Kopako finala

Finalean kalean ospakizunik ez egiteko eskatu du Jaurlaritzak

Bingen Zupiria bozeramaileak esan du ez litzatekeela jendearen ilusioa piztu behar "mobilizazio, pilaketa eta ospakizun handiekin". Ospatu beharrekoa etxean ospatzera deitu du, eta kaleko ospakizunak beste garai baterako uztera.

Athleticen gabarra, 2015ean. LUIS TEJIDO, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko martxoaren 9a
13:48
Entzun

Espainiako Kopako finaletan kalean ospakizunik ez egiteko eta etxean ospatzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak gaur. Realak eta Athleticek iazko finala jokatuko dute apirilaren 3an, eta Athleticek eta Bartzelonak aurtengoa 17an. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur eskatu du kaleko ospakizunik ez egiteko, eta ospatu beharrekoa etxean ospatzeko, jende pilaketarik izan ez dadin. "Ospakizunak etxean egitera deitu nahi dugu, pertsonen mugimenduak eta pilaketak saihestera, eta kalean egin beharreko ospakizunak beste noizbait egitera", esan du bozeramaileak.

Zupiriak aurreratu duenez, Jaurlaritzak ez die esango beste erakundeei zer egin behar duten eta zer ez, baina gogorarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi dutela nolako arriskua izango den hurrengo hilabeteetan. Hain zuzen, Zupiriak berak atzo jakinarazi zuen Jaurlaritzak ez duela ordezkaritzarik bidaliko Sevillara (Espainia): "Zaleak ezin badira joan, guk ere ez dugu han egon behar", esan zuen. Ikuslerik gabe jokatuko dira finalak, eta Zupiria ados dago erabakiarekin. "Horrela egin beharra dago", esan zuen.

Zupiriaren arabera, hurrengo hilabeteak ez dira egokiak izango ospakizun handietarako. Athleticen gabarraz ere mintzatu da, zenbait berritze lan egin ondoren gaur itsasadarrean probatu behar zutela eta. Ohartarazi du ezin dela jendearen ilusioa piztu mobilizazio, pilaketa eta ospakizun handiekin. "Osasun egoera hau nola gaindituko dugun pentsatzeko garaia da, inzidentzia tasa nola jaitsiko dugun ahalik eta gehien, iazko uztailean lortu genuen moduan".

Gaur itsasoratu dute berriro Athleticek 1980ko hamarkadako tituluak ospatzeko erabili zuen gabarra. Itsas Museoan gordetzen dute, eta museoak berak probatu du. Hain zuzen, agintarien erabakiekiko begirunea eta ardura adierazi du Itsas Museoak, jakinik probatze hutsak ilusioa pizten duela Bilbon. Realarekiko eta Bartzelonarekiko errespetua adierazi dute, eta gehitu dute Athleticen gabarraren inguruko ilusioa "izugarria" dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.