Bertsolaritza

Amets Arzallusek irabazi du Xilabako txapela, laugarrenez

Amets Arzallusek irabazi du Xilabako txapela, laugarrenez, Miren Artetxerekin buruz burukoa jokatu ondoren. Nork beretik emeanez, final bizia osatu dute sei bertsolariek. Zuzenean ere kontatu du BERRIAk.

Amets Arzallus, VI. Xilabako txapela jantzita. BOB EDME
Hodei Iruretagoiena.
2021eko azaroaren 13a
22:23
Entzun

Xilabako laugarren txapela jantzi du Amets Arzallus Antiak. Sekulako jarioa duela behin eta berriz erakutsi du txapeldunak; hizketan ari balitz bezala ekarri du bertsoa goitik behera, errima estuekin ari zela ere. Puntu erantzunetan, esaterako, argi erakutsi du hori. Kartzelakoan ere bertsoaldi biribila utzi du, eta Miren Artetxerekin egindako buruz burukoan biribildu du saioa. Artetxek ere ariketa guztietan utzi du beretik, argudiaketan nola umoretik, kolpe ederrak emanez.

Irakurri gehiago: horrela kontatu du BERRIAk finaleko saioa.

Buruz burukora bidean, lehen bi sailkatuez gain, Odei Barroso eta Maddalen Arzallus nabarmendu dira gehien, eta Maddi Ane Txoperenak eta Patxi Iriartek ere ale ederrak utzi dituzte han-hemenka. Guztien artean, final ederra osatu dute Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Jai-Alai pilotalekuan, 1.200 entzuleren aurrean. Amaieran, Andoni Iturriozek jantzi dio txapela Arzallusi, eta, besteak beste, Ziburun (Lapurdi) trenak harrapatuta hildako migranteak izan ditu gogoan azken agurrean: «Biriatuko mendira lore bat eta musu bi/ beste bat urte osoko bertsozale maite zuri/ muga madarikatu bat erantsi ziguten guri/ jendea han ibiltzen da itolarrian urduri/ zuriak ez baikara beltz, beltzak ez baitira zuri/ har dezadan makila hau ta mugak bihurtu zubi/ Bidasoak ez dezala beste malkorik isuri/ primaderan hiru lore baietz hazi Zibururi».

Zortziko handian hasi dute saio puntuagarria. Afganistango bi emazte gazteren ahotik aritu dira Maddalen Arzallus eta Txoperena. «Haiek ikusi nahi didate bakarrik nere begia/ ta nik etsaien aurrean eman nahiko nuke aurpegia», hasi da Arzallus, eta halaxe eman dio segida Txoperenak, talibanak aipatuz: «Ta manifara joan nahi nuke nahiz ta ez nagoen lasai/ hola bizitza arriskatzen dut, baina bertzela ere bai».

Irakurri gehiago: Bertsolariak eta zaleak elkartasunak loturik

Iriartek eta Artetxek, berriz, eskuin muturreko militante batzuk ikusi dituzte tindaketa faxista bat egiten. Lehen bertsoa eta azkena lotuz, ofizioaren haria ongi josi du Artetxek. Hala hasi da: «Liberté hitza idatzi dute haiei begira ginela/ ta nork erranen zigun aspaldi egun batean horrela/ askatasuna hitza faxista bilakatuko zutela». Lagunaren erantzuna: «Faxisten kontra borrokatuko gira, Miren, biak tinko/ askatasuna ez dugu soilik hitzekin irabaziko». Besterik ez baina, «karrikak geureak» direla kantatuz biribildu du saioa Artetxek: «Egin dezagun zerbait batera, etorri nirekin, Patxi/ liberté hori ezabatu ta askatasuna idatzi».

Ironia finez bete dute Maddalen eta Amets Arzallusek zortziko txikiko ariketa. Lagun batek utzitako etxean dira oporretan, eta haurrak pareta margotzen aurkitu ditu Ametsek; horiek filmatzen ari da Maddalen. Aurrekoen gaiari aipamen eginez ekin dio Maddalenek: «Hara Patxik idatzi du askatasuna/ Amets ez al da hori eskatzen duguna?». «Zeren esan ziguten etortzean hala/ lasai egon gintezen etxean bezala», jarraitu du gero. Ametsek, erantzuna: «Hain zuzen ere hori ari naiz esaten/ nik ez dut nahi etxean hau egin dezaten».

Irakurri gehiago: Artzaina nagusi, Gorka Azkarateren iritzia

Kartzelako lanean bertso ederrak utzi dituzte. Hauxe izan dute bakarkako gaia: «Orain arte, besteen begiradak arranguratu izan zaitu». Transexualitateaz aritzeko baliatu dute batzuek. «Baina berdin zait ni izango naiz orain mutil bat osoa/ eta norbaitek ez badu ulertzen ez da nere arazoa», kantatu du Maddalen Arzallusek. Barrosok, bide beretik, puntu motzak dotore lotuz: «Ta azken aldian burua eta gorputza orain bat gara/ lehen beldurti nenbilen nonbait/ baina gaur egun hori berdin zait/ maite dudalako hara/ nere barne begirada».

Migrazioen eta arrazismoaren ertzetik heldu dionik ere izan da. Halaxe egin dute Amets Arzallusek eta Artetxek, eta lan indartsuak utzi dituzte biek ala biek. Txapeldunaren bigarren bertsoa: «Elkartasun jende eta progresisten elkarte/ denek ustez badituzte bihotz ta borondate/ inertziak begirada mugitzen dien arte». Artetxek, berriz, «beltza nintzela ikusi nuen zuen denen begietan», kontatu du lehen bertsoan, eta hirugarrenean: «Ze arriskua homosexuala, puta, beltza, arabiarra/ aberatsena da arriskutsua den minoria bakarra».

Sabeletik eskuetara

Bizia izan da finala, baita buruz burukoa ere. Seiko motzean, jendea barrez jartzea lortu dute Artetxek eta Arzallusek, estralurtarren begiradatik, gizakien miseriak aletuz. Bakarkakoan, bertso indartsuak kantatu dituzte biek. Hona gaia: «Beste batzuen haurra zure sabelean eraman duzu. Oraintxe, haien eskuetan utziko duzu».

Bangladeshko neska baten bizia xehe deskribatu ondoren, horrela bukatu du Artetxek: «Haurra utzita berriz hartuko dut nire ohe epela/ sabela hutsik nekatuta ta horren triste nagoela/ nire buruari sinestaraziz nire hautua izan dela». Arzallusek, bigarrena: «Ukraniara haurra erostera datoz europar ta gringo/ baina ahalko baldin banu hau ez nuke inoiz egingo». Azkena, berriz: «Agur haur txiki luzea izan zazula bizi jolasa/ eta nik pasa behar izan dudan hontatik ez zaite pasa».

Sailkapena

Amets Arzallus Antia. 1.012 puntu.
Miren Artetxe Sarasola. 975 p.
Odei Barroso Gomila. 605 p.
Maddalen Arzallus Antia. 586,5 p.
Patxi Iriart Hiribarren. 562,5 p.
Maddi Ane Txoperena Iribarren. 561,5 p.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.