Pentsioak

Pentsioen erreforma aurrera doa, EAJren aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin

Espainiako Kongresuko lan batzordearen onespenaren ondoren, osoko saioak eztabaidatuko du legegaia.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa. EMILIO NARANJO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 22a
11:46
Entzun

Gaur hasi da ikusten zer babes politiko duen pentsioen erreformak. Espainiako Kongresuko Lan Batzordeak ontzat hartu du gobernuak eta gizarte eragileek negoziatutako erreformaren lehen zatia, eta legegaia osoko bilkuraren esku geratu da. Aldeko botoa eman dute PSOEk, Unidas Podemosek, ERCk, EAJk eta Compromisek, eta aurkakoa PPk, Voxek, Ciudadanosek eta CUPek; EH bildu abstenitu egin da

Lege proiektuaren barruan daude ekainean erabakitakoak —batez besteko KPIaren arabera eguneratzea, gastu batzuk zergen kargu uztea, erretiro aurreratua zigortzea...—, baina baita joan den astean hitzartutakoa ere —kotizazioak hamar urte igotzea, pentsioen erreserba funtsa betetzeko—.

Halaber, diputatuek eztabaidan egindako aldaketa batzuk azalduko dira, hala nola alargun pentsioak ezkonduta ez dauden bikoteei ere ematea.

EH Bildu abstenitu egin den arren, hark eta ERC aliatuak negoziatutako zuzenketa batek aurrera egin du. Horren ondorioz, sei hilabeteko epean auditoria bat egin beharko dute Gizarte Segurantzak bere gain hartzen dituen gastuei buruz, eta ez dagozkion gastuak argitzeko.

Beste zuzenketa batek gobernua behartuko du urtebeteko epean gutxieneko pentsioen erreforma bat abiatzera, eta pentsio horiek SMI lanbide arteko gutxieneko soldatara lotzera.

ELAren presioa

EAJren eta EH Bilduren botoak erabakigarriak direla ikusita, haiei eta Elkarrekin Podemosekoei presio egiten ari da ELA, erreforma onar ez dezaten. Urriaren 24an kalera atera zen Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Ez gaitzazue Madrilen saldu leloarekin.

Sindikatu horrek uste du erreformaren azken helburua dela pentsioen zenbatekoa jaistea, eta bereziki kritikoa da saria kalkulatzeko kotizatu beharreko epea luzatzearekin. Neurri hori erreformaren bigarren zati baterako utzi du Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak. Azken erreforma batek hamabostetik 25 urtera handitu du pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko zenbat urteko kotizazioak hartzen diren kontuan —aurten 24 urte izango dira, eta 25 urte 2022an—. Epe hori 35 urtera handitzeko aukera aipatu izan du Escrivak, baina baita kotizazio urterik txarrenak kalkulu horretatik kentzeko aukera ere, lan bizitzaren amaieran lanpostua galdutakoei kaltea txikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.