Katalunia

Llarenak Espainiako Estatu Abokatutzari leporatu dio Puigdemonten euroaginduaren inguruko nahasmena

Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak berretsi du indarrean dela Kataluniako presidente ohia Espainiaratzeko eskaria.

Pabl Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratua, artxiboko irudi batean. J.L. CEREIJIDO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko irailaren 30a
19:10
Entzun

Carles Puigdemont Espainian epaitzeko ahaleginean tinko, haren kontrako euroaginduari buruzko idatzi bat helarazi dio gaur Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak Italiako justiziari, eta, idatzi horretan, ziurtatu du indarrean jarraitzen duela Kataluniako presidente ohiaren kontrako euroaginduak. Atxilotze eskariaren inguruan dauden baieztapen bateraezinen ardura Espainiako Estatu Abokatutzari leporatu dio.

Espainiaratzeko eskari horri men egin ala ez erabaki beharko du Sardiniako Sassari hiriko Helegite Auzitegiak datozen asteetan. Horretarako, ezinbestekoa izango zaio Espainiako Auzitegi Nagusiaren eta Europako Justizia Auzitegiaren kontraesanezko bertsioak aztertzea, Luxenburgoko auzitegiak etentzat jo baitu Llarenak igorritako euroagindua.

Llarenaren idatziak jasotzen duenez, Europako Justizia Auzitegia «okertu» egin zen Puigdemonten kontrako euroagindua indargabetuta zegoela baieztatzean, eta Espainiako Estatu Abokatutzari leporatu dio horren ardura. Epailearen arabera, Luxenburgoko auzitegiaren uztailaren 30eko autoak etentzat jo zuen euroagindua Espainiako Estatu Abokatutzak hala zegoela adierazi ziolako, baina nabarmendu du euroagindu hori indargabetzeko eskumena berea dela eta ez duela halako erabakirik hartu. «Inoiz ez zaio Estatu Abokatutzari euroagindua eteteko erabakia jakinarazi, eta Estatu Abokatutzak ere ez du erabaki hori gauzatzea bultzatu». Horrenbestez, Espainiako Gobernuaren menpeko erakunde horri leporatu dio kontraesanezko bertsioen erantzukizuna.

Puigdemont atxilotu egin zuen Italiako Poliziak joan den ostiralean, Llarenak igorritako euroaginduan oinarrituta. Sardiniako Alghero hiriko aireportuan atxiki zuten, eta aske gelditu zen hurrengo egunean, Sassariko Helegite Auzitegiaren aurrean deklaratu ostean. Kataluniako presidente ohiak datorren astelehenean deklaratu beharko du berriz epaile beraren aurrean, eta auzitegi horrek erabaki bat hartu beharko du Puigdemonten kontrako euroaginduari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.