Albistea entzun

Espainiako aurrekontuak

EH Bilduk aldeko botoa emango die Espainiako aurrekontuei

Azken asteetako «aurrerapenek» negoziazioa desblokeatu dutela azaldu du Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak. 2022a amaitu aurretik ETB3 Nafarroa osoan emititzea adostu du koalizioak Espainiako Gobernuarekin.

Mertxe Aizpurua eta Arnaldo Otegi, gaur goizean.
Mertxe Aizpurua eta Arnaldo Otegi, gaur goizean. Javier Etxezarreta / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2021eko azaroak 22

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak jakinarazi du EH Bilduk babesa emango diela Espainiako 2022ko aurrekontuei. Mahai Politikoak gaur goizean egin duen bileraren ostean, agerraldia egin dute Otegik berak eta Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko eledunak, eta bertan eman du erabakiaren berri Otegik. Negoziazioetan «azken aste hauetan aurrerapenak» izan direla adierazi du, eta, horrenbestez, baiezko botoa emango dutela «tokatzen den momentuan». Halaber, eskertu egin die ERCri eta Unidas Podemosi «negoziazio esparruan» egindako ahalegina.

«Euskal gehiengo sozialak babestutako eskakizunei» erantzungo dieten hiru konpromiso hitzartu dituztela nabarmendu du Aizpuruak: pandemiaren ondorioz martxan jarritako hainbat neurri sozial modu iraunkorrean ezartzea adostu dute, amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa onartu, eta ETB3 2022a amaitu baino lehen Nafarroa osoan emititzea hitzartu.

Lehenengoari dagokionez, «alternatibarik» ez duten herritarren etxegabetzeak etetea eta «egoera zaurgarrietan alokairu errentaren ordainketa aldi baterako atzeratzea» jaso dute akordioan, Aizpuruak azpimarratu duenez. Neurri horiek «iraunkorrak» izateko mekanismoak ezartzeko asmoa dagoela azaldu du, eta, hala egin bitartean, «Espainiako Gobernuak aldi baterako irtenbide bat» emango duela. «Garrantzi handiko lorpen soziala» dela nabarmendu du Aizpuruak.

Bestalde, iragan astean jakin zen amiantoaren biktimentzako 25 milioi euroko funtsa sortzea onartu duela Madrilek, EH Bilduk egindako zuzenketa baten ondotik. Funts hori sortzeko legearen tramitazioa «desblokeatzea» hitzartu dutela adierazi du Aizpuruak, eta, hala, funts hori «aste batzuk barru» erabilgarri egongo dela.

Azkenik, ETB3 telebista katea Nafarroa osora zabalduko da hurrengo urtea amaitu baino lehen, Aizpuruak jakinarazi duenez: «Emisio hori ahalbidetuko duten beharrezko irtenbide teknikoak bilatzea eta aplikatzea adostu dugu bi aldeek». Horri esker, Nafarroako haurrek aukera izango dute «euskarazko edukiekin hazi, gozatu eta ikasteko», haren esanetan.

Hegoaldeko lau lurraldeetan hainbat inbertsio egitea ere hitzartu du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin. Pasai Antxoko (Gipuzkoa) Luzuriaga fabrika leheneratu eta bertan kultur proiektu bat egiteko erabiliko da funts horren zatirik handiena: sei milioi euro. Agurain (Araba) eta Irurtzun (Nafarroa) elkartuko dituen bide berdea finantzatzea ere jasota dago. Milioi bat jarriko dute horretarako. Azpiegiturez gainera, «euskarazko hedabideen ikus-entzunezko eduki eta baliabideak digitalizatzeko proiektu berritzailean» 500.000 euro inbertitzea ere aipatzen da zerrendan.

Larunbatean, 40.000tik gora

Otegik, gainera, azaldu du zer balorazio egin duen Mahai Politikoak larunbatean EH Bilduk Bilbon egindako manifestazioaren inguruan. Jakinarazi du 40.000 lagun baino gehiago bildu zirela mobilizazioan, herritarrek «oso ongi» erantzun ziotela egindako deialdiari, eta eskerrak eman dizkie.

Larunbateko mobilizazioa «indar erakustaldia» izan da, Otegiren ustez, «indar herritar baten erakustaldia». Ezkerreko independentismoa instituzionalki «oso indartsua» dela ezin da ukatu, haren esanetan, eta, hortik harago ere, larunbatekoak erakutsi zuen oso indartsu dagoela «herri mobilizazioan, masa mobilizazioan». Mobilizazioaren osteko ekitaldian esandakoa berretsi du; hots, «bloke historiko bat» sortu beharra, sigletatik harago. «Herri honek dituen erronkak ikusita, lidergo berri bat behar du», adierazi du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal Hiriguneko biltzarra, joan den abenduan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskal Elkargoa gainditu beharra

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoak bost urte beteko ditu igande honetan. Ipar Euskal Herriak izan duen lehen instituzio propioa eraikitze fasetik politika publikoak ontzera iragan zen 2020ko hauteskundeen ondotik, baina, anitzen ustez, bere mugak erakutsi ditu jadaneko.
Izadi haurraren alde joan den azaroan Burlatan egindako jaialdi bat. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Amarik gabeko urtebetetze eguna

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba Izadik bihar beteko ditu 3 urte. Kartzelatik atera beharko du orduan, Espainiako espetxe legediak hala aginduta, eta amarengandik bereizi. Gutierrez atzo atera zen espetxetik, hirugarren graduan.
Aurreneko lerroan, ezkerretik, Gorka Urrutia, Beatriz Artolazabal eta Jose Ramon Intxaurbe, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Espainiako segurtasun indarren lana balioesteko eskatu diote Jaurlaritzari

Gotzon Hermosilla

Txosten bat egin dute ETAk Guardia Zibilean eta Espainiako Polizian eragindako sufrimenduaz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.