Koronabirusa

Gaueko aisialdian eta jatetxeetan COVID ziurtagiria eskatzeko baimena galdegingo dio Jaurlaritzak justiziari

150 kasu baino gehiagoko tasa duten udalerrientzako neurri osagarriak aurkeztu ditu Lakuak. Egoera horretan dauden herrietan bertan behera geratu edo atzeratu egingo dira ekitaldiak, udalek ikusten badute ez dagoela prebentzio neurriak bermatzerik.

Ostatu batean sartzeko COVID-19 ziurtagiria kontrolatzen, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz
2021eko azaroaren 16a
10:34
Entzun

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur eguerdian iragarri duenez, gaueko aisialdirako lekuetan eta jatetxeetan COVID ziurtagiria eskatzeko baimena galdegingo dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari. Betiere, neurri horrek 100.000 biztanleko 150 kasu baino gehiagoko tasa duten udalerriei eragingo lieke, gaur azaldu dituen beste batzuekin batera. «Ez goaz ondo, eta neurriak indartu behar ditugu, atzera ez egiteko», esan du pandemiari aurre egiteko neurri murriztaile berriak aurkezteko agerraldian.

Ikusi gehiago: udalerrien intzidentziaren mapa

Bihartik aurrera sartuko dira indarrean neurriok:

-150etik gorako intzidentzia duen herrietan, bertan behera utzi edo atzeratu egingo dira ekitaldiak eta jaiak, udalek adierazten badute ezingo dituztela prebentzio neurriak bermatu, bereziki jana eta edana tartean daudenetan, horretarako maskara kendu behar delako.

-Neurriak indartu beharko dira bestelakoetan, barruan zein kanpoan: leku gehiago jarri, bideak ireki jendearen zirkulazioa arintzeko, eta mugatu jatekoak eta edatekoak emateko guneak. Ahal dela ekitaldiak kanpoan egiteko eskatu du.

-Bakarrik ura kontsumitu ahalko da barruan egiten diren ekitaldietan, kontzertuetan esaterako. Parte hartzaileek trazabilitatea ezartzen laguntzeko betebeharra edukiko dute.

Astean bitan bidaliko dute buletin epidemiologikoa, udalen lana errazteko: astelehenean eta ostegunean.

30 udalerri, begiradapean

Intzidentzia tasa metatua 196,25ean dago EAEn. Baina egoera oso diferentea da probintzia bakoitzean: Gipuzkoan, azkeneko hamalau egunetan, 100.000 pertsonako 300 kasu baino gehiago metatu dituzte, eta beste bi probintzietan, hiru aldiz gutxiago: 120 Bizkaian, eta 100 Araban. Ikusi koronabirusaren Euskal Herriko datu guztiak albiste honetan. Nafarroan, 200 kasu dituzte 100.000 biztanleko.

Ospitaleetan, berriz, Jaurlaritzako sailburuak adierazi du oraindik ez daudela egoera aurreko olatuetan bezain egoera txarrean, «oraindik». Baina ohartarazi du datu hori berantiarra izaten dela; hau da, geroago igartzen dela. «Pandemia hazkunde abiadura handiagoan egiten ari da gora», adierazi du.

Oraintxe hauek dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 150etik gorako tasa duten 5.000 biztanle baino gehiagoko herriak —baina neurriek biztanle gutxiago dituztenei ere eragingo diete—:

Araba: Agurain.

Bizkaia: Bermeo, Durango, Elorrio, Ermua, Gernika-Lumo, Lekeitio, Trapagaran.

Gipuzkoa: Astigarraga, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Oñati, Ordizia, Orio, Tolosa, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zarautz, Zumarraga.

COVID-19aren hedapena etengabe zabalduz doa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bereziki azken astean azkartu da igoera hori. Jaurlaritzak urriaren 7an osasun larrialdia indargabetu zuenean, apala zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia metatua: 100.000 biztanleko 54 kasukoa zen Araban, 51 kasukoa Bizkaian, eta 69koa Gipuzkoan. Ordutik, goranzko bidea hartu du tasa horrek, nabarmen: orain 100 positibokoa da intzidentzia tasa Araban, 121koa Bizkaian, eta 309koa Gipuzkoan.

Ikusi gehiago: koronabirusaren azken datuak Euskal Herrian

Ospitaleetan ere sumatzen hasi dira transmisioaren gorakada, batez ere gela arruntetan. Osasun larrialdia indargabetu zenean, 40 pertsona zeuden gaitzarekin erietxeratuta, eta orain, aldiz, 114 daude. Ordea, 31 pertsona zeuden larri ZIUetan orduan, eta orain 30 daude, bat gutxiago.

Nafarroan, COVID ziurtagiria eskatzeko prest

Eusko Jaurlaritzak ez ezik, COVID ziurtagiria eskatzeko aukera hizpide izan du Nafarroako Gobernuak ere. Nafarrako Osasun Publikoko Institutuko zuzendari Marian Nuinek gaur izan du hizpide, intzidentziaren goraldiari aurre egiteko. Izurria harrotzen hasia dela eta egoerak «okerrera» egin duela ziurtatu du Nuinek: «Intzidentzia metatuak gora egin du, bai zazpi egunekoak, baita hamalau egunekoak ere, eta goranzko joera betean gaude oraindik». Kasuen hazkunde hori, gainera, hasia da ospitaleetan ere nabaritzen, «pixkanaka» bada ere: «Era progresiboan eta kutsatzeak baino askoz mantsoago, baina gora doaz ospitaleratzeak ere. Hurbiletik ari gara egoera hori zaintzen, ez baita ona».

COVID-19 pasaportea ezartzeko aukeraz harago, Nuinek azaldu du «eskura» dituzten aukera eta baliabide guztiak aztertuko dituztela, «kutsatzeen goraldiari eusteko». Norbanakoentzako prebentzio neurriei eta «oraindik txertatu ez direnak txertatzeko» estrategiari eusteko deia ere egin du Osasun Publikoko arduradunak. Maskararen erabilera eta espazio itxien aireztatzea aipatu ditu propio: «Izurriak azken asteotako joerari eusten badio, beste mota bateko neurriak aztertu beharko genituzke, egoera leheneratzeko».

Neurri horiek berandu helduko ote diren galdetuta, Nuinek esan du «une oro» ari direla egoera «monitorizatzen», eta horren arabera hartzen dituztela erabakiak: «Etenik gabe ari gara datuak aztertzen, gure artean hitz egiten eta neurriak planteatzen». Egungo hazkundea «onbideratzea» espero du Osasun Publikoko buruak, baina, halakorik gertatu ezean, esan du «beharrezkoak diren neurri guztiak» hartuko dituztela.

Haurren txertaketa, EMAren zain

12 urtetik beherakoen txertaketari dagokionez, Nuinek adierazi du EMA Sendagaien Europako Agentziak ez duela oraindik irizpide ofizialik agertu. «Posizioa ezartzen duenean, [12 urtetik beherakoei] txertoa jartzea onartzen badute, Espainiako Osasun Ministerioak aztertuko du auzia, eta Osasun Publikoko batzordera igorriko digu irizpen bat, hemen azter dezagun». Edonola ere, Nafarroak «horren alde» eginen duela aurreratu du: «EMAk ez du oraindik ezer onartu, baina, oniritzia emanen balu, eta txertatzeari esker talde immunitatea hobetuko balitz, ongi deritzot ildo horretan aurrera egiteari, transmisioa eteten saiatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.