madrilgo hauteskundeak

«Taktizismoak» uzteko eskatu dio EAJk PSOEri

Jeltzaleek uste dute Madrilgo hauteskundeen emaitzek eragin eskasa izango dutela Espainiako gobernabidean, eta, izatekotan, Sanchezen gobernuak amaierara arte luzatu nahiko duela legealdia.

Pedro Sanchez eta Aitor Esteban hizketan Espainako Kongresuan, iazko abenduan. MARISCAL / EFE
jon olano
2021eko maiatzaren 5a
11:46
Entzun

Igaro dira Madrilgo erkidegoko hauteskundeak, eta garaipen handia lortu dute PPk eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo orain arteko presidenteak. Baina porrotak ere utzi zituen atzoko gauak: PSOEk hamar puntu galdu zituen; ezkerrak oro har PPk bakarrik baino boto gutxiago lortu zituen; eta Ciudadanosek ordezkaritza guztia galdu zuen, gutxieneko %5era iritsi ezinda.

Hortaz, orain ikusteko dago Madrilgo emaitzek zer ondorio izango duten Espainiako politikagintzan. EAJko iturrien iritziz, eragin eskasa izango du atzokoak Espainiako gobernabidean, iritzita PPk ez duela gaitasunik Espainiako Kongresuko gehiengoak aldatzeko. «Are gutxiago Ayuso estiloan oinarrituta egin nahi badu, Voxen populismoari jarraituta». Izatekotan, ordea, Sabin Etxean uste dute atzokoak eragin lezakeela PSOEk eta Unidas Podemosek legealdia amaieraraino luzatu nahi izatea.

Horregatik, «taktizismoak» alde batera uzteko eskatu diote PSOEri: «Gai praktikoetan lanean hasi behar du. Ez dago aitzakiarik. Garaia da politika, letra larriz, estatura itzultzeko». Eta ohartarazi diote estatuan «egonkortasuna eta sendotasuna» nahi duenak «seriotasunez hitz egin eta adostu» beharko dutela euskal herritarrekin eta katalanekin.

Iturri jeltzaleek gogoeta egin dute Podemosek eta Ciudadanosek lortutako emaitzen inguruan ere: «Politika berria ziren, gauzak egiteko beste modu bat ekartzera zetozen... Agian data honek ziklo baten amaiera esan nahi du». C's-i begira, EAJn aurreikusten dute koadro asko alderditik joango direla, eta, beraz, jeltzaleen kezka ez da alderdiaren zuzendaritzan zein geratzen den, baizik eta alderdi hori osatzen dutenek zer norabide hartuko duten.

Edozein gisara, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Diaz Ayuso zoriondu du atzoko garaipenaren ondoren, eta gonbita egin dio «beharrezko harreman instituzionala» izatera. Espainiako Gobernuaren estrategia aldaketarik espero duen galdetuta, Urkulluk esan du Jaurlaritzak Sanchezen gobernuaren aldetik daukan konpromisoa Gernikako Estatutua betetzea dela: «Horretan aritu gara orain arte, eta horretan jarraituko dugu».

Alternatibarik ez

Antzerako iritzia azaldu du Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatuak ere Radio Euskadin, uste baitu ez dagoela «alternatibarik» Espainiako Gobernuak Kongresuan daukan babesarekiko. Uriarteren iritziz, PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako gobernuak badu «indarra» legealdia amaitzeko, eta, Madrilen eskuina «oso indartsu» egon arren, ez du uste horrek «beste lurralde batzuekin konektatzen» duenik: «Ia ez du presentziarik nazio historiko ugaritan, eta presentzia desorekatua dauka estatuaren barruan».

Uriartek txalotu egin du Pablo Iglesiasek politikagintza uzteko modua, eta uste du hura ordezkatzeak modua emango duela Unidas Podemosen espazio politikoa indartzeko: «Unidas Podemosen espazio egonkortu bat dago, ez dena sarreran izan zena bezain garrantzitsua, baina, hura gabe, gaur egun Espainian ez dago gobernabiderik». Horregatik, erantsi du «Espainiaren gobernabiderako eta estatu plurinazional baterako edozein proiektuk» beharrezko duela «Unidas Podemosen espazio sendo bat, hura baita gaur egun existitzen den zubi bakarra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.