Michael Kearney. Al-Haq elkarteko zuzenbide ikerlaria

«Israelen krimenen ikerketa atzeratzea zigorgabetasuna indartzea da»

Urte bat pasatu da Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak adierazi zuenetik Palestinan gerra krimenak ikertzeko oinarria badela. Prozesua gehiegi luzatzen ari da, legelariaren iritziz.

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun

Nazioarteko Zigor Auzitegian (NZA), estatu kideen batzarra egiten ari dira egunotan, eta bileraz bilera dabil Michael Kearney (Cork, Irlanda, 1980). Giza eskubideen aldeko Palestinako elkarte Al-Haqeko zuzenbide ikertzaile nagusia da Kearney, eta adi erreparatzen ari zaio NZAn Palestinako egoerari buruzko prozesuari.

Palestinak pauso garrantzitsua eman zuen, 2015eko apirilaren 1ean, Israelen erasoak nazioartean salatzeko: NZAko kide bihurtu zen, Erromako Estatutua izenpetu ostean. Handik aste gutxira aurkeztu zuen Israelen kontrako salaketa auzitegian. Gerra krimenak eta gizadiaren kontrakoak leporatu zizkion. Fatou Bensouda fiskalak atariko ikerketa abiatu zuen, eta orain urtebete eman zuen amaitutzat —2019ko abenduaren 20an—, Israelen kontrako ikerketa formal bat hasteko «arrazoizko oinarria» badela iritzita. Fiskalak, ordea, ez zuen abiatu ikerketa. Aurretik, argibide eskari bat egin zion NZAko Epaiketa Aurreko Ganberari, hark argitu dezan NZAren jurisdikzioak Gaza eta Zisjordania hartzen dituela, ekialdeko Jerusalem barne.

Zer lan egin du Al-Haq elkarteak NZAn, Palestinari dagokionez?

Al-Haqek — harekin koalizioan elkarlanean aritzen diren Giza Eskubideen Palestinako Zentroarekin, Al Mezam Giza Eskubideen Zentroarekin eta Addameer preso palestinarren laguntzarako elkartearekin batera, 2009tik babestu du NZAk ikerketa bat abian jartzea Palestinako egoeraren gainean. 2009ko abenduan txosten bat argitaratu genuen, auzitegiak Palestinaren gaineko jurisdikzioa zuela argudiatzeko. Zoritxarrez, atariko bi ikerketa hasi eta itxi ziren, 2009-2012 eta 2015-2019 aldietan, eta, iaztik, auzitegiaren jurisdikzioaren gaineko galdera Espaiketa Aurreko Ganberan dago.

Al-Haqek eta elkarte kideek legezko hainbat komunikazio konfidentzial eta milaka dokumentu helarazi dizkio fiskalari, israeldarrek Zisjordanian, Jerusalem ekialdean eta Gazan egin dituzten gerra krimenen eta gizadiaren kontrako krimenen ebidentzien berri emateko.

2020ko martxoan, Al-Haqek eta haren elkarte kideek txosten bat helarazi zioten NZAren Epaiketa Aurreko Ganberari, Palestinako egoerari buruzko ikerketa bat zabaltzeko beharrari buruz. Idatziak babestu egiten du fiskalak iaz aurkeztu zuen arrazoiketa.

Urtebete bada fiskalak Palestinako egoerari buruzko atariko ikerketa amaitu zuela. Noizko espero daiteke Epaiketa Aurreko Ganberaren erabakia?

Ez daukagu inolako zantzurik erantzuna noiz etorriko den jakiteko, edo, are gutxiago, etorriko dela pentsatzeko. Martxoan aurkeztu genuen txostenean argudiatzen denez, fiskalak ikerketa bat hasteko eskumena du, ganberaren zain egon beharrik izan gabe, eta, beraz, horrek izan beharko luke lehentasuna, ganberari egindako eskariaren prozesua nahasia baita. Ez dago argi legezko euskarri egokia duen, ezta haren erantzunak zein ondorio izan ditzakeen ere.

Auzitegiaren irizpidea da atariko ikerketak arrazoizko denbora tarte batean itxi behar direla, baina prozesu honek atzeratu egin du Palestinako egoerarena, horretarako beharrik gabe. Badaude seinale batzuk ganberaren erantzuna 2021aren hasieran etorriko dela diotenak, baina zurrumurruak besterik ez dira, eta ez daukagu horren zantzu sinesgarririk.

Zergatik diozu fiskalak ikerketa bat abiatu zezakeela ganberari kontsulta egin gabe?

Martxoan bidali genuen txostenean ohartarazi genuen fiskalak kasu indibidualen gaineko argibideak eskatzeko baino ez dezakeela jo NZAren ganberara, eta ez egoera orokorragoei buruzko galdeak egiteko —Erromako Estatutuaren 19. artikuluko 3. puntuan dago jasota—. Gure iritziz, fiskala behartuta dago Palestinako egoeraren gaineko ikerketa bat hastera, kontuan izanik haren esanetan oinarri nahikoa dagoela Palestinan gerra krimenak izan direla pentsatzeko.

Zer ondorio izan ditzake ikerketa atzeratzeak?

Berehala, Israelen krimenen gaineko ikerketa ez hastea zigorgabetasun sentsazioa eta zigorgabetasunaren errealitatea indartzea da. Zigorgabetasunari esker, Israelen okupazioa errotzen ari da Palestinako lurretan. AEBen babesa duten anexiorako politiken bidez, gerra krimenak eta gizadiaren kontrako krimenak gertatzen ari dira etengabe zuzenbide estaturik ez den ingurune batean. Apartheid erregimen bat ezarri du Israelek. Palestinako gizartea eta palestinarren bizitzak indar okupatzaileen menpe daude, bazterketa eta menperatze arrazistan oinarritutako sistema batean.

Bestetik, ikerketa atzeratzeak ugaritu egin ditu NZAren kontrako kritikak. Auzitegiak kritika ugari jaso ditu aurretik ere, Afrikako gatazken gaineko ikuspegi zabala erakutsi duen era berean, huts egin duelako gerra krimenak ikertzeko garaian; ez soilik Palestinan, baita Iraken, Afganistanen eta beste edonon ere.

Zer gertatuko da ganberak Palestinako lurretako gertakariak ikertzeko eskumenik ez duela erabakiz gero?

Harrigarria litzateke. Palestinako Estatua Erromako Estatutuko estatu kidea da. Gainera, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiaren, Segurtasun Kontseiluaren bidez eta NZAren erabakien ondorioz finkatu den nazioarteko komunitatearen jarreraren arabera, Palestina lurralde okupatua da, palestinarrek autodeterminazio eskubidea dute beren lurraldean, eta Israelek ez du eremu horren gaineko subiranotasunik. Sinestezina litzateke Epaiketa Aurreko Ganberak eta, beraz, NZAk iradokitzea ez duela jurisdikziorik gerra krimenak eta gizadiaren kontrakoak ikertzeko bere estatu kide baten lurraldean.

Edozein moduz, halako erabaki bati helegitea jartzeko aukera legoke. Pentsatzekoa da, era berean, fiskalak bere iritziz arrazoizkoa den ikerketa bat hasteko eskumenari eutsiko diola, ganberaren erantzuna edozein dela ere.

Hainbat estatu kideren eta erakunderen iritziak bildu ditu ganberak. Zenbaitek diote NZAk ez duela Palestinan gerra krimenak ikertzeko jurisdikziorik. Zer arrazoi aurkeztu dituzte?

Labur esanda, argudioak politikoak dira legezkoak baino gehiago. Horien helburu nagusia da Israelekin eta Palestinarekin lotutako edozein prozesu legal zilegi ez dela sinetsaraztea. Adierazi dute gatazkaren konponbideak albo batera utzi behar dituela nazioarteko zuzenbidea eta palestinarren giza eskubideak. Proposatzen dutena da gatazka negoziazioen bidez konpondu daitekeela soilik, baina negoziazioak ezin dira eraginkorrak izan giza eskubideak errespetatzen ez badituzte.

Luze joko liguke argudio guztiak aztertzeak. Sinple esanda, NZAk ikerketa bat abiatzearen kontra egin dutenek gerra krimenen zigorgabetasuna bermatu nahi dute, iraganeko krimenena eta orain gertatzen ari direnena.

Al-Haqek eta Palestinako beste elkarte batzuek kontrako jarrera babestu duzue.

Konbentzituta gaude fiskalak aurkeztu duen arrazoiketaren sendotasunaz. Nabarmendu duenez, NZAk automatikoki eskuratzen du lurralde jakin batean jurisdikzioa ezartzeko agintea, estatu hori Erromako Estatutuaren parte bihurtzen denean .

Martxoan aurkeztu genuen txostenean, Segurtasun Kontseiluaren 2016ko 2334 ebazpena ekarri genuen gogora. Dokumentu horrek estatu guztiei eskatzen die beraien hitzarmenetan Israeleko Estatuaren lurraldea eta 1967tik okupatuta dituenak bereizteko, bi estatuen konponbidea bideragarri egite aldera. Horrek argi uzten du nazioarteko komunitatearentzat Israelen eta Palestinaren lurraldeak argiki bereizita daudela 1967an okupatutako lurraldeetan oinarrituta.

Eragile batzuk NZAri ohartarazi diote ezen, Osloko Akordioen arabera, Palestinako Agintaritzak ezin diela jurisdikzioa ezarri herritar israeldarrei. Argudiatu dutenez, horrek eragotzi egiten dio Palestinari israeldarrak ikertzeko boterea NZAren esku uztea.

Fiskalak ganberari argitu zion Osloko Akordioen edukiak ez diola Palestinari auzitegiaren jurisdikzioa onartzea eragozten. Osloko Akordioen helburuetako bat Palestinako herriaren autodeterminazio eskubidea gauzatzea zen, baina porrot egin du horretan, eta gehiago ulertu behar da Palestinaren anexioa eta apartheida erraztu duen ezkutu legal gisa.

Barne akordio baten bidez herritar israeldarrak Palestinako Agintaritzaren jurisdikziotik salbuetsi izana ezin da oinarritzat hartu irizpide hori bera gerra krimenetara eta gizadiaren kontrako krimenetara hedatzeko, hori nazioarteko legediaren kontrakoa litzatekeelako.

Zer parte hartze izan dute biktimek orain arte NZAko prozesuan?

Ahalegin esanguratsuak egin dira biktimak mobilizatzeko eta horiek legezko ordezkariekin harremanetan jartzeko. Bilerak egin dira, eta koordinazio ona izan da biktimen eta ordezkarien artean, baina horrek guztiak kostu handia du, eta NZAk ez du bere gain hartzen. Orain arte, milaka biktima izan dira ordezkatuak. Espero dugu aurrerago auzitegiak babes handiagoa ematea biktimen parte hartzeri.

Ordezkariek biktimen ikuspegia eta kezkak aurkeztu dituzte auzitegian. Zisjordaniako —Jerusalem ekialdekoak barne— eta Gazako biktimen ahotsez gain, nazioarteko abokatu palestinar ezagunen ekarpenak jaso dituzte. Prozesuaren gainerako ataletan ere biktimak ordezkatuta egongo dira.

Ez dirudi fiskalak ikerketa baterako oinarri nahikoa ikusi izanak Israel kikildu duenik. Tel Avivek Palestinaren okupazioa indartzeko pausoak eman ditu —Zisjordaniako zati baten anexiorako plana aurkeztu du—, eta kolonia gehiago eraikitzen ari da.

Ez da harritzekoa, kontuan izanik oraindik ez dela ikerketa bat ireki. Argi dago ikerketa formal bat hastea gakoa dela, baina ikerketa bat izan ala ez, ezinbestekoa da estatuek nazioarteko zuzenbidea indartzeko pausoak ematea, NZAren parte direnek barne.

AEBek Israel babestu dute orain arteko anexio politiketan. Etxe Zuriak urtarrilean aurkeztu zuen bake plana horren adibide. NZAko fiskalaren iazko erabakiaren harira, zigorrak ezarri dizkie auzitegiko hainbat kideri. Joe Bidenen gobernuarekin ezer aldatuko dela uste duzu?

Ez dut uste hori pentsatzeko motiborik dagoenik, auzi honi dagokionez. Palestinarekiko AEBek agertu duten jarrera nazioarteko legedia ezartzearen kontrakoa izan da beti. Israeli eskaini dioten babesa etengabea izan da gobernu aldaketen gainetik, haren jokabidea legez kontrakoa eta kriminala izan den arren Palestinaren lurralde okupatuetan.

Zer jarrera du Europako Batasunak Palestinako egoerari buruzko auzian?

Europako Batasunak eta estatu kide gehienek nazioarteko legediaren aplikazioa babesten jarraitzen dute, baita palestinarren autodeterminazio eskubidea ere, eta anexioaren kontra agertu dira. Horrez gain, EB kritiko agertu da AEBek NZAri egin dizkioten erasoen inguruam. Halere, zenbait estatu kide [Alemania, Austria, Txekiar Errepublika eta Hungaria] ikertzearen kontra daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.