Martin Ugalderen mendeurrena

Anjel Lertxundi: «Martin Ugalde, historiaren biktima izanagatik, historiaren egile»

Idazleak 'Martin Ugalde: Exilioak eta hizkuntzak, ahulenak gogoan' hitzaldia egin du Donostian, Literaktum jaialdiaren barruan. «Kontuan hartu behar dugu Ugaldek egin zuen sakrifizioa eta egin zigun oparia».

2021eko azaroaren 8a
12:10
Entzun

Hiru egun baizik ez dira falta Martin Ugalde jaio zela 100 urte betetzeko. 1921eko azaroaren 11n jaio zen kazetari eta idazlea, Andoainen (Gipuzkoa). Jaiotzaren mendeurrena izaki, eta, hura oroitzeko, urte osorako programa dago martxan udaberriaren hondarretik, kazetariaren familiarekin eta hainbat erakunde eta eragilerekin elkarlanean: tartean dira Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Andoaingo Udala, Hondarribiko Udala, Jakin, Euskal Idazleen Elkartea, Elkar, BERRIA eta Martin Ugalde kultur parkea.

Ugalde omentzea da helburua. Hala, hitzaldi ziklo batek bidea hasi zuen orain lau aste, eta gaur egingo dute azkena. Anjel Lertxundi idazleak Martin Ugalde: Exilioak eta hizkuntzak, ahulenak gogoan izenburu duen hitzaldia eman du, Donostia Kulturako Liburutegi Nagusian, Literaktum jaialdiarekin elkarlanean.

Oihana Iguaranek aurkeztu du hitzaldia. Ugalderen biografia idatzi zuen Lertxundik, Martin Ugalde: Leialtasun baten historia, eta lan hura gogoratzen hasi da. «Hizkuntza bat edozein etxea da, hizkuntza habitatu egiten dugu». Martin Ugaldek etxe hizkuntza batetik beste batera egin behar izan zuen salto, beste euskaldun askok bezala, Lertxundik adierazi duenez. «Elebitasun derrigortua zen». Etxearen metaforaren bidez kontatu du Lertxundik Ugalderen haurtzaroa, gerra garaiko esperientzia, erbestea...

Venezuelara joan behar izan zuenean, hango gazteleran hartu zuen aterpe, Lertxundiren arabera, eta hango jende xeheaz idatzi zituen ipuinak. Nabarmendu du erbesteraturiko idazle erdaldunek ez zutela ahaleginik egin Amerikako hizkeretara hurbiltzeko, Ugaldek ez bezala.

«Martin Ugalde oso zen temosoa bere printzipioen defentsan», adierazi du. Gazteleraz idazle gisa trebatu arren, ez zion bizkarra erakutsi euskarari. «Kontuan hartu behar dugu Ugaldek egin zuen sakrifizioa eta egin zigun oparia».

Ugalderen Hiltzaileak ipuin bilduma nabarmendu du horretan Lertxundik.

Eta itzulera da Ugalderen beste gai handia, Lertxundik azaldu duenez. Euskal Herrira itzultzeko prozesua kontatu du, eta nola kanporatu zuten agintari frankistek Hegoaldetik. «Ez zen erbesteratua sentitu bere herrian, baizik eta frankistek errepresaliatua». Kontatu du orduan erabaki zuela gaztelera Euskal Herriari buruzko dibulgazioa egiteko erabiliko zuela, eta, literaturarako, euskara.

Orduan, Lizardiren amets betegabea osatzeri ekin zion: euskarazko egunkari bat sortzea. Gogoratu du Lertxundik Ugaldek sekulakoak eta bi pasa zituela gero Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean. Ugalderen ibilbidea honela laburbildu du Lertxundik: «Historiaren biktima izanagatik, historiaren egile».

Kazetaria, politikaria, idazlea; Ugaldek ibilbide sendoa egin zuen guztietan, eta, erbestean urte asko egin zituen arren, Euskal Herriarekiko sentitzen zuen «ardurak» zedarritutako bizialdia izan zen harena, euskararen aldeko konpromiso irmoan zuztartuta. Badu zertaz hitz egin, beraz, Lertxundik. Ugalderen ibilbidearen errepaso luzea argitaratu zuen BERRIAk, atzo, igandeko edizioan, bost ataletan.

Aurretik, lau

Mendeurrena oroitzeko lehenengo hitzaldia, urriaren 14an, Nerea Azurmendik eman zuen: Martin Ugalde, historia egin zuen kazetaria. Ororen gainetik nabarmendu nahi izan zuen zer ikertua franko dagoela Ugalde eta haren belaunaldiko beste hainbat profesionalek zer ekarpen egin zuten aztertzeko, nolako kazetariak izan ziren jakiteko. Ugalderen inguruan eginda dauden lanak «josiz», ordea, «hurbilketa» bat egin zuen, «zientifikoa», baina zentzuz betea: «Une eta arlo ugaritan egin zuen historia, baita kazetaritzan ere».

Hitzaldi sortak duela hiru aste izan zuen segida: Iñaki Uriak lekukoa hartu zion Azurmendiri, eta Martin Ugalde eta Egunkaria hitzaldia eman zuen. Ugalde Euskaldunon Egunkaria-n lankide eta lagun izan zuen Uriak, eta aipatu zuen hura zela «gerra aurreko belaunaldiarekin lotzen gintuen soka». Nagusiki, Egunkaria sortzeko egitasmora batzean Ugaldek egindako hautuaz eta proiektua abiarazteko zailtasunez aritu zen kazetari eta idazlea.

Urriaren 28an Laura Mintegik eman zuen hitzaldia: Martin Ugalderen garaia PENen begiradatik. Ugariak dira PEN International erakundearen eta Ugalderen ibilbideen arteko loturak, eta horiek aztertzeko ariketa egin zuen Mintegik, Euskal PEN elkarteko lehendakariak. Ugalderen biografiako hainbat une eta garai berean adierazpen askatasunari lotuta nazioartean gertatzen ari zena tartekatuz joan zen hitzaldian.

Azkenik, joan den ostegunean, Ugaldek politikarekin eduki zuen harremanaz aritu zen Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia, Martin Ugalde eta politika hitzaldian. Hark ikuspegi hurbilago batetik landu nahi izan zuen Ugaldek politikarekin izan zuen harremana, eta haren bizitzako pasarte ugari izan zituen hizpide.

Erakusketa, Andoainen

Hitzaldi sortak gaur izango du, beraz, azkena. Hala eta guztiz ere, mendeurrenaren harira martxan jarritako beste zenbait egitasmo martxan dira oraindik ere. Esaterako, erakusketa ikusgai da. Udaberritik kazetariaren inguruko atzera begirakoa egon da ikusgai Hondarribian (Gipuzkoa) eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Andoainen da gaur egun, Bastero kulturgunean, eta abenduaren 4ra arte bisitatzen ahalko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.