Alderdiak

Nafarroako Ezker Batua, Ahal Dugu-rekin eta Batzarrerekin hitzartzearen alde

Marisa de Simon parlamentariak eta alderdiko 60 ordezkarik dokumentu batean proposatzen dute hurrengo foru eta udal hauteskundeetan alderdi horiekin akordioak egitea

Marisa de Simon parlamentaria eta Nafarroako Ezker Batuko koordinatzailea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2021eko irailaren 22a
13:20
Entzun

Batzarre izan zen lehena arbola astintzen, eta, primarioen ondotik, Begoña Alfaro Ahal Dugu-ko koordinatzaileak ere borondate bera berretsi zuen. Berez, hiru alderdiak ekainaren 1ean hasi zuten bidea hurrengo foru eta udal hauteskundeetan batera aurkeztea aztertzeko. Hala ere, orain Nafarroako Ezker Batuko 60 militantek dokumentu bat kaleratu dute, eta bertan adierazi dute beharra dagoela alderdi horiekin bozei begirako akordio bat erdiesteko.

Urriaren 23an, XI. batzarra da egitekoa Nafarroako Ezker Batua. Azken asteetan eztabaida prozesuan daude, eta testuinguru horretan 60 militantek —tartean Marisa de Simon koordinatzailea eta Jose Miguel Nuin parlamentari ohia— Hitza betetzeko garaia, Errepublikaren bidean aurrera agiria aurkeztu dute.

Agirian aipatzen denez, 2023ko foru eta udal hauteskundeei begira, herritarrengan ilusioa piztea eta ezkerreko botoa bateratzea lortu behar dute, «aldaketa anbiziotsu eta eraginkor baten alde». Horregatik, Nafarroako Ezker Batuak apustu egin nahi du ezkerreko indarren arteko lankidetza eta sinergien alde, ezkerreko eremu hori zabaltzeko asmoz.

Jada mahai bat osatua dago hiru alderdien artean, baina Nafarroako Ezker Batuaren irudiko mahai horrek irekia egon behar du «PSNren ezkerretara dauden pertsonei eta kolektiboei». Halaber, urte bateko epea jarri dute akordio bat lortzeko. «Lortuko bagenu, urte bateko epea izango genuke aurretik Nafarroa zabalean gure proposamena hedatzeko. Horretarako, Ahal Dugu-ri eta Batzarrerri helarazi diegu lehentasun eta egutegi horrekin lan egitea mahaian».

Agirian zehaztu dute ezen, akordioa dena dela ere, haren edukia erreferendum bidez onartu beharko dela. «Ez dugu etsitzen PSN eta Gero Bairen gobernu baten eta haren tentsio faltaren eta anbizio sozialik ezaren aurrean. Aldaketa nahi dugu, eta errealitate egin nahi dugu», adierazi dute.

Ezker Batuaren analisia

Aurreko legealdiari begira, NEBek ondorioztatu du azken bi urteetan pisua izan zutela hala Ahal Dugu-ren barne liskarrek nola euskararen eta enpleguaren moduko gaietan EH Bilduk eta Geroa Baik eginiko «presio nazionalistek» , eta horren aurrean Ezkerrak aldaketaren gobernu hura babestea bilatu zuela. «Ezin izan genuen gure posizioa nahikoa ikusarazi». Ezkerrak parlamentari bakarra lortu zuen 2019ko bozetan, eta gobernua babestu arren, bertan ez sartzea hobetsi zuten.

Ezker Batuaren irudiko, egungo Nafarroako Gobernua «ez da ezkerrekoa». Koalizio gobernuko bi bazkide nagusiak, PSN eta Geroa Bai, zentro politikoan kokatzen ditu. Hirugarrena Ahal Dugu da. Ezker Batuaren ustez, gobernu programak izaera soziala du, baina ez da ezkerrekoa. Adibide gisa jarri du ezezkoa eman zaiola banku publikoa sortzeari, ez dela industria sektore publikoa bultzatu, ez direla itunpeko ikastetxe pribatuen laguntzak murriztu, eta, zerga politikan, ez direla igo aberastasunaren eta enpresen gaineko zergak.

Ezker Batuaren irudiko, egungo gobernu hori baliagarria da «eskuineko edo eskuin muturreko gobernu bat galarazteko» eta politika sozialak garatzeko, baina ez da gai politika eraldatzaileak bultzatzeko.

Era berean, egungo indar korrelazioaren ondorioz, Ezker Batuak uste du ezker ez nazionalistak (hots, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k) ez dutela aukerarik edo indarrik erabakiak eta politikak baldintzatzeko. «Ahalmen hori egun PSNk eta Geroa Baik dute lehenik, eta EH Bilduk eta Navarra Sumak ondoren». Erabakiari errespetua adierazi arren, uste dute gobernuan sartzeko Ahal Dugu-ren eta Batzarreren hautua «akatsa» dela —Batzarre Ezkerraren parte da, baina Gizarte Eskubideen Departamentuan dira kide batzuk—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.