Hizkuntza eskubideak jomugan

Remirez: «ETB3 Nafarroa osoan ikusten da, eremu euskaldunean izan ezik»

Javier Remirezek esan du albiste ona dela Madrilen «nafarrentzat onak diren neurriak lortzen dituzten talde politikoak egotea».

Javier Remirez, Nafarroako Gobernuko bozeramailea. JESUS DIGES, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 24a
12:52
Entzun

EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak ETB3ren seinalea Nafarroa osora zabaltzeko akordioa baloratzerakoan, gaur goizean Javier Remirez gobernuko bozeramaileak kontraesana izan du PSNk azken urteetan babestu duen hizkuntza politikaren inguruan. Azaldu du «erabat logikoa» dela euskarazko haurrentzako telebista katea Nafarroa osoan ikusi ahal izatea, baina, hori argudiatzerakoan, agerian utzi du zentzugabekeria handia izan dela orain arteko egoera. Hitzez hitz, hala esan du: «ETB3 foru erkidego osoan ikusten da, eremu euskaldunean izan ezik: Sakanan, Beran eta Elizondon. Ikusten da Tuteran, Ribaforadan, Lizarran edo Tafallan. [EH Bilduren] Proposamena erabat logikoa da».

Gobernu bileraren osteko agerraldian mintzatu da Remirez aste honetan EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostu duten akordioaren inguruan. Esan du azken egunetan entzun dituen zenbait adierazpen gezurrak direla: «'Haurren garunetan reset egin' bezalako hitzak entzun ditugu, Ayuso [Madrilgo presidentea] anderearen hitzak entzun ditugu, zeina azkenaldian gehiago kezkatzen den Nafarroaz bere erkidegoaz baino, eta gezurrak diren astakeria handiak ere entzun ditugu». Eta ironiaz, edo akordioa zuritu nahian, gaineratu du Nafarroan ETB1 Miguel Sanz presidente ohiari esker ikusten dela: «Nafarren garunetan reset egiten lagundu duen norbait badago, hori Miguel Sanz da». Azaldu du Nafarroako lau kate autonomikoak Sanzen garaian sinatu zen hitzarmenari esker daudela.

Gai hori Espainiako aurrekontuen negoziazioetan adostu izanari buruz galdetuta, Remirezek esan du albiste ona dela «nafarrentzat onak diren neurriak lortzen dituzten talde politikoak egotea», eta ez dela Madrilgo akordio politikoen beldur izan behar. Nafarroako gizartearentzat UPN jada ez dela baliagarria ere esan du, eta Sergio Sayas UPNko diputatuaz esan du Nafarroarentzat mesedegarriak diren gauzak lortzeaz kezkatuago balego haren lana baliagarriagoa izango litzatekeela. «Agian arazoa da, erradikalizazio estrategia bat hartuta, alderdi politiko batzuek euren burua [negoziaziotik] kanpo utzi dutela».

Aurreratu du lanean ari direla jada ETB3 eremu euskaldunean ere ikusi ahal izan dadin, nahiz eta, haren hitzetan, «telebistako profesionalek eurek esanda, haurrek gehiago ikusten dutela telebista gailuetan edo aplikazioetan, ohiko moduan baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.