Martin Ugalderen mendeurrena

Martin Ugalderen 'Itzulera baten historia' nobelaren irakurketa jarraitua, haren jaiotzaren mendeurrenean

Ehun urte dira gaur Martin Ugalde idazle eta kazetaria jaio zela.

2021eko azaroaren 10a
16:59
Entzun

Gaur ehun urte Martin Ugalde Orradre jaio zela, Andoainen (Gipuzkoa). Kazetaria, idazlea, politikaria, euskaltzalea eta dibulgatzailea omentzeko hainbat ekitaldi egiten ari dira. Jakin fundazioak Ugalderen lan guztiak digitalizatuta sarean ondu duen tresna aurkeztu du, 10:30ean, Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen.

Ondoren, Itzulera baten historia eleberriaren irakurketa jarraitua hasi da, leku berean. Nobela horretan kontatu zuen Ugaldek 1936ko gerrak eta frankismoak eragindako erbestetikEuskal Herrira itzuli zirenek bizi izandakoa, neska baten ahotsaren bidez. Izan ere, Ugalde bera eta haren familia Venezuelan erbesteraturik egon ziren urte luzez.

Mendeurrena ospatzeko, ekitaldiak antolatzen elkarlanean arituriko erakundeetako ordezkariak, euskalgintzakoak eta Andoaingo herritarrak ari dira irakurtzen, etenik gabe. Herriko bi lekutan pantailak jarriko dituzte, irakurraldia zuzenean jarraitu ahal izateko: bat udaletxeko atarian, eta beste bat Bastero kulturguneko kafetegi ondoko plazan. Edonola ere, Internet bidez ere ikusi eta entzun ahal da, BERRIAren webgunean.

Azken ekitaldia arratsaldean egingo da, 19:00etan, Basteron. Martin Ugalde ipuin lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Sariak ere urteurren biribila du, aurten 25.a egingo baitute. 10-17 urteko gazteentzako lehiaketa da. Aurten 127 lan aurkeztu dituzte, «oso maila altukoak», udal ordezkarien arabera. Parte hartzaileek Ugalderen testu batetik abiatu behar zuten euren ipuina, edo aurretik lehiaketa irabazitako beste ipuin batetik.

Idazlearen inguruko erakusketa dago ikusgai Bastero kulturgunean, joan den ostiraletik. Abenduaren 4ra arte bisitatu ahalko da. Idazlearen «bizitza eta lan oparoa» ezagutaraztea da erakusketaren helburua, antolatzaileen arabera. Lehendik ere ikusgai egon da Hondarribian, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean eta Bilboko EHUko egoitzan.

Horrez gain, hainbat hitzaldi egin dituzte azken asteotan idazlearen inguruan, eta BERRIAk tarte zabala eman zion joan den igandean. Horiek guztiak ikus daitezke Martin Ugalderen jaiotzaren urteurrenaren inguruko testu bilduma honetan.

Eta asteartean, idazlearen inguruko Martin Ugalde: bidea etxe, euskara aberri dokumentala estreinatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.