harena zen Intxaurrondoko agintea. PSOEk 1982ko hauteskundeak irabazi eta gero, Barne eta Justizia Ministerioko talde berriak kargutik kendu nahi zuen. «Kargutik kentzea zaila zen», Fernando Lopez Agudin ministerioko prentsa arduradunaren esanetan. «ETAri buruzko aditu nagusia zen, eta sekulako babesa zeukan Espainia osoan». Galindo botatzeak eragingo lituzkeen kritiken beldur, karguan utzi zuten, eta 1988an lortu zuen kuarteleko buru izatea.

Dominak pilatuz joan zen 1980ko hamarkadan. 1981eko urtarrilaren 7an, Guardia Zibilaren bereizgarri zuriko gurutzea eman zioten, baina hiru urte eta erdi geroago heldu zitzaion sari handiagoa: bereizgarri gorriko gurutzea. 1984ko urrian saritu zuen Felipe Gonzalezen gobernuak, Lasaren eta Zabalaren bahiketa, tortura eta hilketatik urtebetera, eta kolorea ez zen dominaren bereizgarri bakarra: preziatuagoa da gorria, besteak beste, bizi guztirako pentsioa ziurtatzen dielako. Lau bider eman diote ikur hori; guztira, hogei domina.

Maila militarretan ere gorantz egin zuen pixkanaka: 1992ko abuztuan, brigadako jeneral izendatu zuten, koronel karguan sei hilabete eskas eginda, eta jeneral izendatu zuten 1995eko abuztuan. ETAren aurkako heroi bat, azken urteetan ere Guardia Zibilaren inguruko argitalpen batzuetan irakur daitekeenez. Oraindik orain ere, haren figuraren loriaren eta kondenaren erlatibizazioaren artean mugitzen dira Guardia Zibileko kargudun garrantzitsu batzuk; «Zigortuak izan ziren gertaera jakin batzuengatik, baina, ekintza horiek alde batera utzita, terrorismoaren aurkako ibilbide oso garrantzitsua egin zuten», zioen Pablo Martin teniente jeneralak iazko urrian, ABC egunkarian. Oro har, Galindo Intxaurrondora heldu izana giltzarritzat jotzen dute ETAren aurkako jardunean, besteak beste ETAren kontrako borroka «modernizatu» zuelakoan. 900 bat pertsona atxilotu zituzten hark aginduta.

Euskal Herrian eginiko urteak liburu batean bildu zituen Galindok: Mi vida contra ETA: la lucha antiterrorista desde el cuartel de Inchaurrondo (Nire bizitza ETAren aurka: Borroka antiterrorista Intxaurrondoko kuarteletik).

Hortik aurrera, gerra zikinak zipriztindu zuen Galindoren ibilbidea. 1996ko maiatzean atxilotu zuten Lasa eta Zabalaren auzian, eta Auzitegi Nazionalak 71 urteko zigorra ezarri zion; 75era igo zuen gero Auzitegi Gorenak. Epaiketan, «jainkoagatik» eta bere «ohorearengatik» zin egin zuen ez zuela zerikusirik izan hilketekin. Senideek indultua eskatu zuten, 100.000 sinaduraren babesarekin, baina Auzitegi Goreneko Fiskaltzak baztertu egin zuen indultua. Hala ere, Rodriguez Galindo handik hilabete gutxira atera zen espetxetik, 2004ko urriaren 1ean, gaixotasunagatik. 2005eko urtarrilean, hirugarren gradua eman zioten. 2013an, berriz, baldintzapean aske utzi zuten, «jarrera ona» zeukalako eta «gizarteratzearen aldeko pronostikoa» egin ziolako Zuerako espetxeko Tratamendu Batzordeak. Bidean, karrera militarretik kanporatu zuten 2002an.

Lasa eta Zabalarena, ordea, ez zen Galindoren aurkako auzibide bakarra izan. GAL berdearekin —Guardia Zibilaren adarrarekin— lotura izateagatik inputatu zuten, baina 2002an kendu zioten inputazioa, argudiatuta delitu konkreturik ezin zitzaiela leporatu, eta erakunde armatuko kide izatearen delitua ordurako preskribatuta zegoelako. Aurrez, 1989. urtean, Luis Navajas Donostiako fiskalak droga trafikoarekin nahastu zuen Rodriguez Galindo, baina haren txostena desagertu egin zen, eta Donostiako Instrukzio Auzitegiak artxibatu egin zuen auzia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©Jaizki Fontaneda / Foku

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu du Egiari Zor-ek

Jone Bastida Alzuri

Aldarrikatu dutenez, beharrezkoa da aitortzea eta aintzat hartzea presoek eta haien senideek jasan dituzten biolentzia mota guztiak

 ©@PabloIglesias

Pablo Iglesias: «Demokrazia batek ezin du onartu torturak aplikatzea»

Lander Muñagorri Garmendia

'Non dago Mikel?' filmaren estreinaldian izan zen ostiralean Espainiako presidenteordea Irene Montero Berdintasun ministroarekin

Iñigo Urkullu, Beatriz Artolazabal eta Paco Etxeberria atzo, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gerran hildakoen 110 gorpu topatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak aurkeztu du hobiak lokalizatu eta aztertzeko planaren balantzea. 27 baino ez dituzte identifikatu. Biktimen «duintasuna eta memoria» goratu dute

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, atzo. ©DAVID AGUILAR / EFE

Erkorekak eta Grande-Marlaskak Poliziaren jardunaz hitz egin dute

Maddi Ane Txoperena Iribarren Jon O. Urain

Lehendakariordea eta Espainiako Barne Ministroa espetxe eskumenen transferentziaz aritu dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.