Ekialde Hurbila

Israelek «terroristatzat» jo ditu giza eskubideen aldeko sei elkarte palestinar

Horien artean dira Al-Haq, Addameer eta Defence for Children International gizarte zibileko eragileak. Erabakiak elkarteen jarduna geldiarazteko modua eman diezaioke Tel Avivi.

Sahar Francis Addameer Palestinako presoen eskubideen elkarteko burua, artxiboko irudi batean. ADDAMEER
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 22a
21:43
Entzun

Israelek giza eskubideen aldeko sei elkarte palestinar «terrorista» gisa sailkatu ditu. Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroaren bulegoak azaldu duenez, PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontearekin lotura zuzena izatea leporatzen diete. «Horien helburua da Israel suntsitzea eta ekintza terroristetan parte hartzea».

Israelen akusazioak ondorio larriak izan ditzake akusatutako elkarteentzat. «Terrorista» gisa izendatzeak bide ematen die Israelgo agintariei eragile horien egoitzak ixteko, beraien ondasunak bahitzeko eta kideak atxilotu eta espetxeratzeko. Halaber, debekatu egin dezake elkarte horien jardunari atxikimendua adieraztea edo horiek finantzatzea.

Omar Xakir Human Rights Watch elkartearen Palestinako eta Israelgo adarreko zuzendariak Middel East Eye hedabideari adierazi dio Israelen urratsa «eraso lotsagabea» dela, eta «erabat geldiarazi» dezakeela Israelen giza eskubide urraketak salatzeko Palestinako gizarte zibilak egiten duen lana.

Sei elkarteak Palestinako gizarte zibileko eragile ezagunak dira, beren esparruan aitortza handikoak.

Al-Haq elkarteak, esaterako, aholkulari estatusa du Nazio Batuen Erakundeko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak Israelen aurka gizateriaren kontrako krimenengatik abian duen auziaren bultzatzaile nagusietako bat izan da. Hain justu, auzi horren harira, BERRIAk elkarrizketa egin zion iazko abenduan Michael Kearney elkarteko zuzenbide ikerlariari.

Berriki elkarrizketatu ditu egunkari honek akusatutako beste elkarte bateko beste bi kide ere. Defence for Children International - Palestine (DCI-P) elkarteko Manar al-Amlehek eta Saied Abu Eqtaixek Palestinako haurrek Israelen zuzenbide militarraren pean jasaten dituzten eskubide urraketen berri eman zuten asteazkenean argitaratutako elkarrizketan.

Addameer Palestinako presoen eskubideen aldeko elkarteari ere jarduera «terrorista» leporatu dio Israelek. Israelgo kartzeletan preso dauden palestinarren egoera azaldu zion BERRIAri Sahar Francis elkarteko buruak iazko martxoan.

Palestinako emakumeen mugimenduko erreferentziazko UPWC Palestinako Emakumeen Elkarteen Batasuna ere akusatu du. Emakumeek Palestinako politikan duten tokiari buruz hitz egin zion Nida Abu Awwadek egunkari honi 2015eko ekainean.

UAWC Nekazari Lan Komiteetako Elkarteko Aghsan Barghuthik Jordan Haraneko nezakariek okupazioaren presiopean bizi duten egoera azaldu zuen iazko abuztuan BERRIAk argitaratu zuen elkarrizketa batean.

Bisan ikerketa eta garapenerako zentroak osatzen du zerrenda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.