Aurrekontuak

PSNk Iruñeko aurrekontu proiektuaren aurka egingo du

Maite Esporrinek esan du Maia alkatea ez dela «konfiantzazkoa». Gaitzetsi du aurtengo aurrekontuak «irrealak eta kontinuistak» direla, eta, iazkoak bezala, ezingo direla bete.

Maite Esporrin, iazko otsailean eginiko agerraldi batean. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2021eko abenduaren 15a
11:55
Entzun

Iruñeko udal gobernuari zaildu egin zaio datorren urterako aurrekontu proiektua aurrera ateratzea. Izan ere, PSNko udal taldeak agerraldi bat egin du gaur, iragartzeko kontrako botoa emango diola aurrekontu proiektuari. 253 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen Navarra Sumak osatutako udal gobernuak.

Maite Esporrin bozeramailea udal talde osoak lagunduta irten da prentsaren aurrera, eta azaldu du PSNren Iruñeko asanbleari proposatuko diola kontrako botoa ematea. Astelehen arratsaldean da batzar hori biltzekoa. Esporrinek esan du Enrique Maia alkateak «bere hitza hautsi» duela eta ez dela «konfiantzazkoa»: «Kezkatzen gaitu, ez talde sozialista engainatu izanak, Iruñeko herritar guztiak engainatu izanak baizik».

Izan ere, gaitzetsi du aurrekontuak «irrealak eta kontinuistak» direla, eta, iazko aurrekontuak bezala, ezingo direla bete: «Lortuko ez dituela badakien diru sarrera batzuetan oinarritzen dira aurrekontuak». 2019ko maiatzeko hauteskundeen ondoren, PSN giltzarri izan zen Enrique Maiak alkatetza lor zezan, eta, iaz, bi taldeek lortu zuten aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa. Aurtengo aurrekontuek, ordea, ezer berririk ez dakartela adierazi du Esporrinek, «ezta ilusioa pizten duen proiekturik ere».

Legezko zirrikitua

Bete ez diren zuzenketak zehaztu ditu bozeramaileak, haren iritziz «oso garrantzitsuak» direnak: etxebizitza sozialarena, Sarasate pasealekuarena, Labriteko pasabidearena, Labriteko bidegorriarena eta abar. PSNren arabera, zuzenketa horiek guztiak onartu zituen iaz Maiak, baina ez ditu bete: «Udatik, gainera, ez dugu aurrekontuen ebaluazioa egiteko bilera bat bera ere egin; Maiak ez digu dei egin», gehitu du.

Abenduaren 30ean bozkatuko dituzte aurrekontuak, eta zer gerta daitekeen aurreikusi du Esporrinek: «Alkateak zinegotziren baten falta baliatzen badu aurrekontuak onartzeko, etika demokratiko gutxi erakutsiko du». Kontua da zinegotzi izateari utzi diola EH Bilduko Joxe Abaurreak, 2019ko sanferminetako txupinazoan izandako istiluengatik sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diotelako: «[Aurrekontuak onartzea] Legezkoa izango da, ez dugu hori eztabaidatuko, baina ez dator bat udal honek duen errealitate instituzionalarekin», amaitu du PSNren bozeramaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.