«Garrantzi handia» aitortu dio Zapaterok Urriaren 18ko Adierazpenari

«Esana dago: ez zuen gertatu behar», adierazi du Espainiako gobernuburu ohiak, ETAren amaieraren harira PSEk eginiko ekitaldian

Zapatero, gaur, Gernikan, Lopez eta Mendia atzean dituela. ARITZ LOIOLA, FOKU
jon olano
2021eko urriaren 19a
14:09
Entzun

«Transzendentzia handikoa». Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak horrela definitu du atzo Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ETAren biktimen oinazea aitortzeaz eginiko adierazpena. Rodriguez Zapateroren iritziz, adierazpenean jasotako hitzak «nahikoa adierazgarriak» dira, eta «demokraziaren eskuzabaltasunaren alde» mintzatu da.

Gernika-Lumon (Bizkaia) izan da Rodriguez Zapatero, batzar etxean, ETAren jarduera armatuaren hamargarren urteurrenaren harira PSE-EEk prestatutako ekitaldi batean. Bertan hartu du hitza Rodriguez Zapaterok, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari ohiarekin batera eta hainbat ordezkari eta hautetsi sozialistaren begiradapean.

ETAren amaierako prozesuan PSOEk eta PSE-EEk jokatutako rola goraipatzeko eta erakunde armatua zenaren biktimak gogoan izateko ekitaldia izan da Gernikakoa, eta, zuzenean aipatu gabe, Rodriguez Zapaterok aipagai izan ditu ezker independentistak biktimen oinazearen aitortzaren inguruan esandakoak: «Hamar urte hauek eta egun hauek transzendentzia berezia dute Euskadirentzat eta Espainiarentzat. Esana dago: ez zuen gertatu behar. Mina ez da joango, baina hobeto arnasten dugu. Historia ezin da aldatu, baina etorkizuna bai». Ondoren prentsari eginiko adierazpenetan aipatu du Zapaterok «transzendentzia handia».

Hitzaldian, ordea, nagusi izan dira biktimekiko aipamenak: «Gure bihotzetan iraungo du biktima guztiekiko eta senideekiko oroimenak, aitortzak, gertutasunak, jasandako min bidegabearengatik. Biktima guztiak, guztiak, gure anai-arreba gisa sentitzen ditugu. Haien memoriak iraungo du. Aitortza obligazio moral bat da; ez dago gizarte duinik oroitzen eta aitortzen ez dituena bizia modu bidegabean galdu zutenak».

«Biktima guztiak, den-denak, baldintza guztietakoak, gure sentitzen ditugu», gaineratu du Zapaterok. Aurrerantzean «prozesua azkartzea» espero duela gaineratu du, eta eskuzabaltasuna aipatu du. «Gizarteak abiada azkarrean egin du aurrera, eta baliteke datozen hamar urteetan erritmoa azkartzea. Ez da ahaztu behar; bakarrik gorrotoa ahaztu behar da».

Lopezek ere hizpide izan du adierazpena: «Lehen aldiz aitortu dute ETAren biktima guztien oinazea. Euren iraganaren nolabaiteko osoko zuzenketa bat da: [ETA] taldearen babesle izan zirela». Halere, Espainiako eskuinari zuzendu dizkio kritikak: «Espero genuena entzun dugu: erabateko ukazioa. Esaten digute ETAk bizirik jarraitzen duela; hori tamalgarria da. Terrorismoa darabilte berriro sozialistei eraso egiteko».

«Egia bakarra»

Gordinago hitz egin dute Mendiak eta Lopezek, besteak beste, «egia bakarra» babestuta. «Politikak negoziatu ditzakegu, hori egin behar dugu, baina ez dugu egia negoziatuko: hemen ezberdin pentsatzen zuena hil zen», esan du Mendiak. Eta gisa berean Lopez: «Tentazioa dago ETAren amaiera berrirakurtzeko, nork bere diskurtsora egokitzeko. Parte hartu ez zuten lasterketetan dominak jartzeko; are, ETAren amaiera eureganatzeko. Beti daude kontakizunari buruzko batailak, baina egia bakarra dago: horretan, hiltzaileak ez dio hiltzaile izateari uzten, ezta biktimak biktima izateari uzten ere. Horregatik, oso argi daukagu nork ezin duen idatzi kontakizuna». Kontakizun horretan, Mendiak «bakearen presidentea eta lehendakaria» izendatu zituen Zapatero eta Lopez.

Mendiak ETAren desagertzea eta Gernikako Estatutua lotu ditu: «Haien ondarea heriotza da; gurea, estatutua eta askatasuna». Haren hitzetan, «desiragarria» litzateke estatutu «modernoago» bat izatea, «baina errealitatea da haren aurkako jazarpenak galarazi duela hori». Behin ETAren indarkeria igarota, Mendiak nabarmendu du sozialistek «pluraltasuna» defendatzen dutela eta estatutuak «guztiok aterpetzen gaituen aterki bat» izan behar duela.

Ekitaldia amaitu eta gero hitz egin du Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiak ere. Azaldu du Otegiren eta Rodriguezen adierazpenak garrantzi «izugarria» daukala eta euskal politikagintza «pixka bat aldatuko» dela adierazpen horren ondoren.

Espainiako Gobernuak ere balorazioa egin du Otegik eta Rodriguezek irakurritako adierazpenaren inguruan. Isabel Rodriguez bozeramaileak esan du «pausoa» ez dela «nahikoa», eta galdegin du biktimei «barkamena» eskatzeko eta «hitzetatik ekintzetara» igarotzeko; besteak beste, ETAren jarduera gaitzetsita. Zehazki, Rodriguezek azaldu du keinua «ondo» dagoela baina «askoz harago» joan behar dela, esaterako, presoei harrerak eginda biktimak ez «birbiktimizatzeko».

Joan zen astean, ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri eta hamar urtera, albistearen berri izan zuen eguna gogoan izan du Zapaterok Radio Euskadin: «Moncloan gehien hunkitu nintzen eguna».

Uztailean, Zapaterori eginiko elkarrizketa luze bat argitaratu zuen BERRIAk. Horretan, besteak beste, ETArekiko negoziazioen inguruan mintzatu zen: «Oslora joanda, bi urtean egin zitekeen ETAren amaiera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.