Begoña Alfaro. Ahal Dugu-ko koordinatzailea Nafarroan

«Kalearen ahots instituzionala izan behar du alderdiak»

Primarioak tarte zabalarekin irabazi ostean, alderdia indartzeko lanari ekin nahi dio. Premiazkotzat jo du aldarrikapen sozialen erreminta izatea, eta oinarriak «koherentziaz» defenditzea.

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Aise irabazi ditu Nafarroako Ahal Dugu-ko primarioak, bozketa telematikoan parte hartu duten militanteen botoen %65 eskuratuta. Gainera, Herritarren Kontseiluan, bere hautagaitzan aurkeztu ziren zazpi kide egongo dira. Hasierako pozari lehen egunotako zurrunbilo mediatikoak jarraitu dio, eta hori igarota, alderdia sendotzeko lanari ekiteko irrikan dago Begoña Alfaro (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1982). Etxe kaleratzeen aurkako PAH plataformako eledun izan da urteetan, eta nabari zaio esperientzia hori. Urte asko eman ditu euskara ikasten hizkuntza eskolan eta euskaltegian, baina elkarrizketa egiteko uzkur sentitzen dela onartu du. Azken urteetan alderditik aldendu diren herritarrak berriro euren proiektuan biltzea jarri du erronka gisa.

Kanpainan nabarmendu duzue alderdiaren ahots guztiak aintzat hartuko dituzuela eta behetik gorako egitura nahi duzuela. Nola uztartu nahi duzue hori?

Herritarren Kontseilua zuzendaritza organoa da. Hala ezartzen dute estatutuek estatuan zein hemen, baina argi izan behar dugu alderdian ahots ugari daudela. Zergatik? Proiektu partekatua eta komuna izan behar duelako. Bestela iraganeko akatsetan eroriko gara. Nola egituratuko dugu hori? Udal ordezkariak sartuta. Nafarroako Gobernuko kargudun instituzionala eta bi parlamentariak ere egongo dira. Gainera hainbat topagune sortuko ditugu, gizarte taldeek, migranteen kolektiboek eta oro har herritar antolatuak ahotsa izan dezaten eta alderdiaren agenda markatu dezaten.

Nafarroako Gobernuko partaide zarete. Nola ikusten duzu?

Parte hartze positiboa da. Lan handia egiten ari dira. Hori esanda, kontseilari batekin eta bi parlamentarirekin, eragin ahalmena mugatua da. Iristen den tokira iristen da. Nola handitu dezakegu ordezkaritza hori? Alderdia indartuz, kalea berreskuratuz, lurraldean zabalduz. Berdin zaizkit karguak, baina ordezkaritza handiago batek eta erakundeetan alderdikide gehiago izateak ahalmen handiagoa emango digu sinesten ditugun politiketan eragiteko. Uste dugu ezkerreko politika argiak izan behar ditugula, eta gobernua harantz zuzendu.

Gizarte mugimenduetatik zatoz. Orain beste aldetik jorratuko duzu alderdien eta mugimendu sozialen arteko erlazio zail hori. Zer edukiko duzu kontuan?

Alderdiak asko jaitsi edo igotzen diren egoera politiko ezegonkor batean gaude, eta uste dut horiazaltzen duten arrazoietako bat dela politikaren sinesgarritasun falta. Horren konponbidea da koherentzia. Alegia, ezein indar politikok ezin ditu defenditu ideia batzuk, eta agertokia aldatzen denean, eremu instituzionalera jauzi egitean, epelago jardun proposamenetan. Ez dut esan nahi Ahal Dugu-k hori egin duenik. Erakundeetan sartzen zarenean, negoziazio testuinguru bat dago, eta beste batzuekin proiektu partekatu bat duzunean, logikoa da batek egun batean amore ematea eta hurrengoan besteak. Baina ildo koherente bat gorde behar dugu. Kalearen ahots instituzionala izan behar du Ahal Dugu-k, eta noizbait belarritik tira egin behar bada, gai batzuetan kaleak eskatzen duen hori diferentea bada, hori azpimarratu beharko dugu. Aldarrikapen horien erreminta eta katebegia izan behar du Ahal Dugu-k.

Kontraesanik eragin dezake instituzioetan egoteak?

Dena elkarri lotua dago. Gure proposamenetan mugatuago egon gaitezke ordezkaritza txikia dugulako, beste alderdiekin alderatuta. Ez garenez gai gure aldarrikapenak nahi genukeen tokiraino eramateko, sinesgarritasun falta horretan eragiten du. Gurpil zoro baten modukoa da. Alderdia indartu behar dugu, koherentziaz eta tinko defendatuz oinarriak.

Nafarroako Gobernuan partaide da Ahal Dugu. Eraginik izango du aldaketak gobernuan bertan?

Legealdi honetan ez dio eragingo. Oso argi genuen hori hautagaitza lantzerakoan. Funtsezko kontu bat hartu behar dugu aintzat: Nafarroako Gobernua akordio programatiko batean oinarritzen da, eta militanteen %80 inguruk baiezkoa eman zioten. Ondorioz, horri erabateko errespetua diogu, eta ezin da bestela izan. Hori esanda, gehitu nahiko nuke arlo batzuetan Ahal Dugu-k bandera hori hartu behar duela eta kritikotasun handiagoa azaldu. Adibidez, etxebizitzan. Anbizio handiagoz jokatu behar dugu, eta gehiago eragin.

Ezkerreko eremuan indarrak bateratzeaz hitz egiten da. Zer irizpide izango ditu Ahal Dugu-k elkarrizketa horri begira?

Oso argi dugu hauteskundeak egin baino bi egun lehenago bulegoetan bi kromo elkarri trukatzeak ez duela emaitza onik ekartzen. Ez da oso azkarra izan behar. 2019ko hauteskundeetara jo besterik ez dago eta ikusi zer ordezkaritza lortu zen Nafarroako Parlamentuan, Iruñeko Udalean eta Tuterako Udalean. Zein izan behar du formulak? Berehala hasi behar dugu lanean, bi urte ziztu bizian iragaten baitira. Zerumuga ez da mugatu behar hurrengo hauteskundeetara. Konfiantza eremu bat eta lan iraunkor baterako esparru bat eratu behar dugu. Xedeak izan behar du gai izatea kalearen eta mugimendu sozialen aldarrikapenak bideratzeko. Horregatik ez dugu mugatu nahi soilik gure bazkide naturalengana [Ezker Batua, Batzarre, Equo...]. Ideia da elkargune bat erraztea eta beste kolektibo batzuen parte hartzea ahalbidetzea.

Eztabaida politikoak baldintzatzeko asmoa agertu duzu. Zein eremutan batik bat?

Errealitate sozialak baldintzatuko digu zein diren behar sozialak, baina argi ditugu hiru zutarri: feminismoa, ekologia eta etxebizitza. Klima krisi batean gaude, eta ezin ditugu diskurtso hutsalak egin. Gauza bera esan dezaket feminismoaz. Proposamen zehatz eta landuak jorratu behar ditugu arlo horietan aritzen diren taldeekin. Gainera, osasun krisi hau etorri aurretik Nafarroako Arartekoaren azken bi txostenek zioten herritarren arazo nagusia zela etxebizitza, eta pandemiaren ostean egoera larriagoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.