Peñak berretsi du kasu «puntual» bat izan zela Txara I zahar etxeko arazoa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatuak zahar etxeen kontrako «jazarpena» salatu du. Azaldu duenez, ez da langilerik falta zahar etxeetan, eta guztiek dute titulu homologatua.

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatua, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko urriaren 6a
16:16
Entzun

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatuak agerraldia egin du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gizarte Politiken batzordean, Gipuzkoako hainbat egoitzatan salatutako zaintza arazoei buruz hitz egiteko. Peñaren arabera, ezin da «sistemaren eta langileen profesionaltasunaren aurka» egin kasu «puntual» batean oinarrituta, eta gaineratu du «gatazka sindikal baten testuinguruan» egin direla salaketa horiek. Gipuzkoako zahar etxeetako langileek lehengo astean adierazi zuten arta eskasarekin lotutako arazoak ohikoak izaten direla. Salaketen iturburua da Donostiako Txara I zahar etxean ikuskatze batean atzemandako arazo bat: hamalau ordu jan gabe izan zituzten egoiliarrak, eta oheratuta.

Diputatuak adierazi duenez, informazio guztia «izapidetzen ari den kexa batetik» atera da, eta nabarmendu du egoitzetan egindako ikuskapenetan ez dutela aurkitu «titulu homologaturik gabeko langilerik». Peñaren arabera, erizainen eskasia «ez da egoitzetako sektorearen arazo espezifiko bat», mundu mailako arazoa baizik. Horregatik, «sistema osoa berrantolatu» beharko litzatekeela adierazi du. Hala ere, nabarmendu du ez dela egia langileak falta direnik Gipuzkoako egoitzetan, eta «langile ratioari buruzko datuen konparazioak» hartu ditu oinarri gisa.

«Ez da onargarria sistemari horrelako jazarpen bat egitea», adierazi du, eta gaineratu du «komunikabideetan marrazten ari den argazkiak» ez duela bat egiten «Gipuzkoan dagoen arreta ereduarekin», eta «nahita» ari direla irudi hori ematen. Diputatuaren arabera, erakunde publikoek, sektoreak, langileek eta senideek «dena argitu eta bere testuinguruan kokatu» nahi dute. Horrez gain, ziurtatu du «guztiz kontziente» dela egoitzek, «batez ere pandemian izan dituzten zailtasunez», eta langileek «erakutsi duten arreta maila handia» nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.