Donostiako metroa

EH Bilduk Eneko Goiari eskatu dio babes ditzala Donostiako metroak kalte egindako herritarrak

Reyes Carrerek salatu du herritar horiek «erabat babesgabe» daudela. Haietako batzuk UTEen eta ETSren presioak jasaten ari direla azaldu dute.

Reyes Carrere Donostiako EH Bilduren bozeramailea, gaur, hedabideei adierazpenak egiten. @HIRIBIZIA
Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 26a
17:14
Entzun

Donostiako EH Bilduk eta metroaren obrek kaltetutako dozenaka bizilagunek «beste aldera begiratzeari uzteko» eskatu diote gaur Eneko Goia Donostiako alkateari. Salatu dutenez, herritar horiek «erabat babesgabe» daude, eta azaldu dute ezinbestekoa dela koalizio subiranistako kideek haiei laguntza ematea.

Herritar horien artean, bereziki nabarmendu dituzte «UTEen eta Euskal Trenbide Sarearen presioak» jasaten ari direnak. Reyes Carrere EH Bilduk Donostiako Udalean duen bozeramaileak azaldu duenez, bizilagunek kalte ordaina eskaintzen dien gutun bana jaso dute, baina, horren truke, «letra txikian», ezingo dute salaketarik jarri etorkizunean: «Gutun horiek babesgabetasun egoeran uzten dituzte herritarrak, ez baitakite zer egin enpresa handi horien aurrean», gaitzetsi du Carrerek.

Hortaz gain, Goia alkatearen jarrera lotsagarritzat jo du; enpresen alde jartzea eta herritarrak bakarrik uztea aurpegiratu dio: «Donostiako herritarrak babesteko eskatzen diogu Goiari, donostiar guztien alkatea delako eta bere betebeharra delako guztien eskubideak defendatzea», gehitu du EH Bilduren bozeramaileak.

Oraingoz, geldirik daude Donostiako metroaren obrak, maiatzean Mirakontxa-Easo tartean hirugarren zuloa agertu zenetik. Satorralaia plataformak, ordea, salatu zuen abuztuan berriz ekin zietela lanei. Lehen zuloa iazko ekainean agertu zen, Zubieta kalean, eta bigarrena, kale berean, iazko azaroan. ETSk berak aitortu du obrek eraikinei eragin diezaieketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.