Mixel Berhokoirigoin: «Onak izan behar dugu ez bakarrik diskurtsoetan»

Lurra eta jendea eta Euskal Herria. Mixel eta Berhokoirigoin. Laborantzaren, Euskal Herriaren egituratzearen, bakegintzaren eta herrigintzaren engaiamendua erakutsi ditu bizi guzian ELBren sortzaileetarik, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren lehen lehendakari eta bakearen artisau izan zenak. Horra BERRIAk egin zizkion elkarrizketetan utzi zituen erantzunen sorta bat.

Mixel Berhokoirigoin, 2002ko irudi batean. BERRIA
mikel p ansa
2021eko maiatzaren 8a
14:50
Entzun

Maiatzaren 8 honetan zabaldu da hilberria, Mixel Berhokoirigoin zendu dela (Gamarte, Nafarroa Beherea, 1952 — 2021). Hitz batean laburtu behar balitz, engaiamendua-k definituko luke haren bizia, lurrari, jendeen eta Euskal Herriaren arazo errealei begirada pragmatiko batez ekiteko borondateak.

2015eko elkarrizketa batean, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakaritza utziko zuela iragarri ondoren, adibide batekin esplikatu zuen arazoa, nola diskurtso onberak ukaitea soilik ez den aski: «Gure lana beti izan da errealitatea. Ez dugu abiatu behar diskurtso politikoetarik eta jendea konbertitu erlijio batera. Gogoan dut adibide bat: herri bateko FNSEAko delegatu batek behi esnea egiten zuen, eta gu behi esneaz arduratzen ginen memento horretan. Egiten genuen lana bere errealitateari lotua zen. Egun batez erran zuenaz oroitzen naiz: 'Ados naiz egiten duzuenarekin, baina ez naiz inoiz etorriko ELBra; badu euskaldun tatxa'. Eta gero handik hamar urte barru ELBn zen».

Euskal Gazterian

Bizi osokoa izan du engaiamendua, gaztetarik. Euskal Gazterian hasi zen militatzen. «Hor ikusi eta ikasi nuen anitz gauza. Ez dugu hautatu, mugimendu horretan gertatu gara, eta hor kontzientzia hartu dugu bazela sistema ekonomiko bat, eta sistema horretan bazela kapitalaren indarra, bazirela zapalduak, zapaltzaileak... Laborantzari buruz ideia berriak agertu dira; ikusi dugu ez direla laborantza mota guziak berdinak, ez dela bakarrik sektore material bat produktu batzuk produzitu eta gero saltzeko, baina ere laborantza zela gauza bat oso interesgarria eta oso konplikatua, eta harreman bat lurraren, pertsonaren eta kontsumitzailearen artean... Orain normalizatuak diren gauzak orduan berriak ziren».

Eta heziketa horretatik jauzi egin zuen sindikalismora, laborantza engaiatuaren sindikalismora. «Denak lotuak ziren. Hori zen bide klasikoa, erran nezake: Euskaldun Gazterian egin lehen urratsak, eta gero inplikazio logikoa; segida sindikalismoa zen. Hor ikusi genuen laboraria definizio ofizialez nagusi bat zela, baina errealitatean langile munduari hurbilago zela; bere laneko tresnen jabe da, baina ez du berak erabakitzen. Bankuak erabakitzen du, agroindustriak erabakitzen du... Nagusia izan bagina, esnea saltzen dugularik behar genuke faktura guk egin. Orduan asko aipatzen zen klase kontzientzia hitza».

ELBn

Baina sindikatu bakarra zuten laborariek garai hartan, Frantziaren mende: FNSEA. «Frantzian ez zen aniztasunik: sindikatu bakar bat zen onartua, ofiziala. Eta Iparraldean ere laborariak identifikatzen ziren FNSEAri. Guk, nahiz teorian ez ginen ados haren analisi eta helburuekin, pentsatu dugu: 'Ez gara jendeetarik aparte antolatzen ahal. Behar dugu laborariak diren lekuan antolatu'. Baina inplikatu gara gure ikuspegiarekin; eta gero hortik sortu da dibortzioa».

ELB Euskal Laborarien Batasuna, hori izan zen «dibortzioa», 1982an —30 urte zituen orduan Berhokoirigoinek—, Ipar Euskal Herriak inolako aitortzarik ez zuen garai batean, inguruan ere ulertzeko arazoak zituen jende askorekin. Lehen sindikatua izan da Ipar Euskal Herrian. «Pauso izugarri garrantzitsua zen. Gaur egun Iparraldeak ez du koadro instituzionalik; ez da existitzen. Baina duela 30 urte, oraino arraroagoa zen. Behar izan ditugu esplikatu bi gauza: alde batetik, zergatik sindikatu horretarik ateratzen ginen. Ordurako lelo hori zabaltzen zuen FNSEAk: «Batasunak ematen du indarra». Esplikatzea guk egiten genuen urratsa ez zela zatiketa, baina bazuela beste helburu bat... Eta beste gauza zaila zena esplikatzea: zergatik Euskal Herrian. Hemen ez da botererik, ez da administraziorik, solaskiderik ez da... Parean ez da ezer, eta, beraz, ez du zentzurik guk Euskal Herrian egitea tresnak».

Iritzi nagusien kontra, errazkeriaren kontra, arrazoia «argi» zuten ELBren sortzaileek: «Gure lurraldearen kontzientzia bagenuen, eta sartu gara haste-hastetik Iparraldea eta Euskal Herria eraikitzearen ideiarekin. Eta, egiteko, harriz harri behar zaizkio eman gorputzaren zati batzuk. Erraten ziguten motibazio politikoak genituela sindikalak baino gehiago. Gainera, garai hartan testuinguru politiko orokorra, biolentzia eta errepresioa, zaila zen. Guk esplikatu dugu dena politikoa dela. Iparraldea markatzea politikoa da, eta ez markatzea ere bai».

Eta ez edozein laborantza ereduren alde. Transgenikoen aurka, elikadura burujabetzaren alde, lurraldeari, politikari, kulturari eta jendeari lotua izango zen laborantza baten alde jardun du beti. «Guretako porrota litzateke Iparraldeko laborantzaren gehiengo nagusia bihar intentsifikatua balitz. Beti izanen dira biak, baina non izanen den pisu nagusia; hori da jokoan dena. Uste dut posible dela elikadura burujabetza, ez da dudarik. Eta Hegoaldean ere gauzak ez dira kondenatuak. Mugimendua antolatzen baldin bada, baditu perspektibak. Eredu iraunkorrak sortzen ahal du laborari izateko gogoa, horrek baitu dimentsio kualitatibo bat besteak ez duena».

2002ko azaroan Euskaldunon Egunkaria-ri eman zion elkarrizketan, kritiko agertu zen Europako Batasunaren nekazaritza politikarekin: «Hogei urtez ez da laborantza politika bera izan. 1960tik 1990era, modernizazioari buruz eraman zen, teknika berrien sartzeko. Politika hark Euskal Herriko laborantza ere lagundu zuen modernizatzen eta aitzineko sistema autarkikotik ateratzen. Problema da, gero, modernizazio hori, hobeki bizitzeko medio bat izatetik, helburu bat bihurtu dela: modernizatu modernizatzeko, lana kentzea kapitalaren igaiteko. Laborantza politikaren 1990eko erreforma bihurgune bat izan zen. Europako politika emeki-emekinn globalizaziora prestatu zuten. Laborantzako prezioak apaldu zituzten eta diru laguntzak ezarri, hektarea edo abere kopuruei loturik. Ondorioak txarrak izan dira, mekanikoki interesgarriagoa baita lur gehiago eta abere gehiagoren ukaitea. Beraz, baserri bat segidarik gabe gelditzen delarik, izugarrizko konpetentzia da handitu nahi luketen auzoen eta instalatu nahi lukeen gazte baten artean Erreformatik landa, leku guztietan baserri portzentaje handi bat desagertu da. Azken hamar urteetan, aitzineko 30 urteetan baino ia bi aldiz gehiago desagertu dira».

Laborantza Ganberan

Urte askotako borroka eta eskarien ostean lortu zuten EHLG ere martxan jartzea, 2005ean, Berhokoirigoin lehendakari izendatuta —53 urte zituen garai hartan—. «Sortu gara egitura publiko batek duen transbertsaltasun hori garatzeko: ekoizpena, lurra, ekonomia, ikerketa... Sail zabal horretan sartu ditugu jada ziren piezak, ez ditugu zerbitzuak bikoiztu. Hamar urtez izan da borroka laborantza iraunkorrari emateko tresna instituzional bat. Eta hori da problema nagusia: tresna instituzionalek, orokorki, guk nahi ez dugun laborantza bultzatzen dutela. Laborantza alternatiboa beti militanteen esku da, baina guk ez genuen nahi izan zedin bakarrik militanteen afera, zeren eta militantziak ematen du indarra, baina eskatzen du asko».

Frantziako Estatuarekin borroka gogor baten hastapena izan zen, egitura instituzionalak ordezkatzea egotzi baitzieten laborariei. Pauen epaitu eta absolbitu ostean bukatu zen auzitegietako borroka luzea. Baterak euskal departamentu bat sortzeko egin zituen aldarri zabalekin kointziditu zuen garai hark, eta elkar elikatu zuten prozesu gisa ikusten zituen Berhokoirigoinek: «Auzi horiek [salaketa eta epaiketek] trabatu gaituzte asko, eta memento berean azkartu gaituzte. Eta uste dut irabazi dugula laborari munduaren eta gizartearen zati inportante bat. Ikusi dute gure borroka zuzena zela, eta behar zela. Gure abenturak aberastu edo hazi du mugimendu orokor bat Iparraldearen instituzionalizatzearen arloan. Memento berean sortu zen Batera-ren istorioa ere... denak lotuak dira. Uste dut egin dugun urratsak Batera-ri eman diola ere indar bat, Batera-k lagundu gaitu gu ere biziki, zeren eta sektorea zabaltzen baitzuen. Batera bilakatu da gero beste partaideendako erreferentzia bat. Ez dut nahi gureganatu gurea den baino gehiago, baina uste dut laborantza ganbera ekarpen bat izan dela Iparraldearen kontzientzia politiko horretan».

Batera-n

Laborantzari buruzko borrokan ez ezik, politikoan ere engaiatu zen Berhokoirigoin garai hartan, segur aski bere ikuspegian borroka guztiak bat ziren arren. Batera-ko kide izan zen urte luzez, eta euskal departamentuaren eskariari lotuta aritu zen, baina 2010eko hamarkadan, departamentua lortzeko ezintasun trabatuaren aurrean, lurralde elkargo bat sortzeko proposamena eta prozesua ere bertatik bertara ezagutu zituen. 2012ko irailean BERRIAri emandako elkarrizketan, Batera-ko bozeramaile gisa, azaldu zuen lurraldea egituratze aukera hura zela, eta baliatu behar zela: «Lurralde antolaketaren trena huts egiten badugu, historiatik at geldituko gara».

«Argi da departamendua egitura zaharkitua dela eta Ipar Euskal Herriak gainditu duela eredu hori, eskumen gehiago behar dituela», azaldu zuen orduan. «Boterea nola antolatuko den zehazteko garaia da, eta horrek eskatzen du zorrotz aztertzea nolako harremanak ukanen dituzten lurralde elkargoak eta gaur indarrean dauden gainerateko erakundeek. Ezin dira eskumenak bikoiztu; herritarrek boterearen interpretazioa argitzea eskatzen dute. Batera-k beti erran du hemen sortuko den erakundeak beharko dituela bederen departamenduaren eskumenak gehi eskualdearen batzuk. Hori ere eztabaidatu behar da». Euskal Elkargoa sortu da geroztik horrela, Ipar Euskal Herri osoaren lehen instituzioa.

Bakearen artisau

Auzia bukatu eta handik ez askora utzi zuen EHLGren lehendakaritza Berhokoirigoinek. 2015 hondarra zen, eta 63 urte zituen. Ez zuen urrun erretreta. Baina bakegintzan urrats erabakigarriak emateko engaiatu zen orduan. ETAren desegitea trabatua zen garaian, haren armategiaren zati bat desegiteko ekintza herritar batean sartu zen. Luhusoko taldean zen, Jean Noel Etxeberri Txetx, Stephane Etxegarai Etx, Beatrice Molle eta beste zenbaiten laguntzarekin. Poliziak atxilotu zituen. Baina ETAren desegitearen hasiera probokatu zuten.

Aske utzi zituzten aurki, ekinbidearen helburuak haien atxiloketa ezin zuela justifikatu ikusita. Bakearen artisau izendatu zituzten atxilotuak orduan, eta babes handia ukan zuten. Askatu eta segituan BERRIArekin izan zuen elkarrizketan, 2016ko abenduan, hala esplikatu zuen urrats hura: «Ikusi dut izen hori eman digutela: izen handia da biziki. Egia da eginbide bat ere ematen digula, eta erakusten du bake beharra zentroan ematea zela oinarrian. Baina bakea ez da atentatuak bukatzea: prozesu orokor bat da. Lehenik, armagabetzearen etapa ongi egitea eskatzen du, gizartearen eta botere publikoen inplikaziorekin. Hori ez bada egiten, besteak egitea ez da posible. Hori esplikatu dugu, eta pentsatzen dut nonbait ulertuak izan garela. Bada zenbait denbora gogoetan ari ginela, eta bereziki, foro sozialetan edo Parisko bake konferentzian parte hartu izan dugunean, horretarik ere atera da gizarte zibileko kide gisa zer egiten ahal dugun. Kide ezagunak gara, gure ibilbidea publikoa da, eta animatzen gaituzten balioak ezagunak dira. Geure buruaz harro izan gabe egin dugu, ardura bat genuela kontziente; beharbada, orain zela ardura hartzeko garaia. Bada bost urte ETAk borroka armatua utzi duela, bada aspaldi armak utzi nahi dituela errepikatzen duela; eta, parean, polizia operazioez aparte, estatuak ez du erantzuten, eta denbora pasatzen da».

Luhusoko ekintza hura zergatik eta nola antolatu zuten argi esplikatu zuen orduan: «Bai. Bagenekien abiatua genuen ekintza ez bazen erreusitzen, aukera hori bazela. Ez genuen gauza klandestino bat egin nahi, —horregatik zen filmatua—, eta, bideoa botere publikoei eta nazioarteko ikuskariei helarazteko plan bat pentsatua zen; egindakoa erakustea, eta asumitzea. Ondoko asteetan ezagutarazteko ideia genuen. Ez da gure kulturan asumitzen ahal ez ditugun gauzak egitea. Helburuak bete ditugu; ez da dudarik. Hiru izenpetzaileetarik bi barnean ginen; bestea kanpo gelditu da. Funtsean, enbaxadore lanak egin ditu, elkarrizketak emanez eta kontaktuak eginez. Ororen buru, bakoitzak gure lekutik, egin beharrekoa egin dugu. Aspaldi hasia zen prestatzen interbentzio bat; zerbait behar zela egin bake prozesuari buruz. Emeki-emeki, gutunen trukearekin armagabetzeari buruz egin behar zen operazioa armen deuseztatze bat izaten ahal zela finkatu zen. Gutun horietan ikusten da geure burua bitartekari gisa ezarri dugula; ez baziren baldintza guziak beteak, ez genuen eginen. Guretzat argi zen egoera desblokeatzen entseatu behar genuela, baina ez ginela ETAren azpitratatzaile bat. Armagabetzean inplikatzekotan, erakundeari eskatu genion gizartearen esku utz zezala armagabetzearen ardura politikoa. ETAk ez du gehiago eskurik bere armategian, gizarteak du eskua. ETAk hori onartu duenetik, bada urrats kualitatibo bat; beraz, gure esku da; guk dugu ekinaldia ukanen. Eta guk diodalarik, ez gara soilik gu hirurak, gizarte zabalaz mintzo naiz. Azken gutunean ETAk erraten duenean «gure helburua da ahal bezain fite deklaratzea ETA ez dela egitura armatu bat», hor badira perspektibak. Gure engaiamenduak posible bilakatzen badu aldaketa hori... Atzo posible ez zena, estatuek diotena ez dela posible, posible bihurtzen da».

Posible izan zen. ETAk armak entregatu zituen, eta desegin egingo zela jakinarazi zuen hurrengo urteetan. Euskal presoen eskubideen auzian engaiatu zen segidan Berhokoirigoin, bake osoa aitzinatu nahian. Presoak hurbiltzeko urratsak egin dituzte geroztik Frantziako eta Espainiako gobernuek. Funtsean, 2015ean BERRIAri eman zion elkarrizketa hartan zioen bezala, hitz hutsez harago joateko ahaleginean, emaitza konkretuak lortzeko borrokan engaiatu baitzen Mixel berhokoirigoin: «Onak izan behar dugu ez bakarrik diskurtsoetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.