Albistea entzun

EUSKAL PRESOAK

ETAren armagabetzetik lau urtera, presoen auzia konpontzeko eskatu dute

Bake Bidearen eta Bakegileen ustez, «kontrajarriak» dira Euskal Herriko gizarteak emandako pausoak eta euskal presoen egoera. Ion eta Unai Parot eta Jakes Esnalengan jarri dute arreta: 31 urte daramatzate preso. Ekainaren 26an martxa bat eginen dute, Baionatik Donibane Lohizunera.

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko apirilak 8 09:33

Gaur duela lau urte iragarri zuen ETA erakundeak armagabetu egin zela, eta, Bake Bidearen eta Bakegileen ustez, urteurrenak «kontrajarriak diren bi errealitate» jarri ditu parez pare. Izan ere, egun hartan Baionan irakurri zuten manifestuak zioenez, bakea ez da «indarkeriarik eza bakarrik». Ordea, presoen auzia konpondu gabe dago oraindik, bi eragileen ustez, eta horretan datza, hain justu, kontraerrana, «2021eko apirilaren 8ak Ion Paroten, Jakes Esnalen eta Unai Paroten 31 urteko kartzelaldiarekin bat egiten baitu».

Haiekin batera atxiloturiko Frederic Haranburu Xistor baldintzapean aske utzi zuten joan den azaroan, baina ez, ordea, bertze hirurak. Eragileek salatu dute, halaber, Ion Parotek positibo eman zuela koronabirusean; 70 urte dituela, eta baldintzapean aske uzteko eskatzen duen seigarren aldia duela. Bakegileen eta Bake Bidearen ustez, horrek ez zuen «gertatu behar»: «Ekidin zitekeen, Ion Parot ez balitz salbuespeneko neurrien menpe izan».

Ez da horiena «salbuespenezko» kasu bakarra. Izan ere, euskal presoen eskubideen aldeko eragileek gogorarazi dute Frantziako Gobernuak pandemiaren hasieran hartutako neurriek ez zituztela euskal presoak kontuan hartu —egoerarik zaurgarrienean ziren hainbat preso askatu zituzten—. «Salbuespen egoera hau dela eta, Ion Paroti, Jakes Esnali, Frederic Haranbururi, Josu Urrutikoetxeari, Gurutz Maiza Artolari eta Ibon Fernandez Iradiri ez zaizkie beren eskubideak bermatzen, haien adina eta eritasunak direnak izanik ere». Ibon Fernandez Iradiren kasua nabarmendu dute: larriki eri da, eta hark ere pasatu zuen COVID-19a. Hark ere, 2019an epaitegiak zigorra etetea onartu bazion ere, preso segitzen du.

Galdera bat egin dute Bake Bideak eta Bakegileek: «Aieteko Nazioarteko Adierazpenetik hamar urtera iritsiko garen honetan, nola uler daiteke zuzenbide arrunta etengabe indargabetzea?». Salatu dute denbora «badoala» eta arazo horiek konpontzeko «presa» dagoela: «Ezin dugu errealitate bikoitz hau gehiago onartu. Kontraerranean ezartzen ditu, alde batetik euskal jendarte dinamiko eta asmamen handikoa, Euskal Herriaren testuinguru politikoan aldaketa erradikala ekarri duena, eta, bertze alde batetik, terrorismoaren kontrako ministerio publiko anakronikoa, logika lehengotar eta liskartiarren logiketan segitzen duena». Bake Bidearen eta Bakegileen ustez, «bakea» lortzeko gatazkaren ondorioak konpondu behar dira, eta, horrenbertzez, «presoen gaia konpondu».

Ekainaren 26an, martxa

Bake Bideak eta Bakegileek jakinarazi dutenez, ekainaren 26an martxa bat eginen dute Baionatik Donibane Lohizunera. Jakes Esnal eta Ion Parot preso diren urte bakoitzeko kilometro bat eginen dute, erreleboka: 31 kilometro guztira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Arnaldo Otegi, joan den astazkenean, Eibarren (Gipuzkoa). ©Maialen Andres / Foku

EH Bilduk Otegi proposatu du koordinatzaile karguan jarraitzeko

Jon O. Urain

Mahai Politikoak gaur eman du federazio subiranistaren zuzendaritzarako proposatu dituen izen-abizenen berri.

Garamendi eta Iceta, martxoan. ©J.J. Guillén / Efe

Jaurlaritzak urriaren 1etik aurrera eskuratuko du espetxe eskumena

Jon O. Urain

Transferentzien Batzorde Mistoa maiatzaren 10ean bilduko da, akordio hori izenpetzeko. Errepide garraioaren, ISSNaren eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskumenen inguruan ere ados jarri dira bi gobernuak.

Joan den urtarrilean Donostian euskal presoen eskubideen alde egindako manifestazioa. ©Jon Urbe / FOKU

«Kaleratze bidea espetxe legediaren baitan egiteko prestutasuna» berretsi du EPPK-k

Maddi Ane Txoperena Iribarren

EPPK-k oharra kaleratu du Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren bezperan —BERRIAk eskuratu du—. Frantziak eta Espainiak 2018tik egindako urratsak «kontuan hartu» arren, gehiago galdegin ditu: «Gaur ikusten duguna ere ez da, inondik inora, nahi genukeen mapa».

Euskal presoen aldeko protesta, urtarrilean, Donostian. ©Jon Urbe / FOKU

Lau euskal preso Euskal Herriratuko dituzte, bi hurbildu, eta bati hirugarren gradua emanen diote

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Asier Bengoa Lopezi emanen diote hirugarren gradua, eta Zaballara ekarriko dute. Igor Martinez de Osaba Arregi ere Zaballara ekarriko dute; Ugaitz Perez Zorriketa, Basaurira, eta Garikoitz Arruarte Santa Cruz, Iruñera. Gregorio Eskudero Dueñasera hurbilduko dute, eta Itsaso Zaldua, Villabonara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.