Albistea entzun

Aurrekontuak

Navarra Sumaren osoko zuzenketa atzera bota dute gainerako taldeek

2022ko aurrekontuek aurrera egiteko oztopo nagusia gainditu dute. EH Bilduren babesa bilatzeagatik «gobernu ahula» izatea kritikatu du Navarra Sumak, eta, PSNk erantzun dioenez, «iragana ez da itzuliko»

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Navarra Sumaren harmailetara zuzenduz.
Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Navarra Sumaren harmailetara zuzenduz. Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko azaroak 25 12:42

Hamarkada batez, UPNk eta Navarra Sumak hamar ezezko jaso dituzte. Barcinaren agintaldiko azken hiru urteetan ez zituzten aurrekontuak aurrera atera eta ondorengo legealdietan, Barkosen zein Txibiteren gobernuek aurkeztutako aurrekontuei jarritako osoko zuzenketek ere ezezko irmoa jaso dute.

Bereari eutsiz, Navarra Sumak 2022ko aurrekontuei ere osoko zuzenketa aurkeztu die, eta espero bezala euren kontrako botoekin erantzun diete PSNko, Geroa Baiko, EH Bilduko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako 30 parlamentariek. Modu horretan, lege proiektuak tramitazioan aurrera egiteko lehen oztopo nagusia gainditu du, eta helmuga abenduaren 23an jarria du, orduan bozkatu eta onartuko baita.

Hurrengo urratsa bihar ostiralean egingo da, orduan amaituko baita zatikako zuzenketak aurkezteko epea. Bost taldeek hitzartua dute ezohiko gastuei aurre egiteko kontingentzia planetik 14 milioi euro horiek finantzatzeko erabiltzea, eta bakoitzaren ordezkaritzaren araberako zuzenketak elkar babesteko akordioa lotua dute. Haatik, uneotan, taldeekin elkarrekin aurkeztuko dituzten zuzenketak negoziatzen ari dira.

5.273 milioiko aurrekontua

Eztabaidaren hasieran, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu du «aurrekontu onak eta erabilgarriak» direla, «inoizko handienak», eta lehentasun artean gizarte arloko inbertsioa dagoela: ehun eurotik 54 bideratuko dira Osasun, Hezkuntza eta Gizarte Eskubideen departamenduetara. Azpimarratu du Europako funtsetatik gutxienez 166 milioi euro jasoko direla. «Eta guzti honi ezezkoa esan nahi dio oposizioko talde nagusiak. Ez duzue nahikoa Nafarroa beltz bat marraztearekin, inoiz baino beharrezkoagoak diren aurrekontuok eraitsi nahi dituzuela», gaineratu du.

Navarra Sumaren argudioen jakitun, Saizek aurreratu du «zuhurtziaz eta zorrotz» jokatu dutela, ekonomiaren gaineko zalantzak kontuan hartuz. Bere hitzetan, urteko lehen hiruhilekoko bilakaera ekonomikoak eta azken hiruhileko datu batzuk adierazten dute hazkunde ekonomikoak «%6,5etik gertu» amaituko duela aurten, eta hurrengo urteko aurreikuspena hainbat erakunde ekonomikok egindakoaren azpitik dagoela. Saizek aurreratu du datuek kontrakoa adieratziko balute aurreikuspena berrikusi egingo luketela baina oraingoz ez dagoela halakorik. Nafarroaren irudi desitxuratua marraztea egotzi dio eskuineko koalizioari. «Nafarroa maite duzuela diozue, baina egiazki ez da horrela».

Ika mika

Navarra Sumako Maria Jose Valdemororen arabera, «hauek ez dira Nafarroak behar dituen aurrekontuak», eta aurtengo hazkunde ekonomikoa gobernuak egindakoaren «nabarmen azpitik» geratuko dela uste du, %5 inguruan. Valdemorosek kritikatu du aurrekontuek ez dutela ikuspegi estrategikorik, euskarako diru sailak nabarmen handitzen dituela PAI programaren kaltetan, gakoa ez dela handiak izatea baizik eta euro bakoitza ondo kudeatzea, eta bost alderdiren babesa behar izateak «euren nahien gatibu» egiten duela gobernua. Alta, batik bat EH Bilduren babesa bilatzea aurpegiratu dio gobernuari eta aurreko legealdian esandakoaren kontra diharduela gaineratu du: «Ahulak zarete, setiatuta zaudete, uste duzue dena kontrolatzen duzuela baina boterean egotearen truke dena saltzen duzue, baita arima ere».

PSNko Ramon Alzorrizek erantzun dio «lasai» daudela. «Aurrekontuak aurrera aterako ditugu. Behin eta berriz eskatuagatik, iragana ez da itzuliko. Behin eta berriz ari zarete PSNren zati bat defendatuz, baina zuek gobernutik bota zenituzten, gobernutik bota gintuzuen guztiok. Ez ahaztu hori inoiz». Alzorrizek aipatu du osoko zuzenketan erabiliko argudioak Kongresuan PPk eta Vox-ek erabiltzen dituzten berberak direla.

Geroa Baiko Uxue Barkosek gogorarazi dio zazpi urtez jarraian aurrekontuan izango dituela, UPNren azken legealdiko hiru urteetan ez bezala. Ustezko ikuspegi estrategiko falta irmo ukatu du, eta euskara gizartearen konfrontatzioa bilatzeko erabiltzea gaitzetsi du: «Ez erabili zifrak testuingururik at, ez erabili euskara zatitzeko». Familiei iruzur egitea ere aurpegiratu dio. Izan ere Barkosen hitzetan, eskuineko koalizioak zergen jaitsiera eta gastu igoera proposatzen ditu finantzaketa iturri alternatiborik proposatu gabe eta ondorioz, zorra igoko litzatekeenez, «sendiei hori etorkizuneko belaunaldiek ordaindu beharko luketela esan gabe».

«Vox bezala»

EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, «aspergarria eta etsigarria» da Navarra Sumaren diskurtsoa, eta iazko bere hitzaldiaren hasiera errepikatu du hitzez hitz, haiek toki berean daudela adierazteko. Ruizen arabera, eskuineko koalizioak oposizio gordinaren eredua aukeratu du ez delako gai akordioetara heltzeko. «Zuen posizioa jantzi behar duzue, mundua zuen kontra eta zuek munduaren kontra». Ruizen arabera, gainerako alderdiek bat egiten duten puntuetako bat da ez dituztela nahi eskuineko koalizioaren politikak. Hala, bere ustez, Navarra Suma «bere gezurrak sinestera» iritsi da eta horrek posizio irrigarrietara eraman du, aste hasieran Sergio Sayasek Kongresuan esandakoari erreferentzia eginez. «Sare sozialetan egin den bezala, txisteak egingo nituzke gai serioa eta kezkagarria ez balitz. Vox bezala hitz egiten duzue eta haiek bezala ari zarete».

Ahal Dugu-ko Mikel Builen arabera, hauek ez dira bost alderdiek bakarka hautatuko lituzkeen aurrekontuak baina bai bosten artean adostutakoak. Koherentzia falta egotzi dio ere, Navarra Sumak Europako funts nahikorik ez dagoela kritikatzearekin batera Bruselan PP taldeak oztopoak jarri dituelako horretan. Builek arrapostu du ere bai, zementuan inbertitzen dela, baina ez azpiegitura handiak egiteko «eskolak, osasun etxeak eta zahar etxeak eraikitzeko baizik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Oier Oaren alde ©Guillaume Fauveau

Oier Oari ez diote lurralde debekua kenduko, eta familiatik banatua segitu beharko du

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur eman du erabakia Parisko Zigor Auzitegiak. Otsailean epaituko dute, Baionan, lurralde debekua urratzea leporatuta.

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.